NanoBioCel taldea dago biriketako minbizia aztertzeko 3Dko giza modeloekin lotutako aurrerapenaren buru
Talde horren bidez, EHU minbiziarekin lotutako ikerkuntzara bideratutako UNCAN-CONNECT Europako proiektuan ari da parte hartzen
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2025/12/01
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU), NanoBioCel ikerkuntza talde kontsolidatuaren eta Jose Luis Pedraz eta Denis Scaini ikerlarien bidez, minbiziarekin lotutako ikerkuntzarako proposamen eta metodologia berriak garatzen hartzen du parte. Gainera, UNCAN-CONNECT Europako proiektuaren kide aktiboa da (Horizon Europa programak finantzatutako ekimena da eta ikerkuntza onkologikoan aurrera egiteko sare deszentralizatua eta elkarlanekoa sortzea du helburu).
5 urteko iraupena izango du ekintza horrek eta Europako 19 herrialdetako 53 bazkide bilduko ditu (horietako bat da, hain zuzen ere, NanoBioCel). Irailaren 1ean ekin zion bere ibilbideari. Horizon Europa ikerkuntzarako eta berrikuntzarako programak finantzatzen du eta guztira 30 milioi euroko zenbatekoa du proiektuak.
Proiektuaren helburu nagusia da minbizia ikertzeko datuak sortzeko, modu seguruan trukatzeko eta modu etikoan kudeatzeko plataforma garatzea, Europako herrialdeen arteko mugaz gaindiko lankidetza sustatuz, minbiziaren ikerkuntzaren arloan egindako aurkikuntza kopurua indartzeko, gaixotasunaren prebentzioa, diagnostikoa eta tratamendua hobetzeko.
UNCAN-CONNECT minbiziari aurre egiteko beharrarekin lotuta dago (Europa mailan, bigarren heriotza kausa da). Espainiaren kasuan, 2025ean, 296.103 minbizi-kasu berri gertatu ziren; hau da, 2024an baino % 3,3 gehiago (Onkologia Medikoko Espainiako Sozietateak emandako datuen arabera). Estatu mailako aurreikuspenen arabera, 2030era begira, minbiziaren intzidentzia % 12 handituko da, eta heriotza tasa % 19. Euskal Autonomia Erkidegoan, intzidentzia % 6 eta heriotza tasa % 9 igotzea aurreikusten da urte horretarako.
UNCAN-CONNECT proiektuak, Europako UNCAN.eu esparru mailako testuinguruan, “hub” nazionalen eta zentralen ekosistema finkatzen du. Hub horiek era askotako datuetarako (klinikoak, genomikoak eta irudienak, besteak beste) sarbidea ahalbidetzen dute, pazienteen pribatutasuna arriskuan jarri gabe. Ikuspegia sei minbizi mota nagusitara bideratu da: pediatrikoa, linfatikoa, pankreatikoa, obarikoa, biriketakoa eta prostatakoa. Erabilera kasuen bidez, plataforma balioztatuko da, era askotako erronkei aurre eginez: datuen estandarizazioa, gobernantza etikoa eta adimen artifizial fidagarriaren integrazioa.
UNCAN-CONNECTek, oinarrizko ikerkuntza eta ikerkuntza translazionala errazteaz gain, berrikuntza industriala eta pazienteen parte hartzea sustatuko ditu, eta EBko Minbiziari buruzko Misioari eta Minbiziaren aurkako Europako Planari lagunduko die.
Ikerketa onkologikoan, mikro eta nanoteknologietan, biomaterialetan, zeluletan eta farmazia arloko teknologian duen eskarmentua eskainiko du EHUk. Zehazki, biriketako minbizi ez mikrozitikoaren aurreratzean eta metastasian lan egingo du, 3D-bioprinting teknologia duten in vitro giza modeloen garapena zuzenduz. Pazienteen laginak erabiliz, nitxo kantzerigeno pertsonalizatuak birsortuko ditu, ikerketa multimodalen bidez aldaketa biofisiko eta biokimikoekiko erantzunak ebaluatzeko. Ekarpen berritzaile horri esker, Joint Research Lab in Advanced Pharmaceutical Therapies sortu da Arabako Foru Aldundiarekin lankidetzan, eta tumorearen eta haren mikroingurunearen biologia sakonago ulertzea ahalbidetuko du, tratamendu pertsonalizatuak garatzea eta datu horiek UNCAN.eu plataforman integratzea erraztuz.
"NanoBioCelek UNCAN-CONNECTen parte hartzea aurrerapauso handia da Arabako ikerkuntza onkologikoan. Izan ere, bioprinting 3Dan dugun esperientzia Europa mailako lankidetza sarearekin bateratu ahal izango dugu. Horrek, tokiko aurkikuntzak bizkortzeaz gain, Araba eta Euskadi erreferente bihurtu ditu minbiziaren aurkako berrikuntzan”, adierazi dute Jose Luis Pedraz eta Denis Scaini proiektu honetan EHUko ikertzaile nagusiek, “eta unibertsitateak osasun publikoarekin eta ezagutza Euskadiko industria sarera transferitzearekin bere gain hartutako konpromisoa indartzen du”.