Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen Errektoreordetzak Nazioarteko Astea antolatu du berriro, ikasleei UPV/EHUk kudeatzen dituen truke programak, helmugako herrialdeak eta unibertsitate trukean parte hartzeko baldintzak azaltzeko. Informazio saioak hiru campusetan egin dira, aste osoan.
Informa eta mugi zaitez
UPV/EHUk ikasleei mugikortasun programak azaltzeko nazioarteko astea antolatu du
- Erreportajeak
Lehenengo argitaratze data: 2016/10/21
Egunotan, Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek zuzenean jaso ahal izan dute UPV/EHUko Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen Errektoreordetzak kudeaturiko nazioarteko mugikortasun programekin zerikusia duen informazio guztia. Gainera, truke programa batekin bidaiatu duten zenbait ikasle beren esperientziari buruz aritu dira, eta gomendioak eman dizkiete trukea eskatzeko asmotan dabiltzan ikasleei. Jardunaldiotan, halaber, praktiketako nazioarteko mugikortasunerako programei buruzko informazioa eman da (graduko praktiketako Erasmus+, ikasle tituludunentzako EPEZ praktikak eta Global Training…).
UPV/EHUk lau truke programa eskaintzen dizkio unibertsitate komunitateari: SICUE, Erasmus+, Latinoamerika eta Beste Norakoak. "Garrantzitsuena da ikasleak eskatu nahi duen herrialdeari buruzko beharrezko informazio guztia lortzen saiatzea, unibertsitate horretan bere titulazioa ematen dela ziurtatzea eta begiratzea han eskaintzen diren irakasgaiak interesgarriak diren edo UPV/EHUra bueltatzean baliozkotu daitezkeen", adierazi du Marta Barandiaranek, UPV/EHUko Mugikortasun Programen zuzendariak. Gainera, azpimarratu du garrantzitsua dela unibertsitate trukerako aukerei buruzko informazio nahikoa eta zehatza biltzea. "Garrantzitsua da informazio iturrietara jotzea, hala norbere fakultate edo eskolan nola Nazioarteko Harremanen Bulegoan. Ez daitezela fidatu jendeak esandakoarekin bakarrik. Unibertsitate trukea aukera akademiko aparta da, eta bizi esperientzia zoragarria ekarriko die gure ikasleei; alabaina, prozesuari arduraz, pazientziaz eta malgutasunez heldu behar zaio". Aukerei buruzko informazio guztia Nazioarteko Harremanen webgunean dago eskuragai.
Erasmus+, unibertsitate arteko mugikortasunerako programarik ezagunena, nagusiki Europa osorako da, eta graduan, masterrean eta doktoregoan trukea egiteko aukerak eskaintzen ditu; horrez gain, beka batzuk ere ematen ditu Europaz kanpoko unibertsitateetako egonaldiak diruz laguntzeko. Bestalde, SICUE (Sistema de Intercambio entre Centros Universitarios Españoles) programak ikasleei aukera ematen die lauhileko bat edo ikasturte oso bat beste unibertsitate batean egiteko, CRUE osatzen duten Espainiako unibertsitateetan ikasketen balioa onartzeko bermearekin.
UPV/EHUko Latinoamerika eta Beste Norakoak programak, azkenik, gure unibertsitateak beste erakunde batzuekin eginiko alde biko hitzarmenetatik sortu dira, eta askotariko herrialdeak dituzte aukeran: Argentina, Mexiko, Puerto Rico, Estatu Batuak, Kanada, Errusia, Japonia, Hego Korea eta Kazakhstan, besteak beste.
Lehen eskutik
Mugikortasun programa batean izena emateko, gutxienez graduko 2. mailan eta masterreko lehen mailan matrikulatuta egon behar da eskaera egitean. Halaber, egonaldiaren arabera kreditu kopuru jakin bat eduki behar da matrikulatuta, eta arreta berezia jarri hizkuntza eskakizunei; izan ere, askotan irizpide erabakigarriak izaten dira hautaketa egiteko orduan. Horrez gain, ikasleek errazago integratzea lortuko dute helmugako herrialdeko hizkuntza jakinez gero.
