euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasleek garuneko paralisiari buruz hausnartu dute

Errealizazioa I irakasgaian egindako proiektuetako batek irabazi du ASPACEfilm 2017 film laburren lehiaketa

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2017/07/27

UPV/EHUko sei ikaslek garuneko paralisiari buruzko film laburren ASPACEfilm 2017 lehiaketako film laburrik onenaren saria irabazi dute. Guillermo Rivasek, Alba Lozanok, Sergio Marcosek, Iker Vilak, Jaime Venegasek eta Jon Santamariak egin zuten bideo saritua, "En pocas palabras" (hitz gutxitan), Ikus-entzunezko Komunikazioko Graduko 3. mailako Errealizazioa I irakasgairako; irakasgai horretatik, garuneko paralisia jorratzen duten beste zazpi ikus-entzunezko proiektu atera ziren. Ikasleek ASPACE BIZKAIA erakundearen laguntza eta aholkularitza izan zuten proiektua egiteko.

Irakasgaiko irakasleak, Aintzane Pagadigorriak, ikasleei proposatu zien irakasgaiko lanak egitea eta ondoren lehiaketara aurkeztea, oinarrietan azaltzen ziren eskakizun zehatzak betez. Ikasleek ikus-entzunezko piezak (film laburrak, dokumentalak, bideosorkuntza eta animaziozko filmak) ekin zizkioten ASPACEfilm lehiaketari begira; ASPACEfilmen helburua da desgaitasuna arte sorkuntzaren munduan sartzen laguntzea eta gizartea garuneko paralisiaren errealitateari buruz sentsibilizatzea.

Proiektua martxan jarri zenetik, ASPACE BIZKAIA erakundea ikasleei laguntza eta aholkuak ematen aritu zen, zeren eta lan guztiek bete beharreko eskakizunetako bat garuneko paralisia zuten ASPACEko kideak izatea protagonista baizen.
Esther Turradok erakundeko Komunikazio arduradunak ikastaro txiki bat eman zuen, ikasleak garuneko paralisiaren arazoekin harremanetan jartzeko, haiei erakundearen eguneroko lana erakusteko eta ASPACEfilm zertan datzan azaltzeko.

Irakaslearen tutoretzan, ikasleak zortzi lantaldetan banatu ziren, eta lantalde bakoitza bere proiektuaren fase guztiez arduratu zen: gaia aukeratzeaz, zentroarekin eta aktoreekin harremanetan jartzeaz, gidoia garatzeaz, lekuak bilatzeaz, grabatzeko baimenak kudeatzeaz, filmatzeaz eta postprodukzioaz.

Talde bakoitzak hiru gidoi proposamen osatu zituen, eta erakundeak bere ustez bideragarriena edo egingarriena zena hautatu zuen horien artetik. Proiektuetako batzuk baztertu egin ziren, ideia berberak azaltzen zituztelako, pertsonaiarena egiteko protagonista bat aurkitzeko zailtasunak zeudelako edota ez zutelako garuneko paralisia duten pertsonen eguneroko bizimodua kontatzen.

Urtarrilean egindako lanak ezagutzeko gala bat egin zen, proiektuaren parte izan zena, eta ikasleak berak arduratu ziren galaren diseinuaz eta eszenaratzeaz. Ikuskizunak lagun asko bildu zuen, ASPACE Bizkaia erakundeko 70 kide bertaratu ziren baita Ikus-entzunezko Komunikazioko Graduko 3. Mailako hainbat ikasle ere. Film labur onenaren bi sari eman ziren: bata epaimahaiak bozkatutakoa, eta bestea ikusleek bozkatutakoa. Lehen saria "En pocas palabras" filmak eraman zuen, eta bigarrena, berriz, "Dream, Lola, dream" filmak. Bi lan horiek eta "Bahira" izeneko beste lan bat bidali ziren ASPACEfilm 2017 deialdi ofizialera.

