euskaraespañol

Redes sociales campusa

Pablo Fernández de Luciok Doktorego Tesi Onenaren SIF saria irabazi du

Tesi hau zuzenean bideratuta dago erreminta-fabrikatzaileak laguntzera

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2025/06/23

Pablo Fernandez de Luciok Manufacturing Engineering Society International Conferencie 2025 ekitaldiaren barruan jaso du saria, Bilbon, 2025eko ekainaren 19an. | Argazkia: Pablo Fernandez de Lucio

Pablo Fernández de Lucio doktoreak Fabrikazio Ingeniaritzako Elkartearen (SIF) Doktorego Tesi Onenaren saria jaso du "Aplicación de tecnologías avanzadas de generación de herramientas de corte para la mejora del torneado de materiales de baja maquinabilidad" izeneko lanagatik. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ingeniaritza mekanikoko saileko Soraya Plaza Pascual eta Gorka Urbikain Pelayok zuzendu dute lana. Manufacturing Engineering Society International Conferencie 2025 ekitaldiaren barruan jaso du saria, Bilbon, 2025eko ekainaren 19an.

Doktorego tesiak zeramika mozteko erreminten produktibitatea handitzeko irtenbide berritzaile bat proposatzen du, torneaketa prozesuetan optimizatuz. "Nire tesiaren hasierako planteamendua nire Master Amaierako Lanaren jarraipen gisa sortu zen, nahiz eta Gradu Amaierako Lanetik oso antzeko gaiak lantzen aritu naizen. Doktorego tesia duela ia bederatzi urte hasi nuen ikasketa ziklo baten amaiera izan da ", azaldu du.

Zeramikazko ebaketa-erreminten mugak sakon aztertu ondoren, ikertzaileak funtsezko hiru hobekuntza identifikatu ditu: tresnetan autolubrifikatutako estaldurak erabiltzeak ebaketa-tenperatura murrizten du, bizitza erabilgarria luzatzen du eta urarekin eta olioarekin hozteko beharra ezabatzen du; erremintetan laserrarekin egindako ildoek higadura murrizten dute, materialaren ebaketa hobetzen dute eta lubrifikatzaileak babestu eta hoztea ahalbidetzen dute; eta zeramikazko erremintetan ahoen erradioa optimizatzeak erresistentzia eta iraunkortasuna hobetzen du, ebaketa-indarrak pixka bat handitzearen truke ebaketa erraztuz.

Fernández de Lucioren arabera, "zeramikazko erremintekin egindako mekanizazioaren azterketa oso gai interesgarria da, material konplexu eta makinagarritasun zaileko osagaiak fabrikatzeko laguntza ugari eman baititzake (termino hori erabiltzen da material mekanizatu bat zein erraza edo zaila den ikusteko)", eta zeramikazko erreminten hiru optimizazio horiekin, "beste giltzarri bat dugu turbina aeronautikoen edo produkzio elektrikoen aplikazioetarako osagaien produktibitatea eta kalitatea hobetzeko, aleazio berrietako sateliteen osagaiak, eta gainazal funtzionalen akabera optimoa lortzeko".

Pablo Fernández de Luciok gaur egun Zamudioko CFAA Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroan osatzen du bere ikerketa. Nabarmendu duenez, "aitortza honek, nire karreran oso garrantzitsua den etapa bat ixteaz gain, fabrikazio-ingeniaritzaren garapenari laguntzen jarraitzera bultzatzen nau, hasi nintzenean nuen pasio eta konpromiso berarekin".

SIF

Fabrikazio Ingeniaritzako Elkartea irabazi-asmorik gabeko elkartea da, eta Fabrikazio Ingeniaritza garatzea eta sustatzea du helburu nagusi. Gaur egun, fabrikazioaren arloan diharduten Espainiako unibertsitate gehienak daude ordezkatuta SIF-en, bai eta Iberoamerikako hainbat unibertsitate ere. Baina Elkarteak ez ditu soilik unibertsitate-arloko bazkideak, Lanbide Heziketaren sektorea ere barne hartzen du, baita industria-sektorea, erakundeak eta zentro teknologikoak ere.