Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren azalpen sistematikoa argitaratu da
UPV/EHUko irakasle talde batek jurisprudentziaren eguneratze eta berrikuspen kritikoa egin du
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2016/02/09
UPV/EHUko Zuzenbide Publikoa eta Administrazio Zuzenbidea, Konstituzio Zuzenbidea eta Zuzenbidearen Filosofia, sailetako irakasle talde batek, Iñaki Lasagabaster Herrarte katedradunak zuzenduta, Comentario Sistemático al Convenio Europeo de Derechos Humanos liburuaren hirugarren edizioa argitaratu du. Lan hau CIVITAS–Thomson Reuters argitaletxe prestigiotsuak argitaratu du eta, bere 1.000 orrialde baino gehiagoetan, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren azterketa zehatza egiten da.
Hirugarren edizio honetan, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren jurisprudentzia garrantzitsuenaren eguneratze eta berrikuspen kritiko bat egiten da. Epai ugari aztertu eta interpretatu dituzte autoreek, liburu honen aurreko edizioetan aztertuak izan ziren epaiekin harremanetan jarriz Auzitegiaren azken ekarpen garrantzitsuenak ondorioztatzeko. Honela, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren azterketa oso eta eguneratu bat lortu du liburu honek, ordenatua eta erabiltzeko erraza, nahiz eta tamaina handiko obra izan.
Iñaki Lasagabaster lanaren zuzendariarekin batera, liburu honetan parte hartu dute baita ere Iñigo Lazkano, Iñigo Urrutia, Iñaki Esparza, Jon Landa, Unai Aberasturi, Jose Ignacio Cubero, Víctor Angoitia, Silbia Sarasola, Mª Nieves Arrese, René Santamaría, Agustín García Ureta, Susana Serrano, Xabier Arzoz, Katixa Etxebarria, José Francisco Etxeberria eta Mª Carmen Bolaño irakasleek.