Film labur onena eta aktore onena

Azkenean, ekainaren 21ean, ASPACEfilm 2017 lehiaketako sariak banatzeko ekitaldia egin zen, Madrilen. "En pocas palabras" lanak irabazi zuen film labur onenaren saria, eta, gainera, protagonistetako batek, Emilio Matok, ASPACEfilmen aktore onenaren saria lortu zuen.

Film laburraren alderdi tekniko, kreatibo eta narratibo guztiak ikasleek egin dituzte. Hala, Iker Villa arduratu da musikaz, lagun musikari baten laguntzarekin; muntaketa Jon Santamariaren esku egon da; Jaime Venegas arduratu da argiez; Sergio Marcos argazki-zuzendaria izan da; Alba Lozanok arduratu da aktore zuzendaritzaz; eta, azkenik, Guillermo Rivas egin du zuzendariaren lana. Guillermo eta Alba gidoia idatzi dute.

Filma Barakaldo Antzokiaren instalazioetan grabatu zen, eta garuneko paralisia duten bi pertsonen istorioa kontatzen du: biek zineman topo egiten dute elkarrekin, eta elkar ezagutzen ahalegintzen dira, euren laguntzaileek etengabe geldiarazi arren. Istorioa fikziozkoa da, baina, egileen arabera, "istorio inklusiboa" da, eta garuneko paralisia dutenen errealitatea erakutsi nahi du.

Istorio sinple bat da, samurtasun handikoa, eta garuneko paralisia duten bi pertsona dira protagonista, baina edonor izan liteke. Autoreek diotenez, horixe da filma gustuko izateko funtsezko alderdietako bat. Funtsezko beste alderdietako bat umorea da: lanetan egiaztatu ahal izan zutenez, umoreak ondo funtzionatzen zuen publiko mota guztiekin.

Ikasleek 1.000 euroko dirusaria eta garuneko paralisia duten ASPACE Toledo erakundeko kideek eginiko garaikurra irabazi dituzte. Gainera, film labur irabazlea 8Madrid TV katean emango dute, baita hainbat autonomia erkidegotako 60 zinema aretotan baino gehiagotan ere, pelikulen aurretik.

Gizarteko ikuspegia

Pagadigorria irakasleak azaldu du ikasleei prestakuntza integrala emateko asmoz erabaki zutela ASPACErekin batera lan egitea. "Proiektu honekin ikasleek curriculumeko konpetentziak garatzea nahi dugu, baina baita konpetentzia etiko eta sozialak ere, Ikaskuntza Zerbitzua metodologia barneratuz", esan du.

Horrela, filmaketa osoan, Errealizazioa I irakasgaiko ikasle guztiek ikasgai zerrenda landu dute, eta filmaketa batean ager daitezkeen benetako arazoei aurre egin behar izan diete. "En pocas palabras" filmeko taldeak, gainera, azpimarratu du beren burua antolatzen ikasteko balio izan diela filmaketak. Aurretik ere egin izan dituzte lehiaketetarako film laburrak, eta, lan honekin, rolak eta funtzioak gehiago bereizten ikasi dute.

Gainera, sektoreko profesionalek epaituko duten eta kanpoko jendeak ikusiko duen lan bat lehiaketara aurkeztuta, ikasleek gutxieneko portfolio bat izango dute gradua amaitzean, lehen harreman profesionaletan mugitzen hasi ahal izateko.

Alabaina, irakasgaia modu horretan planteatzearen onurak alderdi teknikoetatik gaindi daude: "Proiektu honekin, pixka bat haratago joan nahi izan dugu, proiektua landuz eta ikuspegi sozial batetik ere garatuz", adierazi du Pagadigorriak. "Proposamen hezigarri honi esker, ikasleek kritika eta gogoeta egiteko gaitasunak garatu dituzte, baina baita aktiboki parte hartzeko gaitasuna ere. Gaur egun, goi mailako hezkuntzan, profesionalak ez ezik herritarrak ere trebatu nahi dira", nabarmendu du irakasleak.