-
EHU, Europako unibertsitate hoberenen artean ingeniaritza ikasketetan
-
Guillermo Ruiz Irastorza: «Medikuak batzuetan sendatu, askotan arindu eta beti lagun egiten du»
-
EHUren memoriaren zaindaria
-
Carlos Matuteren ikerketa batek bigarren postua lortu du Natureko Top Altmetricean
-
Venezuela en la geopolítica del imperialismo
Espainiako Mediku Elkargoen Erakundeak UPV/EHUko hiru irakasle saritu ditu
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2016/11/16
Emilio Pérez-Trallero, José Félix Martí Massó eta Francisco Etxeberria Gabilondo irakasle eta doktoreek saria jaso dute Lan Ibilbidea Aitortzeko III. Sarietan, Mediku Lanbidearen V. Biltzarraren barruan, OMC Espainiako Mediku Elkargoen Erakundearen eskutik. Sari horrekin, OMCk balioa eman nahi izan dio UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko hiru irakasle horien "jardun profesional eredugarriari". Hain zuzen ere, Dolors Montserrat Osasun ministroak eta Juan José Rodríguez Sendín OMCko buruak eman zizkieten sariak. Guztira, Espainiako Mediku Elkargoen Erakundeak bederatzi mediku eredugarriren lana nabarmendu zuen.
Emilio Pérez-Trallero UPV/EHUko Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoko katedraduna da, eta Osakidetzaren Donostialdeko DUO-ESIko Mikrobiologia Zerbitzuko burua. Ospitaleen kategorian eman diote saria, "gaixotasun kutsakorren epidemiologiari, diagnostikoari eta tratamenduari buruzko ikerketa proiektuetan egin duen lan izugarriagatik eta estatuko zein atzerriko liburu eta aldizkarietan kaleratu dituen argitalpen ugariengatik, besteak beste".
Saria jaso ondoren, eskerrak eman zizkien OMCri, Gipuzkoako Medikuen Elkargoari eta bere ikerketa taldeko kideei aitorpen horrengatik, eta bereziki bere familiari, etengabeko prestakuntzari horrenbeste denbora eskaini izana ulertu dutelako. "Agian, enpresen munduak auzitan jarriko du ‘eskuzabaltasuna errentagarria da' esana; irakaskuntzaren, laguntzaren eta ikerkuntzaren esparruan, ordea, esamolde hori axiomatikoa da. Duela 39 urte Euskadira lekualdatu nintzen, garai hartan eskuzabaltasunezkoa izan zen arrazoi batengatik; izan ere, nire emazte gipuzkoarrarenganako maitasuna neukan han, eta lan eta gizarte egoera apalagoa etxean. Lekualdatze horren ordaina berehala heldu zitzaidan, eta sekulako eskuzabaltasunarekin, ez baitut lan egiteko eta bizitzeko leku hoberik imajinatzen. Nire lan ibilbideari dagokionez, eta nire lankideengandik jaso dudan guztia kontuan hartuta, pentsatu nahi dut nik eman dudan zerbaitengatik jaso dudala horren guztiaren zati bat".
Irakaskuntza eta Ikerkuntzaren kategorian, José Félix Martí Masso saritu dute, UPV/EHUko Medikuntzako katedraduna, Osakidetzaren Donostialdeko DUO-ESIko Neurologia eta Neurofisiologia Klinikoko Zerbitzuko burua eta 2014an Ikerkuntzako Euskadi Saria jasotakoa, "gaixotasun neurodegeneratiboen inguruan egin dituen azterlanengatik, aurkikuntza genetiko garrantzitsuak egin baititu Parkinsonen gaixotasunean". Martí Massó irakasleak saio kliniko eta ikerketa proiektu ugari diseinatu eta egin ditu, eta zientzia ekarpen asko argitaratu ditu liburuetan, aldizkarietan eta biltzarretan, bai estatuan bertan bai mundu osoan.
OMCri eta Gipuzkoako Medikuen Elkargoko buruari bere hautagaitza aurkezteagatik eskerrak eman ondoren, bere lan ibilbideaz hitz egin zuen. "Bihotz-bihotzez eskertzen dut Espainiako Mediku Elkargoen Erakundeak irakaskuntzan eta ikerkuntzan egin dudan lan ibilbidea saritu izana. 40 urte baino gehiago lanean eman eta gero, agerian jarri dute nik beti izan dudan ilusio hori, jaso ditudan ezagutzak transmititzeko ilusioa eta neurozientzietako ezagutzak zabaltzen jarraitzeko nahia, hain zuzen. Iruditzen zait jakin dudala balio horiek nire dizipulu guztiei helarazten".
Francisco Etxeberria Gabilondo auzitegi mediku eta UPV/EHUko Lege eta Auzitegi Medikuntzako irakasle titularrari, bestalde, accesita eman zioten ‘Beste esparru asistentzial batzuk' kategorian, "giza eskubideen arloan egin duen lanagatik eta antropologiari, paleopatologiari eta lege eta auzitegi medikuntzari buruz estatuan zein nazioartean kaleratu dituen zientzia argitalpen entzutetsuengatik".
Etxeberria irakaslearen hitzetan, ezustekoa hartu zuen espezialitate hain ezohiko horretan saritu zutelako, eta esan zuen arlo horretan laguntzen, irakasten eta ikertzen aritu dela, nahiz eta batzuetan arazoak izan dituen. "Lanari dagokionez, asistentziaren, irakaskuntzaren eta ikerkuntzaren arteko orekak gogobete nau batik bat. Mediku guztiak irakasletzat hartu behar dira, euren esperientzia gazteenekin partekatzen dutelako. Ordezkapena bermatua dago".
Argazkiak: Espainiako Mediku Elkargoen Erakundea
