euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

10 kilometro giro ezin hobean

UPV/EHU-Donostiarrak Udaberriko XIV. Lasterketaren barnean

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2016/03/18

Donostiako kaleetan 1.700 korrikalari batu ziren

Eguraldi ederra behingoz! Ordu erdi eskas falta da UPV/EHU-Donostiarrak Udaberriko XIV. Lasterketa hasteko. Manuel Lardizabal Ibilbidean beroketa ariketak egiten gabiltza, Informatika Fakultate ondo-ondoan.

Denetariko korrikalariak ikusten dira, eta batzuk profesional itxura dute. Ez da harritzekoa, izan ere, aurten lasterketa Gipuzkoako 10 kilometroko Errepide Txapelketako proba da eta. Federatuek besterik ezin dute atal horretan parte hartu. Baina denok egingo ditugu 10 kilometroak, noski.

Gora eta behera korrika apur bat egin, luzaketaren bat, atzera ere korrika… Denbora ziztu bizian doa. Mutil bat ikusi dut neure aurrean ortozik. Ez da lehenengo aldia jendea arineketan oinutsik ikusten dudala, askozaz hobea ei da, naturalagoa edo. Momentuz, ez dut frogatzeko asmorik.
Aurpegi ezagunen bat ikusi dut, lagunen bat ere. Denok eguraldi ezin hobeagatik eskerrak ematen. Eskerrak, bai. Orain astebete, Lilaton lasterketan, Donostian, giroa bestelakoa zen: hotza, euria, txingorra, haizea… Orduan ere gozatu genuen, eta gaur ere seguru baietz.

«Euskadiko Itsas Salbamendu Humanitarioa (SMH) taldeak darama 0 dortsala»

9:50. Hamar minutu ere ez dira geratzen. Irteeran gaude ia denok, bakoitza bere kutxan. Edizio honetan, lasterketa nolabait antolatzearren, kutxak ipini dituzte; 40, 45 eta 50 minutukoak. Era horretan, korrikalariek 10 kilometroak burutzeko ustez beharko duten denboraren arabera kokatzeko aukera izango dute. 45ekoan sartu naiz ni. Ea zelan amaitzen dugun. 

Urtero legez, aurten ero 0 dortsala eta 1. dortsala berezi-bereziak dira. Euskadiko Itsas Salbamendu Humanitarioa (SMH) taldeak darama 0 dortsala, aurtengo elkartasun dortsala. Egeo Itsasoan dabiltza, itsasoz Europarantz datozen errefuxiatuei laguntzen Chios irlan. Borondatezko lana da, hegazkin txartela ere eurek ordaintzen dutela kontatu zigun taldeko Iñigo Gutierrezek lasterketaren aurkezpen-prentsaurrekoan. 3.000 euroko txekea jasoko du elkarteak lasterketa amaieran. Aurkezpenean nabarmendu zutenez, "guretzat diru asko da, oso pozik gaude, emozionatuta".

Eta oraingoan 1. dortsal bi izan ziran, bata Serafin Zubiri musikariak zeraman, eta bestea Espainiako txapeldun bost aldiz izandako eta estatu mailako hamaikatxo errekor dituen Coro Fuentes korrikalari ohiak.

10:00. Bagoaz! 1.700 korrikalari inguru gara Berio Pasealekuan behera, konturatu orduko pasatu dugu Europa Plaza. Gipuzkoa Campusa atzean uzten gabiltza, bagoaz andara baten Tolosa Hiribidean behera. Arintxo noa, lar akaso. Ez da komeni, "gehiegikeriak" karu ordaintzen dira-eta beti. Gogor hasi gara denok, horrela izaten da beti, baina lasterketak berak ipiniko gaitu bakoitzari bere lekuan. Atzean baten bat daukat arnasestuka, gizonezkoa da, ito behar du horrela jarraituz gero.

Ondarretara iristerakoan, neure erritmoa hartu dudala uste dut. Miramar parkea ezkerretara itxita, Kontxara heldu gara. Bigarren kilometroa bertan da. Bederatzi gradu. Tenperatura ederra arineketan egiteko, ezin da gehiagorik eskatu.
Kontxako bista ikusgarriak atzean utzi, eta San Martin kalean sartu gara. Jende gehitxoago dago hemen, eta animatzen gaituzte batzuek. Zenbat eskertzen diren animoak. Jakingo balute!

