Espainiako Biofisikako Elkarteak bere 16. Kongresua ospatuko du Sevillan ekainaren 6tik 8ra. Bertan jasoko dituzte beren sariak UPV/EHUko Biokimika eta Biologia Molekularrean katedradun eta Biofisika Institutuko kide Alicia Alonsok eta Kimika eta Fisika Saileko ikertzaile eta irakasle Emilio J. Cocinerok, bai eta osoko konferentziak eman ere.
Alicia Alonso eta Emilio J. Cocinero, Espainiako Biofisika Elkartearen saridunak
Alicia Alonso mintz biofisikari egin dion ekarpenarengatik saritu dute; Emilio J. Cocinero, espektroskopia molekularraren inguruan egin duen lanagatik
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2017/03/30
Zientzia eta Teknologia Fakultateko katedradun Alicia Alonsok Manuel Rico-Bruker saria lortu du. Sari horrek ikertzaile senior batek azken hamarkadan eta Espainian egindako lana aitortzen du. Mintz biofisikaren arloan egin duen lana eta ekarpenarena goraipatu nahi izan du, bai eta zientzia diziplina honetan izan duen ibilbidea ere. Biologian lizentziaduna eta Biokimikan doktore da Alonso. Doktorego ondoko ikasketak Dennis Chapman irakaslearekin egin zituen, Londresko Royal Free Hospital erakundean. 1998. urtean, CSICek eta UPV/EHUk batera sortu berria zuten Biofisika Unitateko lehen zuzendaria izan zen. 1999-2000 epean irakasle bisitaria izan zen Victoria Unibertsitatean (Columbia Britainiarra, Kanada). SBE Espainiako Biofisika Elkarteko presidentea izan da (2006-2010), SEBBM Espainiako Biokimika eta Biologia Molekularreko Elkarteko presidenteordea (2010-2014), bai eta IUPAB International Union for Pure and Applied Biophysics erakundeko batzordekide ere (2008-2014). Gaur egun COSCEko (Espainiako Erakunde Zientifikoen Konfederazioa) idazkari nagusia da. Horrez gain, 200 artikulu zientifiko inguru argitaratu ditu mintz biofisikaren alderdi ezberdinen inguruan, besteak beste, mintzen fusioan lipido-proteinen elkarrekintzek duten papera.
Emilio J. Cocinerok, bere aldetik, 40 urtetik beherako ikertzaileek izan dituzten merituak aitortzen dituen Enrique Perez Paya saria jaso du. Kasu honetan, espektroskopia molekularraren arloan Cocinerok egin duen lana saritu nahi izan du Espainiako Biofisika Elkarteak. Cocinerok 2005ean lortu zuen Kimika doktoregoa, Valladolideko Unibertsitatean. Oxfordeko Unibertsitatean ia hiru urte egon eta gero, 2009ko urtarrilean lanean hasi zen UPV/EHUko Kimika Fisikoa Sailean, Zientzia eta Teknologia Fakultatean, non molekula eskalako kimikaren egiturazko arazo ezberdinak konpondu nahi dituen ikerketa lerro bat zuzentzen duen. Cocinerok sari batzuk jaso ditu bere ibilaldiagatik, bai Espainian bai nazioartean, eta 2014tik Espainiako Kimika Elkarteko Kimika Ikertzaile Gazteen presidentea da. Gaztea bada ere, 90 argitalpen zientifiko baino gehiagoren egilea da, biomolekulen espektroskopia molekularraren hainbat alde aztertzen dituztenak.