euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

G-9ko errektoreordeek Ikerkuntzaren aldeko Ituna eskatzen dute, egiturari eta aurrekontuari dagozkion hutsuneak gainditzeko

Besteak beste, alderdi hori nabarmendu dute Ikerkuntzako Sektore Batzordearen NUPeko saioa amaitzean egin duten adierazpenean

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2016/11/11

Sektore Batzordean parte hartu zuten errektoreordeak

Unibertsitateen G-9 Taldearen Ikerkuntzako Sektore Batzordeko Ikerkuntzako errektoreek adierazpen bat egin dute gaur goizean, sektore batzordeak atzo eta gaur NUPen egin duen saioa bukatzean, Ikerkuntzaren aldeko Itun bat eskatzeko, "hauteskundeen gorabeherak alde batera utzi eta egungo egitura eta aurrekontu hutsuneak gainditze aldera".

Halaber, unibertsitateen ordezkariek kezka agertu dute, uste baitute politika nazional zein autonomikoetan behera egin dutela ikerkuntzarako giza baliabideek. Ildo horretatik, azpimarratu dute beharrezkoa dela Irakasle eta Ikertzaileen Estatutua egin eta onartzea. Era berean, ezinbestekotzat jotzen dute ministerioko egiturak argi eta garbi islatzea unibertsitate erakundearen garrantzia.

Azkenik, gobernuari eskatu diote hausnar dezala I+G+b politikek zehazki zenbateko balioa duten ezagutzan oinarrituriko gizarte modernoa garatzeko eta unibertsitateek zer eginkizun daukaten lan horretan.

G9ren Ikerkuntzako Sektore Batzordea

Unibertsitateen G-9 Taldearen Ikerkuntzako Sektore Batzordearen bileran Santiago García Granda izan da burua, Oviedoko Unibertsitateko errektorea eta G-9 Taldearen seihilekoko presidentea. Bilera hainbat lan saiotan antolatu da, modu paraleloan: errektoreak, Ikerkuntza Kudeatzeko Unitateak, Ikerkuntzako Emaitzak Transferitzeko Bulegoak, Genueve Ediciones eta Europako Proiektuak. Aztergai izan dituzte, besteak beste, alderdi teknikoak eta funtzionamenduari buruzkoak (ikertzaileak kontratatzeko araudia, ikerkuntza babesteko zerbitzuen G-9ren online katalogoa eta gastuen justifikazioak), ikerkuntzaren egoerari buruzko analisia (patenteak, kontratuak…), Genueve Edicionesen argitalpenak eta Europako proiektuak (H2020, ERASMUS +, INTERREG eta beste).

Unibertsitateen G-9 Taldea Espainiako unibertsitate publikoek osatu zuten, 1997an. Unibertsitate bakoitza bakarra da bere autonomia erkidegoan: Kantabriakoa, Gaztela-Mantxakoa, Extremadurakoa, Balear Uharteetakoa, Errioxakoa, Oviedokoa, Euskal Herrikoa, Nafarroako Publikoa eta Zaragozakoa. Denera, taldeak 200.000 ikasle presentzial inguru biltzen ditu.

Elkartearen xedea da taldeko kide diren unibertsitate erakundeen arteko harremanak sendotzea, unibertsitate komunitateko irakaskuntza eta ikerkuntza jardueretako lankidetza sustatze aldera, besteak beste.

Argazkiak: NUP