euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Duela 100.000 urteko ezohiko aztarnategi paleontologiko bat aurkitu dute Arrasaten

UPV/EHUko talde bat ikertzen ari den aztarnategiak gutxienez 40 espezie biltzen ditu, eta Goi Pleistozenoko inguruko fauna nolakoa zen erakusten du

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2016/09/01

Aitziber Suárez

Geografia, Prehistoria eta Arkeologia Saileko eta Estratigrafia eta Paleontologia Saileko ikertzaileek osaturiko UPV/EHUko diziplina askoko talde batek Artazu VII.a aztarnategiaren aurkikuntza aurkeztu du. Aztarnategia Arrasateko Kobate Harrobian dago, Gipuzkoan, eta harrobiko langileek aurkitu zuten 2012an, leherketa baten eraginez. Haiek, barrunbeko buztinaren artean hondakin fosil ugari zeudela ikustean, ustiaketa gelditu zuten, eta harremanetan jarri ziren Alvaro Arrizabalaga Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko irakaslearekin. Gune horren garrantziaz jabetuta, 2013an, Alvaro Arrizabalagak eta Maria Jose Iriartek, harrobia ustiatzen duen enpresarekin elkarlanean, erabaki zuten presazko indusketa egitea han, Artazu VII.a izena jarri dioten aztarnategiko hezur hondakinak euren testuinguruan berreskuratzeko asmoz.

Giza jardueraren aztarnarik gabeko Goi Pleistozenoko aztarnategiak, Artazu VII.a bezalakoak, oso-oso gutxi daude hala Kantauriar eskualdean nola Iberiar penintsulan; are gutxiago, gainera, bikain kontserbaturiko espezie ugari eta askotarikoak dituztenak. Horregatik, oraingo proiektuan diziplina anitzeko azterlan bat egiten ari dira. Aztarnategiaren aurkikuntza Aitziber Suárez Bilbao doktorego aurreko ikertzaileak zuzentzen duen Comptes Rendus Palevol aldizkari ospetsuan kaleratu dute; Suárez UPV/EHUn ari da doktorego tesia egiten.

Pleistozenoa giza historiako aldi kritikoa izan zen. Garai hartan, zehazki, hainbat klima aldaketa gertatu ziren, bai mundu osoan, bai eskualdean. Artazu VII.a aztarnategiko sima, kasurako, tranpa natural moduko bat izan zen bere garaian, eta hainbat animalia erori ziren bertara halabeharrez. Hori dela eta, aztarnategi horrek interes handia du paleontologiaren eta paleoekologiaren aldetik; izan ere, ez gizakiak ez agente biologikoek sortu ez duten metaketa bat denez, berreskuratutako fauna asoziazioa ez dago inolako organismoren elikadura nahiaren eraginez kaltetua. Hau da, organismoak ustekabean sima batera erori zirelako pilatu ziren hezur hondakinak, eta ez harrapari batek ehizatu zituelako. Horrenbestez, berreskuratutako asoziazioak zehatzago islatzen du sima bete zenean nolako fauna zegoen inguruan. Hala, aztarnategi horretako bioadierazle zehatzak baliatuta, bereizmen handiko lan paleoekologiko eta paleoanbientalak egin ahal dira.

Nazioarteko aldizkarian argitaratutako atariko azterlanean, Artazu VII.eko gutxienez 40 espezieren taxonomia zerrenda jaso dute, mikro-ornodunak eta makro-ornodunak tartean. Gainera, hondakin gehienak osorik edo metatu ondorengo hausturekin berreskuratu dira, eta hezurretako asko lotura anatomikoarekin kontserbatu dira. Horrela, ikusi da duela 100.000 urte gaur egun galduta dauden espezieak ibili zirela Arrasate inguruan, edota garai hartan lurraldez aldatu zirela eta horregatik ez daudela gaur egun hemen. Aipatzekoa da haitzuloko lehoia (Panthera spelaea) eta lehoinabarra (Panthera pardus) agertu direla haragijaleen artean, eta estepako bisontea (Bison priscus) eta orein arrunta (Cervus elaphus) ungulatuen artean. Mikro-ornodunen inguruan orain arte egin den ikerketaren bidez (horien artean daude ugaztunak, anfibioak eta narrastiak), ikusi da zenbait gertaera bero izan zirela Artazu VII.eko sima bete zen sasoian.

Aitziber Suárez UPV/EHU Euskal Herriko Unibertsitateko geologoak bere doktorego tesian jaso du aztarnategiaren gaineko azterlana; Alvaro Arrizabalaga eta Xabier Murelaga doktoreak dira tesiaren zuzendari. Ikertaldeko kideak zientzialariak direnez eta eskarmentua dutenez, ikerlan berria eta integrala egin ahal da; helburu nagusia da analisi geologiko konbinatuak (Sedimentologia eta Estratigrafia), makrofaunaren eta mikrofaunaren analisi paleontologikoak (Paleobiologia eta Paleoekologia) eta analisi geokimikoak (Paleodietak eta faunaren migrazioak) egitea, aztarnategi horretako Paleolitoko ingurumena nolakoa zen aztertu ahal izateko. Kaleratutako azterlanean beste erakunde batzuetako ikertzaileak ere aritu dira: UPV/EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Jone Castaños, Naroa Garcia eta Maria Jose Iriarte, Aranzadi Zientzia Elkarteko Pedro Castaños eta UPM Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko José Eugenio Ortiz eta Trinidad Torres.

Erreferentzia bibliografikoa

Suárez-Bilbao, A., Garcia-Ibaibarriaga, N., Castaños, J., Castaños, P., Iriarte-Chiapusso, M.J., Arrizabalaga, A., Torres, T., Ortiz, J.E., Murelaga, 2016. A new Late Pleistocene non-anthropogenic vertebrate assemblage from the northern Iberian Peninsula: Artazu VII (Arrasate, Basque Country). Comptes Rendus Palevol. http://dx.doi.org/10.1016/j.crpv.2016.05.002