Luzea da gero San Martin kalea! Ez nuen horrela gogoratzen. Foruen ibilbidean sartu gara. Urumea ibaia ezkerrean daukagu. Aurrez-aurrez Kursaal Jauregia ikusten hasi gara, hasieran ertz bat eta segituan oso-osorik. Ohartu orduko zubia igarotzen gabiltza. Laster dator 4. kilometroa. Zurriola Hiribidean gora, han datoz bueltan lehenengo korrikalariak. Animo!

Jendea paseoan dago hondartzan, surflari batzuk ere ikusi ditugu uretan. Giro honekin inbidia apur bat ere ematen digutela uste dut. Hainbeste egun euripean eman ondoren edozein eguzki printzekin pozarren gaude. Baina, guk aurrera egin behar dugu.

5. kilometroa, eta anoa-gunea. Ez da korrikalari askorik geratu, neu ere ez. Gehienok fresko goazen seinale, edo denbora galtzeko astirik ez daukagula, kar, kar. Salamanca Pasealekuan, hasierako talde handia dagoeneko zatitu da. Nire erritmo antzekoa duten korrikalarien ondoan noa. Bikote bat hartu dut "erbi" gisa. Euren ondotxoan egingo ditut hemendik aurrerako kilometro gehientsuenak. Emakume nahikotxo ikusten nabil. Ederto.

Han eta hemen, tarteka, jendea daukagu animatzen. Baina, ez askorik. Igande goiza da, eguraldi ona… Donostiarrak benetan finak dira animatzen, baina gaur epel daude, erdi lo edo. Donostian egiten diren beste lasterketa garrantzitsu batzuetan, Behobia-Donostia lasterketan edo Donostiako Maratoian, berbarako, euren animoek eta orroek airean eramaten zaituzte helmugaraino. Baina, gaur, antza, ez da lar goiz harrapatu ditugu.

Soraluze kaletik Abuztuaren 31 kalera egin dugu. Zenbat bider egongo ote ginen kaleotan pintxoan jaten? Makina baten, baina gaur arte ez naiz konturatu Abuztuaren 31k aldats gora daukanik. Eta igartzen da igarri ere! Jendea begira daukagu, aho zabalik. Ulertzekoa da, igande goizetan ez da horrelakorik ikusten-eta Donostiako Alde Zaharrean.

«Gutxi falta zaizuela, metro gutxi batzuk!!!»

Boulevarda eskumatara daukagu, eta gu aurrera goaz, Hernani kaletik. Mirakontxako Pasealekuan parean dago. 8. Km, oker ez banago. Ene, bai arin pasatu ere! Lasterketa ia amaitu da, azkeneko bi kilometroak, eta kito.

Lehengo bidea berriz egiten gabiltza, ezusterik ez hemendik aurrera. Hasierako indarrak makaltzen dabiltza, baina denok eusten diogu erritmoari. Kontxa eta Ondarreta atzean utzi ditugu, eta Zumalakarregi Hiribidea gora galopan goaz.

Kilometro bat ere ez zaigu geratzen. Europa Plazara ailegatu baino metro batzuk lehentxoago lasterketa bukatu berri duten korrikalari bi animoak eman eta eman ari dira. "Gutxi falta zaizuela, metro gutxi batzuk!!! Eutsi!!!". Zelan eskertzen ditugun azkeneko animo horiek. Bai, amaierako ehun metroak izaten dira sarritan gaitzenak, sinestekoa ez bada ere.

Errotonda pasatu, eta hantxe da helmuga. Listo, amaitu da! Kito! 44 minutu 27 segundo. Espero nuena baino hobeto eta espero nuena baino gutxiago sufrituz. Bikain. Pozarren nago.
Jakina, gu baino zati bat lehenago heldu dira lehenengoak.

Hamar kilometroak arinen egin dituena Unai Arroyo tolosarra izan da, 31 minutu 17 segundo besterik ez ditu behar izan; eta handik bost minutura sartu da lehenengo emakumea, Maitane Guerrero hernaniarra, 36 minutu 46 segundoko denborarekin. Beraiek estreinatu dute, beraz, Gipuzkoako 10 kilometroko Errepide Txapelketako podiuma. Zorionak!

Lasterketa amaituta, antolatzaileek prestatutako janari eta edariak zain dauzkagu: mailukiak, mandarinak, sagarrak, platanoa, jogurtak, ura… Ondo jagoten gaituzte. Eta azkenean oparien zozketako zenbaki saridunak. Jatorduak jatetxe ezagunetan, bizikletak, pultsometroak, eta beste hamaika sari dotore banatu dituzte. Ez dut zorterik izan. Ia datorren urtean…