euskaraespañol

Redes sociales campusa

Unzurrunzaga eta Uriz Pi ahizpei buruzko erakusketak Gipuzkoako Campusean

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/02/03

Xabier Unzurrunzaga

Gaur asteazkena, otsailak 3, UPV/EHUko Gipuzkoako Campusean bi erakusketa inauguratu dira. ‘Hermanas Uriz Pi' erakusketa Carlos Santamaria zentroan eta Xabier Unzurrunzaga irakasle eta arkitektoaren lanari buruzko erakusketa antologikoa, hurrenez hurren. Jende ugari bertaratu da bi ekitalditara.

Eguesibarko Udalak eta UPV/EHUren Hezkuntza Museoak antolatu dute ‘Hermanas Uriz Pi' erakusketa (argazkiak 1-3). Ekitaldian parte hartu dute: Paulí Dávila, Hezkuntza Museoko zuzendaria; Alfonso Etxeberría, Eguesibarko alkatea; Ana Arrieta, UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordea; Araceli Bastero, erakusketaren sustatzailea; Joseba Orduña, Eguesibarko Kultura zinegotzia; Manuel Martorell, historialaria.

Erakusketak Josefa (Pepita deitzen zioten) eta Elisa Uriz Pi ahizpen bizimodua du kontagai. Pepitak eta Elisak nagusiki Madrilen eta Katalunian eman zuten bizitza, eta Gerra Zibilaren ostean, erbestealdian, Ekialdeko Berlinen kokatu ziren hil arte, eta ez zuten aukerarik izan demokrazia berrezartzean jaioterrira itzultzeko. Ahizpa biek berrikuntza ekarri zuten hezkuntzaren esparrura Errestaurazioaren eta II. Errepublikaren garaian, eta emakume zein haurren eskubideen alde ere jardun zuten. Horrez gain, heroikoki borrokatu ziren nazismoaren kontra II. Mundu Gerran.

Erakusketa otsailak 2tik 19ra arte egongo da ikusgai Carlos Santamaria Zentroko Andrestegi aretoan. Sarrera librea da.

Xabier Unzurrunzaga irakasle eta arkitektoaren lanari buruzko erakusketa antologikoak (argazkiak 4-6) aldiz hauek guztiak biltzen ditu: formatu handiko 60 panel, Unzurrunzagaren inguruko aipamenak dituzten liburuen bilduma bat, arkitektoak hainbat bidaiatan eskuz egindako proiektu eta marrazki batzuen bideo proiekzioa, eta Urumeako etxebizitzen eraikinaren jatorrizko maketa, Xabier Unzurrunzagak Rafael Moneorekin batera egindakoa. Jonathan Chanca eta María Izeta arkitektoak izan dira erakusketako komisarioak.

Erakusketa Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko hallean dago ikusgai, otsailaren 3tik martxoaren 19ra arte. Sarrera librea da.

Halaber, ekitaldian Xabier Unzurrunzagaren lanari buruzko liburua ere aurkeztu da. Honek guztira 232 orrialde ditu, eta arkitekto horren 50 urteko lan ibilbidearen hainbat etapa jasotzeaz gain, Arkitekturako Goi Eskola Teknikoan egindako zenbait ikerlan biltzen ditu ere.

 

Argazkiak: UPV/EHU