euskaraespañol

Redes sociales campusa

In memoriam: Ibon Viteri Zubia

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2017/02/10

Otsailaren 4an, larunbatez, Ibon Viteri Zubia hil zen, UPV/EHUko Zuzenbide Fakultateko Zuzenbide Zibileko irakasle doktorea.

Eskoriatzako kintoak Santa Agedako abestiak kantatzen ari ziren bitartean, eta makilek lurra kolpekatzen zutelarik negu hotzetik esnarazi nahian, gure lankide eta lagunaren arima airera askatu zen, eta gaueko haizeak sorgor utzi zizkigun bihotzak. Ahalegina eta hobetzeko nahia izan zituen hezibide, bai bizitzan, bai lanean, bai kirolean, bai maitasunean. Bere apaltasuna baliatu zuen diziplina eta ordena ezartzeko, naturaltasunez eta gizalegez betiere. Prestakuntza juridikoa jokabide metodikoaren bidetik gidatu zuen beti.

1997an Donostiako Zuzenbide Fakultatean lizentzia atera ostean, doktoretzarako bide bihurriari ekin zion, eta, 2011n, oihartzun eta meritu handiko tesi memoria plazaratu zuen, "El pago anticipado en las obligaciones a plazo (el derecho de reembolso anticipado en el sector específico del crédito)", zeina Tirant lo Blanch argitaletxe juridiko entzutetsuak monografia gisa kaleratu baitzuen 2013an. Aurretik, Italiara joan zen ikastera Erasmus programarekin, eta Alemanian ere ibili zen doktoregai, ikerketarako materialak biltzen eta Alemaniako sistema zibilari buruz ikasten, Municheko eta Bremengo unibertsitateetan.

UPV/EHUko Zuzenbide Zibila Saileko talde finkatuko ikertzaile izan zen, ikasle nabarmen zeneko garaian bekadun laguntzaile gisa batu zitzaionetik, eta ekarpen garrantzitsuak egin zizkien betebehar eta kontratuei dagokien zuzenbidearen eta ahulezia egoeretako babes juridikoaren alorrei. Gizatasun eta sentsibilitate sozial handikoa zen, eta alor horiek ederki jorratu ahal izan zituen Eskoriatzako bake epaile eta Euskadiko Kontsumoko Arbitraje Batzordearen Arbitraje Elkargoetako buru izanik.

Bere lanaren emaitza gisa, herritarren hainbat eta hainbat kasu eta eguneroko arazo konpontzeaz gain, zientzia ekarpen ugari egin zituen argitalpen zorrotzen bitartez, hainbat kontu lantzeko: besteak beste, kontsumorako kredituen kontsumoa, hipotekako zordunaren egoera sozioekonomikoa, ohorea izateko eta datu pertsonalak babesteko eskubidea, ezkontza prozesuetako genero indarkeria, adinduek bizitza aktiboa izateko eskubidea eta ekonomia soziala. Gainera, esparru sozial eta juridiko partekatuaren alde agertu izan zen beti, bai Euskal Herriari begira, kooperatibismoaren arloko euskal zuzenbide zibil berriari ekarpenak eginez, bai Europari begira, betebehar eta kontratuen zuzenbide pribatu bateratuaren inguruko proposamenen azterlanak eginez. Unibertsitateko zenbait ikastegitan eskolak eman zituen, eta ez zuen erraz ezabatzeko moduko oinatzik utzi; ura ekarri zuen, eta heldutasunez busti zituen ikasleen hurrengo belaunaldiak, zuhurtasunean, gogoetan eta errespetuan oinarrituta. Unibertsitateko kide guztiek eskerrak ematen dizkiote irakasleari, eta balioa eman nahi diete hark pozez eta neurriz egin zituen lan horiei guztiei.

Alabaina, haren bizitzako ezaguera guztia kontuan hartuta, haren jardun profesionala, akademikoa eta zientifikoa baino oraindik eta azpimarragarriagoa da hark erakutsitako laguntasuna, zintzotasuna eta maitasuna.

Besarkadarik estuenez, agur eta ohore, beti arte.

 

Juana Goizueta Vertiz
UPV/EHUko Zuzenbide Fakultateko dekanoa