euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

Orienta zaitez, orienta ditzazun

Bigarren Hezkuntzako 68 ikastetxetako 92 orientatzailek parte hartu zuten Donostian egindako orientaTU topaketan 

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2026/11/23

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Carlos Santamaria Zentroan egin da orientaTU orientazio topaketen bederatzigarren edizioa, ‘Orienta zaitez, orienta ditzazun’ lelopean. EHUko Unibertsitate Orientaziorako Zerbitzuak antolatutako jardunaldiaren helburua izan da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako orientatzaileei informazio eguneratua eta baliabide erabilgarriak eskaintzea.  

“Orientatzaileek funtsezko eginkizuna dute ikasleek beren etorkizun akademikoa eta profesionala konfiantzaz eraiki dezaten. Izan ere, orientazio egokia ezinbestekoa da bai norberaren arrakastarako, bai gure gizartearen arrakasta kolektiborako. Orientazio jardueren bidez, EHUk orientatzaileen lana babesten du, euskal gizartearen zerbitzura dagoen unibertsitate publikoa den aldetik, komunitatetik hurbil dagoena eta komunitatea zaintzen duena”, adierazi du Asier Blas EHUko Ikasleen eta Gizarte Konpromisoaren arloko errektoreordeak. 

Jardunaldian 92 lagunek parte hartu zuten. Gehienak Gipuzkoatik etorri ziren (63); ondoren, Bizkaitik (25) eta Arabatik (4). Parte hartzaileen profilaren arabera, % 79 emakumeak izan ziren, eta % 13 gizonak. Ikastetxeen sareari dagokionez, % 68 sare publikokoak ziren, eta % 24 sare pribatukoak. Guztira, Bigarren Hezkuntzako 68 ikastetxek hartu zuten parte: 47 Gipuzkoakoak ziren, 18 Bizkaikoak eta 3 Arabakoak. Horrez gain, jardunaldia streaming bidez ere jarraitu ahal izan zen, eta guztira 73 konexio izan ziren. 

Aurtengo edizioan, topaketak hiru arlo izan zituen ardatz: Biozientziak, Antropologia Soziala eta Soziologia, eta Industriari Aplikatutako Zibersegurtasun Ingeniaritza. Gainera, aurten, zeharkako gai gisa, unibertsitateko ikasleen esperientziak aurkeztu ziren. 

OrientaTU 2026 topaketak berretsi egin zuen unibertsitatearen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeen arteko elkargune eta lankidetzarako guneak mantentzearen garrantzia, bi hezkuntza etapen arteko loturak sendotzeko. Horren guztiaren helburua da ikasleei unibertsitaterako trantsizioari buruzko informazio egokia eta laguntza eskaintzea, beren etorkizun akademikoa eta profesionala erabakitzeko une erabakigarri honetan. 

Aurkitu irudiak FLICKR-en: https://flic.kr/s/aHBqjDbumQ