Espinaren erreboluzioa
Espintronikan adituak bildu ditu DIPCk biltzar zientifikoan. Goraka doan espintronika, funtsezko teknologia da informazioaren metatzea hobetzeko eta ordenagailu kuantikoa garatzeko
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2016/07/18
Donostia International Physics Center-en (DIPC) "Interfacial spintronics and spin waves" kongresuari hasiera eman diote. Antolatzaileen artean dago Sebastian Bergeret, Materialen Fisika Zentroan (CSIC-UPV/EHU) ikerlaria eta DIPCko kidea. Uztailaren 18 eta 22 bitartean, espintronikan nazioarteko adituak bilduko dira; goraka doan ikerketa eta garapen alor honek bide eman liezaioke elektronika berri bati.
Iragarpenak betez gero, hurrengo belaunaldiko ordenagailuek funtzionatzeko erabil lezakete elektroiaren karga ez ezik bere magnetismoa ere, hau da, espina. Propietate horretaz baliatzen da, hain zuzen ere, espintronika; informazioaren metatzea hobetzeko aukera berriak eskaintzeaz gain, ordenagailu kuantikoen garapena ahalbidetu lezake. Elektroiak kontrako bi noranzkotan biratzeko duen ahalmentzat uler daiteke espina. Bi aukera hauek sistema binarioaren zero eta batak kodifikatzeko erabili daitezke eremu magnetiko baten laguntzaz.
Bost egunetan zehar DIPCn, azken emaitzak aurkeztu eta alorreko aurrerapenak berrikusiko dituzte ikerlari teoriko eta esperimentalek. Berehalako erronka nagusien artean, espinaren korronteen kontrola eta manipulazioa, energia aurrezteko zirkuituetako erresistentziaren beherapena eta material supereroaleen garapena nabarmentzen dira.
Espintronikaren sortzaile Albert Fert-ek - Fisikako Nobel Saria 2007an - hizlari bezala parte hartuko du kongresuan. 1988an, magnetoerresistentzia erraldoia (GMR) deskubritu zuen fisikari frantsesak. Efektu kuantiko hau geruza anitzeko sistema metalikoaren erresistentzia aldatzeko erabil daiteke eremu magnetiko baten laguntzaz. GMR-a eremu magnetikozko sentsore bezala erabiliz, disko gogorretan gigabyte kopurua handiagotu da nabarmen, eta biosentsoreetan eta beste dispositibo batzuetan ere erabiltzen da egun.
Udaran zehar DIPCk antolatu duen aktibitate sortaren erditsuan gaude dagoeneko. Ekaina eta urria bitartean, hamar nazioarteko kongresu zientifiko antolatu dira materialen zientziaren ildoko hainbat gaitan, eta hiru «DIPC School» ikerlari gazteentzako formakuntza espezializatua eskaintzeko.