Hilabetetako lanaren ostean, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko bi ikaslek Arabako patataz egindako garagardoa jarri duten merkatuan. Gastheiz izena jarri diote, harro eta barne-barnean daramaten lurraldeari omen egin nahian. "Arabarrak izatearen harrotasunezko keinua da. Gasteizen izen eta izana munduarekin partekatu eta topa egiteko garagardoa da", adierazi dute Ainhoa Ocio eta Jone Condek, hurrenez hurren, ingeniaritza kimiko eta publizitate eta harreman publikoetako ikasleek.
«Gastheiz-ek patatazkoa behar zuen izan, nahitaez»
UPV/EHUko bi ikaslek garagardoa egin dute Arabako patatez, urte beteko lanaren fruitu eta bere lurrari egindako omenaldia
- Elkarrizketa
Lehenengo argitaratze data: 2016/09/01
Garagardo "zinez arabarra" izanik, patata behar zuen osagai nagusi, ezin bestela. Atzean utzi dituzte eragozpen eta estereotipo batzuk. Hilabetetan luzatu den lanaren emaitza prest dago merkatura irteteko. Maistra garagardogile bi hauekin mintzo gara beren proiektuen berri jakiteko.
Nola sortu zen garagardoa Arabako patatekin egiteko ideia?
Omenaldi bat egin nahi genion gure lurralde historikoari. Gasteiz hiri zoragarria da, baina sarri askotan ez du izaten beste hiri batzuek duten sona eta aitortza. Hori aldatu nahi genuen. Patateroak gara eta harro gaude. Horregatik egin dugu patatazko garagardoa. Bilbok LA SALVE du eta Donostiak KELER. Orain Gasteizek eta arabar guztiok GASTHEIZ daukagu. Arabarrak izatearen harrotasunezko keinu bat. Gasteizen izen eta izana munduarekin partekatu eta topa egiteko garagardoa da. Eta patatazkoa behar zuen izan, nahitaez.
Edozein patatak balio al du?
Egia esateko, ez. Oso patata bereziak bilatu ditugu. Arabako aldaera tipikoenen artean, Miren eta Mona Lisa aldaerak aukeratu ditugu berariazko propietate naturalengatik eta almidoian oso aberatsak direlako. Erabat heldu baino lehenago bildutako patatekin aritu gara beti, hostoek eta zurtoinek berde dirauten bitartean jasotakoekin. Patata berriek azukre gutxiago dute eta azala finago eta bigunagoa, gure garagardoaren hartzidurarako ezin hobeak izanik.
Prozesu bereziren bat al darabilzue garagardo hau egiteko?
Garagardoa egiteko prozesua oso berezia da gure kasuan eta horretan urte bete luze darama Ainhoak, unibertsitatean ikertzaile gisa aritu den bitartean. Prozesua guztiz artisaua da, gure inguruan egiten diren garagardo tradizionaletan egiten denaren antzekoa, garagar maltatua eta lupulua erabiltzen ditugu. Lupuluak usain eta mingostasun horren ohikoak ematen dizkio garagardoari, maltak, berriz, alkohola hartziduraren fasean osatzeko behar diren almidoi eta entzimak jartzen dizkion bitartean. Prozesuaren hainbat fasetan erabiltzen ditugu patatak, zaporeak iraunarazteko; honegatik da Gastheiz garagardoa berezi eta kalitate handikoa.
Produktua beraz baduzue. Zein da hurrengo urratsa?
Oso zirraragarria da! Oso pozik gaude esan behar dugulako garagardo honen lehenengo lotea 1.181 botila txikitako edizio mugatua izan dela, Antso VI. errege nafarrak Vitoria/Gasteiz fundatu zueneko urteari aipua eginez. Botilatxoak banatu egingo dira arabarron bihotzean toki berezia duten pertsonen artean. Esan bezala, Gastheiz omenaldi bat da eta, horregatik, zentzuzkoa da oso miresten ditugun pertsona hauei omenaldia egitea, hasteko.
Zer dela eta Gastheiz izena?
Asko kostatu zitzaigun erabakitzea, baina esangura handikoa da. Gure hiriaren jatorrizko izena Gastheiz da. Honelaxe agertzen da idatzita 1025. urteko dokumentu batean, Arabako herrien zerrenda bat egiterakoan. Gure historiari omen eginik erabaki genuen gure proiektuari Gastheiz deitu behar geniola.
Nola edo non erosi ahal da?
Online erosi ahal da gure webgune ofizialean. Lehendabiziko sustapen tarte honetan, Arabako IP helbideak besterik ez da sartuko erosteko eremura. Beste alde batetik, laster egingo da ostalaritzarako egingo dugun sustapena. Hizketan ari gara Gasteizko gune historikoko taberna esanguratsu eta adierazgarrienetako batzuekin.
Gomendioren bat Gastheiz garagardoak behar dituen maridaje edo uztartzeekin?
Jakina! Bere esentziarengatik, perretxiko nahaskiaz, ardi gaztaz edo patatazko tortilla on batez edan daiteke, baina barraskiloak eta ganba gabardinadunak ere primeran datozkio.
Maistra garagardogileak
Ekipoa ekimen handiko bi gaztek osatzen dute, unibertsitatean ezagutu zuten elkar eta hamaika molde eta estereotipo utzi behar izan dituzte bazterretan: "sektorean sortutako zenbait aurreiritzi, munduari erakutsi nahi diogu maistra garagardogileak izan gaitezkeela, ekimentsu eta primerako patateroak" dio Jone Conde markaren komunikazio arduradunak eta, egun, publizitatea eta harreman publikoak ikasten ari denak Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean.
Ainhoa Ocio gasteiztarra, Euskal Herriko Unibertsitatean ingeniaritza kimikoa ikasi eta proiektuaren fundatzaile kidea aldi berean aritzen da garagardo hau egiten eta ikertzaile moduan. "Urte beteko lanaren emaitza da, kalitatezko produktua da eta Arabako izan eta izanari egindako omenaldia", azaldu digu.
Biek sumertar andreen bideari ekin diegu, duela zazpi mila urte garagardoa egiten lehendabizikoen adibideari jarraituz. Emakumeak baitziren Mesopotamian K. a. 4000 urtean garagardoa egiten zutenak.
Proiektuari buruzko informazio gehiagoa, webgune honetan: www.gastheiz.com