Truke programak aurkezteko zikloan, programaren bat burutu duten UPV/EHUko ikasleek lehen eskutik azaldu diete beren esperientzia ikasleei, eta gomendio baliagarriak ere eman dizkiete. Aurkezpenean mintzatu ziren, kasurako, Janire Pérez Hezkuntza eta Kirol Fakultateko ikaslea eta Lorea Díez Letren Fakultateko Itzulpengintza eta Interpretazioko ikaslea.
Janire Lisboako Unibertsitatean egon da, eta irmo hitz egin du: "Trukea egin beharra dago, ezinbestean. Nik mordoa ikasi dut: irakasle bikainak eduki ditut eta oso lagungarria izan zait ikasketetarako; gainera, esperientzia pertsonalak ere izan ditut. Denetik ikasten duzu: bakarrik bizitzen, dena zeure kabuz egiten…". Mugikortasun programetan, ordea, arazoak ere gerta daitezke; esaterako, beste herrialdeko hizkuntzaren oinarrizko maila egokirik ez izanez gero. "Nik neuk ez dut arazorik izan, portugesaren oinarrizko maila ona bainuen, eta eskolak portugesez ematen direlako aukeratu nuen Portugal".
Loreak ere gogo betez hitz egin du: Moskun egon da urtebetez. "Nik ere erabat gomendatzen dut; dudarik gabe egingo nuke berriro, nire bizitzako urterik onena izan baita", azaldu du. Hark, ordea, zailagoa izan du errusiarrekin bizitzeko hizkuntzari dagokionez. "25 urtetik gorakoek ez dute ingelesik hitz egiten, eta hori arazoa da, baina horrek, era berean, hizkuntza ikastera behartzen zaitu. Oinarrizko maila batekin joan behar duzu, baina hango benetako hizkuntza karreran ikasten dugunaz guztiz bestelakoa da".
Oinarrizko gomendioak
Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen Errektoreordetzak eta jardunaldiotako hizlariek hainbat gomendio eman dizkiete trukea egin nahi duten ikasleei. Hona hemen gomendio horiek, labur azalduta:
- Beharrezko informazio guztia lortu deialdiei buruz; beti ez sinetsi besteek esandakoa. Iturrietara jo eta, behar baduzu, galdetu.
- Jarri harremanetan zure ikastegiko truke koordinatzailearekin, zure trukearen xehetasun akademiko guztien berri izateko. Nazioarteko Harremanen webgunea ere kontsulta dezakezu.
- Arretaz irakurri hautatu duzun programari buruzko informazioa.
- Bereziki erreparatu plaza lortzeko bete behar dituzun baldintzei.
- Ziurtatu interesatzen zaizkizun herrialdeetan zure titulazioko ikasketak ematen direla. Kontsultatu hango egutegi akademikoa eta eskainitako plazen iraupena (lauhileko bat edo ikasturte osoa).
- Adi egon trukeak eta bekak eskatzeko epeei.
- Trukea egiteko, zenbait eginbehar bete behar dira: zeure gain hartu prozesuaren erantzukizuna.
- Zure espedientea landu: trukea egiteko pasaporterik onena duzu.
- Herrialde jakin bat hautatu aurretik, adi begiratu hizkuntza eskakizunei. Dakizkizun hizkuntzak hobetu: beste hizkuntza batean ikastea nekeza da.
- Malgua izan: bidaiatzean milaka abentura izan ditzakegu, baina baita nahigabe bat edo beste ere.
- Gozatu: atzerrian ikastea pribilegioa da, eta aukera aprobetxatu behar da.
- Errektoreordetzarekin harremanetan egoteko bidea ikasle@ehu.eus helbide elektronikoa da. Hori erabiltzen ez baduzu, beste helbide elektroniko batera aldatu posta.
Argazkiak: Nuria González. UPV/EHU.