euskaraespañol

Redes sociales campusa

Euskal foru kultura ulertuz

‘Escudo de la más constante fe y lealtad' liburuaren edizioak Jon Arrietak eginiko atariko azterlan zabal bat biltzen du

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2016/01/28

Eusko Legebiltzarreko Tomás Moro aretoan aurkeztu ziren Pedro de Fontecha y Salazarri egozten zaion ‘Escudo de la más constante fe y lealtad' liburuaren edizioa eta Jon Arrietak horren inguruan eginiko atariko azterlana. Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Argitalpen Zerbitzuak kaleratu du lana, Euskal Herriko Pentsamendu Politiko eta Sozialaren Klasikoen bildumaren barruan.

Eusko Legebiltzarrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak, indarrean duten harreman esparruaren barruan, elkarlanean dihardute Euskal Herriko Pentsamendu Politiko eta Sozialaren Klasikoen bilduma editatzen, Javier Fernández Sebastián katedradunaren zuzendaritzapean.

2010ean sinaturiko Lankidetza Hitzarmenean jasota dagoen moduan, helburu hauxe dute bi erakundeek: Aro Modernoko eta Aro Garaikideko euskal eragile askotarikoenen pentsamendu politiko eta soziala biltzen duten lan funtsezkoenak argitaratzea.

Oraingo honetan, Pedro de Fontecha y Salazarri egozten zaion Escudo de la más constante fe y lealtad testua argitaratu berri dute; aurretik, UPV/EHUko katedradun Jon Arrieta Alberdik horren atariko azterlan oso-osoa egin du. Aparteko liburuki bat da, oso garrantzitsua euskal foru kultura historiaren eta zuzenbidearen aldetik ulertzeko. Gainera, edizio honekin, XIX. mendearen ia bukaera arte foruen interpretazio bitxi eta Bizkaiko erakundeen jardunaren isla izan zen testu hura hobeto ulertzeko eta erabiltzeko oinarriak finkatu nahi dira.

Aurkezpen ekitaldian izan ziren Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria, UPV/EHUko Ikerketa arloko errektoreorde Fernando Plazaola, Euskal Herriko Pentsamendu Politiko eta Sozialaren Klasikoen bildumaren zuzendari Javier Fernández Sebastián eta edizioaren eta atariko azterlanaren egilea.

 

Argazkia: Eusko Legebiltzarra