Stem Cell Research & Therapy aldizkari entzutetsuan argitaratu duten UPV/EHUko ikerketa batean frogatu dute gizakien hortzetako mamitik ateratako zelula amak zelula neuronal kitzikakor bihurtu daitezkeela, eta agerian utzi dute erraz eskuratu daitezkeen zelula horiek nerbio-ehunen ingeniaritzan erabili ahal izango direla. Aurkikuntza horri esker, terapia zelularrean aurrera egin ahal izango dute hainbat patologia neurodegeneratibo tratatzeko, hala nola Huntingtonen gaixotasuna eta epilepsia.
Neuronen oso antzeko zelulak sortu dituzte gizakien hortzetako zelula amen bitartez
UPV/EHUn sortu dituzten zelula horiek jarduera elektrofisiologikoa dute, eta bide berriak ireki dituzte gaixotasun neurodegeneratiboak aztertzeko eta etorkizunean transplante autologoak egiteko
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2025/05/06

“Neurona heldu bat ezin da zatitu. Galduz gero, betiko galtzen da. Eta, beste organo batzuen aldean, garunak naturalki birsortzeko ahalmen gutxi du, zelula ama gutxi dituelako”, dio Gaskon Ibarretxek, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Signaling Lab taldeko ikerlariak. Zientzialariak neurona funtzionalak sortzeko modua bilatzen ari dira, transplantatzeko eta, hala, patologia neurodegeneratiboetan (garuneko traumetan, iktusetan eta abarretan) defizitak gainditu ahal izateko. “Baina garunean transplantatutako zelulak kaltetutako garun-zirkuituan integratzeko eta galdutako neuronak ordezkatu ahal izateko, ezinbestekoa da zelula horiek bulkada elektrikoak sortzeko gai izatea”, gehitu du Jose Ramon Pinedak, ikerketaren egilekide eta taldeko ikerlariak.
Zelula amek hainbat zelula espezializatutan zatitzeko eta bereizteko gaitasuna dute. Azaldu dutenez, UPV/EHUko ikerketa-taldeak “gizakien hortzetako mamiko, hau da, hortzen barruko ehun biguneko zelula amak bereiziz” lortu ditu zelula horiek, zeinak “neuronenen moduko bulkada elektrikoak sortzeko gai baitira”. Ikerketa horren lorpen nagusia da sortu dituzten zelulek “kitzikakortasun funtzionala dutela eta neuronen jarduera erregulatzen duen neurotransmisore-mota bat sintetizatzen dutela, genetikoki eraldatu gabe; izan ere, jatorrizko hortz-zelulak hartu eta zuzenean diferentziazio-faktoreekin hazi dituzte, eta estimulu zehatzak eragin dizkiete, neurona-jarduera elektrofisiologikoa duten zelulak sortzeko —adierazi dute UPV/EHUko Signaling Lab taldeko ikertzaileek—. Orain arte ez da inoiz halakorik lortu”.
Neurona inhibitzaileen antzekoak dira
Neurotransmisoreak neuronek askatzen dituzten substantziak dira, eta kitzikatzeko edo inhibitzeko seinaleak bidal ditzakete, neuronek bulkada elektrikoa sortu dezaten edo ez dezaten sortu. “Bereizi ditugun zelulak GABA izeneko neurotransmisorea sintetizatzeko gai dira —azaldu dute ikertzaileek—. Seinaleztapen inhibitzaile mota bat da, hau da, seinalea jasotzen duen neuronak bulkada elektrikorik ez sortzea kontrolatzen du. Eta hori oso garrantzitsua da; izan ere, zenbait gaixotasun neurodegeneratibotan (Huntingtonen gaixotasuna eta epilepsia, adibidez), garuneko eremu jakin batzuetan zelula-mota horiek, eta horiek bakarrik, hiltzen dira, eta, ondorioz, garuneko zirkuitua behar baino gehiago kitzikatzen da”.
Ibarretxe eta Pineda, UPV/EHUko Biologia Zelularra eta Histologia Saileko irakasleak, oso baikor agertu dira aurkikuntza horri esker aztertu ahal izango diren bide berriekin: “Uste dugu zelula horiek garuneko zirkuitu kaltetuetan sartu ahalko direla eta galdutako neuronak ordezkatu ahal izango dituztela. Era horretan, lehenagotik garunean dauden neuronekin berriro konektatu ahal izango lirateke, eta galdutako eremu osoa birsortuko lukete, berriro egoki funtziona dezan. Aurkikuntza honek nerbio-sistemari aplikaturiko terapia zelular tradizionalaz bestelako ikuspegia proposatzen du; orain arte, terapien helburu nagusia hantura murriztea zen, hau da, bizirik geratzen zena babestea, baina ez galdutakoa berritzea. Honek ate berri bat ireki dio etorkizuneko medikuntza pertsonalizatuari”.
Hain zuzen ere, horixe da ikerketa honen hurrengo pausoa: “Zelula horiek animalia bizietan transplantatzea, eta ikustea ea garuneko zirkuituan integratzen diren eta ostalariaren neuronekin birkonektatzen diren. Guztiz heldu gabeko neuronen bereizgarri diren bulkada elektrikoak sortzen dituzten zelulak lortu ditugu, baina badakigu bulkada-kate elektrikoak sortu behar dituztela eta neurona-zirkuituan behar bezala integratu behar direla. Oraindik ez dugu hori lortu”. Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlariek adierazi dutenez, “bidea luzea izango da, baina badakigu etorkizun oparoa izango duela. Uste dugu zelula horiek klinikan inplementatzeko aukera handia dagoela. Erabat heldu gabeko fasean transplantatzeak malguagoak izatea eta garuneko zirkuitu jada garatuetan integratzea erraztu dezake”. Izan ere, ikertzaileek diote zelula horiek berezko abantaila bat dutela: “Ez dute tumoreak sortzeko joerarik; alderantziz, frogatu dugu zelula oso egonkorrak direla eta gizakion beste zelula ama mota batzuk baino hobeto bereizten direla”.
Informazio osagarria
Ikerketa hau Beatriz Pardo Rodríguezen doktore-tesikoa da, zeina Biologia Zelularra eta Histologia Saileko José Ramón Pineda Martí eta Gaskon Ibarretxe ikertzaileek zuzendu baitute. Ikerketan Achucarro neurozientzien euskal zentroko ikertzaileek ere lagundu dute.
Pinedak eta Ibarretxek Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Medikuntzako eta Ingeniaritza Biomedikoko graduetan ematen dituzte eskolak, eta baita Ikerketa Biomedikoko masterrean ere.
Erreferentzia bibliografikoa
- Functional differentiation of human dental pulp stem cells into neuron-like cells exhibiting electrophysiological activity
- Stem Cell Research & Therapy
- DOI: 10.1186/s13287-025-04134-7