Iñaki Milton Laskibar eta Laura Isabel Arellano García eta Maria Puy Portillo
Oliba olioa: COVID-19ari aurre egiteko urre likidoa
IMDEAko eta UPV/EHUko ikertzaileak, hurrenez hurren
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2022/04/05
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.
2020ko martxoan Espainiako Gobernuak COVID-19aren ondorioz maila nazionalean alarma egoera ezarri zuenetik, txerto eraginkor bat bilatzea izan da komunitate zientifikoaren helburuetako bat. Hala ere, gaur egun eraginkortasun frogatuko hainbat txerto dauzkagun arren, COVID-19aren klinikan eragiten duten hainbat faktoretan gero eta arreta handiagoa jartzen da.
COVID-19a eta gaixotasun inflamatorioak
Txertoak sortu aurretik, COVID-19aren pronostikoa okerragoa izatearekin lotutako arrisku faktoreak identifikatzea funtsezkoa izan da populazio talde kalteberenak zein diren zehazteko. Hala, SARS-CoV-2az kutsatzen diren pertsonek komorbilitate jakin batzuk badituzte –adibidez, obesitatea, gaixotasun kardiobaskularrak, hipertentsioa, diabetesa edo minbizia– hiltzeko arrisku handiagoa dutela finkatu da.
Gaixotasun horien bereizgarria maila txikiko egoera inflamatorioa izatea da, zitokinen eta beste bitartekari proinflamatorio batzuen igoerak eragindakoa. Ikusi denez, egoera inflamatorio kroniko horrek eragin negatiboa dauka SARS-CoV-2az kutsatzen diren pertsonengan. Hau da, kasu horietan gaixotasunak pronostiko txarragoa du.
Gaixotasun horiek, beste faktore batzuen artean, elikadura eredu desegokiekin (gantz ase eta azukre kopuru handikoak) lotuta daudenez, elikadura osasungarria izateak prebenitzen lagundu beharko luke eta, hala, COVID-19aren larritasuna mugatuko litzateke.
Elikadura eredu osasungarriez ari garenean, lehenik eta behin dieta mediterraneoaz gogoratu ohi gara. Elikadura mota horrek bi bereizgarri ditu: landare jatorriko elikagai (zuntz eta konposatu bioaktibo askokoak) eta gantz asegabe (fruitu lehorrak eta oliba olioa) kopuru handia izatea, eta, haragi gihartsua, arraina eta esnekiak neurriz kontsumitzea.
Ildo horretan, oliba olioa dieta mediterraneoaren nortasun ikurretako bat da, adituen ustez. Alde batetik, errezeta askotan dago. Beste alde batetik, osasuntsu egoteko eragin onuragarriak dituela esaten da.
Hidroxitirosola: oliba olioak COVID-19ari aurre egiteko duen arma
Oliba olioak gaixotasun kardiobaskularretan dituen eragin onuragarri ezagunez gain, hainbat azterlanetan frogatu denez, oliba olioak potentzial antibirikoa dauka.
Hala, oliba olioak dituen polifenolek eragin antibiriko horretan zerikusia izan dezaketen propietate antioxidatzaileak eta antiinflamatorioak dituztela frogatu da. Oliba olioak dituen konposatu fenolikoen artean, hidroxitirosola nabarmentzen da; askotan aztertua, osasunean eragin onuragarriak dituelako. Polifenol hori oleuropeinaren hidrolisitik dator eta olioan dagoen kopurua hainbat faktorek baldintzatzen dute, adibidez: oliba barietateak, hasierako lanketak eta olioa egiteko prozesuak.
Hidroxitirosola dagoeneko infekzio batzuen aurkako tratamendu antibiral gisa proposatu denez –adibidez, gripearen birusaren eta GIB-1en aurkakoa–, bai COVID-19a prebenitzeko bai kutsatu diren pazienteak tratatzeko konposatu baliogarri posible bat dela iradoki da. Izan ere, hidroxitirosolak SARS-CoV-2az kutsatzea eragozteko ahalmena du. Birusaren kapsideko proteinarekin eta ACE2arekin –birusak gorputzean sartzeko ate gisa erabiltzen duen ostalariaren proteina– aldi berean elkartuz egiten du hori. Hain zuzen ere, gizakiekin egindako azterlan batean ikusi zenez, hidroxitirosola sudurreko esprai moduan ematea SARS-CoV-2az kutsatzea prebenitzeko modu eraginkor bat izan daiteke.
Hori gutxi balitz, hainbat azterlanetan iradokitzen denez, hidroxitirosolak COVID-19a duten pazienteengan ere eragin onuragarriak eduki ditzake. Beste gauza batzuen artean, SARS-CoV-2ak aktibatzen dituen proteina batzuk, biriketako ehunerako kaltegarriak, inhibitzen dituelako.
Horrez gain, ikusi denez, hidroxitirosolak interleukina-6aren kontzentrazio zirkulatzaileak eta tumorearen nekrosiaren alfa faktorea modu eraginkorrean murrizten ditu. Biak ala biak COVID-19ak berezkoa duen “zitokinen ekaitzean” inplikatutako zitokina proinflamatorioak dira.
Beste alde batetik, hidroxitirosolak eragin antioxidatzailea ere badu. Ondorioz, erantzun antioxidatzaileko elementuen sintesia bultzatzen du (nagusiki, Nrf2 proteina aktibatuz) eta biriketako ehuna lesioetatik babesten laguntzen du.
Oliba olioa, “COVIDaren osteko” sindromearen kasuan ere onuragarria
COVID-19a izan duten pazienteen zati batek, infekzio birikoa gainditu ondoren, horrekin lotutako sintomatologia izaten jarraitzen du. Sintomek 12 aste baino gehiago iraunez gero, egoera horri COVID-19aren osteko sindromea deitzen zaio. Erasandako gizabanakoek nekea, antsietatea, depresioa eta loaren nahasmendua dituzte, besteak beste, eta horiek bizitza normala izatea eragozten diete.
Nahiz eta sindrome hori nahiko berria eta ezezaguna izan, hidroxitirosola emateak (elikadura osagarri baten barruan) berau nozitzen duten pertsonen egoera mentala eta fisikoa hobetzen dituela deskribatu da.
Horrek adierazten duenez, ikusitako eraginetan, hidroxitirosolaz gain, agian beste konposatu bioaktibo batzuek ere esku hartzen dute (B taldeko bitaminak, C bitamina edo L-carnitina). Horregatik, hidroxitirosolak bai isolatuta, bai oliba olioaren parte gisa, COVID-19aren osteko sindromean dituen eraginak ezagutu beharko lirateke.
Eskura dagoen ebidentzia ikusita, itxuraz garbi dago dieta eredu egoki bat ezartzeak ere (txertatzearekin eta segurtasun neurriak hartzearekin batera) mesede egin diezagukeela bizitzea egokitu zaigun pandemia honetan.
Oliba olioaren kasuan, deskribatu diren COVID-19aren gaineko eraginak aintzat hartuta, elikagai bereziki gomendagarria da. Orain egiten ari diren ikerketek deskribatu diren eraginetan inplikatutako mekanismoak hobeto ulertzen lagunduko dute.