Euskal Herriko Unibertsitatearen nortasun korporatibo berritua aurkeztu zuen unibertsitateak Chillida Lekun. Eduardo Chillidaren ikuspegia, lana eta ondarea batzen dituen garapenetik sortua. Hala, Chillidaren ikurrak EHU siglak bakarrik eramango ditu aurrerantzean.
Unibertsitatearen marka berriak sustraiei begiratzen die aurrera egiten jarraitzeko
Eduardo Chillidari omenaldi sentitua egiteko baliatu zuen EHUk aurkezpena
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2025/07/01

Marka soiltzea erabaki du Euskal Herriko Unibertsitateak eta marka berritua aurkeztu zuen jendaurrean Chillida Lekun egindako ekitaldian. Euskal gizartearen eta unibertsitatearen ordezkaritza zabala elkartu da ekitaldira. Unibertsitatearen ikur bilakatu den Eduardo Chillidaren lana errespetatuz, haren lanaren eta unibertsitatearen orainaren eta etorkizunaren arteko lotura berritu du EHUk.
Artez inguratuta, eguzkiak bustitako naturan murgilduta, hiru dantzarik ekitaldiari hasiera eman zioten. Eskulturen ondoan dantzatu zuten, Eduardo Chillidari omenaldia eginez. Bertaratutakoek dantza eta eskulturaren arteko batasuna ikusten zuten bitartean, dantzariak baserrira sartu ziren dantzan, bertaratutakoen harridurarako. Ekitaldiaren hasiera hunkigarria. Dantzarien ondoren, Juana Goizueta Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak ongietorria eman zion ekitaldiari. Ondoren, unibertsitateko agintariek hartu zuten hitza.
EHUko errektore Joxerramon Bengoetxeak adierazi zuenez, “gure errektoretza taldeak eraldatzeko asmo sendo batetik ekin zion lanari eta horixe bilakatu dugu EHUren marka”. “Pertenentzia sentimendua oso garrantzitsua da eta markak bermatu behar du unibertsitate komunitatearen eta gizartearen identifikazioa. Soiltasuna eta dotorezia inpaktua eta ospea bermatzeko”.
“Garrantzitsua delako sustraietara begiratzea nondik gatozen ez ahazteko eta aurrera egiten jarraitzeko”, gehitu zuen Bengoetxeak. Eta horretarako “nortasun propioa duen eta bereizten eta ordezkatzen gaituen unibertsitatea” izan nahi dugu. Ildo horretan, gehitu zuen “EHUk lideratu behar du euskal unibertsitate sistema: unibertsitate europarra, euskalduna eta propioa, campus anitza eta zabala; mundura zabalik”.
Markaren eraberritzearen inguruko azalpenak eman zituen Bizkaiko Campuseko eta Komunikazioko errektoreorde Estitxu Garaik: “Gure marka berritzeko prozesu osoaren abiapuntu eta zutabe nagusia da Chillidak gure unibertsitateari egindako ikurra, gure unibertsitateari egindako ekarpena. Ez baita ikur soila, unibertsal kontzeptuak oso bat da”. Hala, EHUren nortasunaren erdigunean kokatu da Chillidaren ikurra eta EHU siglak bakarrik erabiliz, “indartu egiten da”. Soildu egin da izendapena, argiagoa egiteaz gainera, gogoratzeko errazagoa eta komunikazio inguru berrietarako erabilgarriago izateko asmoz. “Egungo joerekin sintonian eta izengintzaren inguruan azken urteotan egindako lanari jarraituz garatu da marka berria”, borobildu zuen errektoreordeak.
Kolore korporatiboa
Markaren parte bilakatu da aurkezpenetik aurrera paleta kromatiko korporatiboa. Gernikako arbolaren eta zientziaren arbolaren metaforarekin jarraituta, uniberdea izango da EHUren kolore korporatibo nagusia, “bizitasunez beteriko berde distiratsua”, gehitu zuen Garaik. Paleta osatzeko amalurra inspirazio iturri duten koloreak ere gehitu dira: egunsentia, zerua, argia eta behe lainoa, paisaiaren eta EHUren nortasunaren parte legez.
Bestalde, Chillida familiaren ordezkari gisa, Mikel Chillidak, artistaren bilobak, hartu zuen hitza, eta eskerrak eman zizkion EHUri bere aitonarekiko konpromisoagatik, "etxe honekiko, gure gizartearekiko eta ezagutzarekiko konpromisoagatik, ezagutzan eta etorkizuneko mundurako prestakuntza egokian oinarritutako espazioak sortu behar direlako". Pozik agertu zen EHUren marka berriaren aurkezpena egin zelako, "beti zuen etxea izango den leku honetan", eta konpromiso hitza azpimarratu zuen, “Eduardo Chillidaren nire aitonaren lana modu irmoagoan definitzeko elementuetako bat baita. Bere gizartearekin izan zuen konpromisoa, bere lanarekin izan zuen konpromisoa, eta oro har bere buruarekin izan zuena. Eta bere logotipoari, guztion logotipoari, bizitza berri bat emateak, guztiona delako, nire aitona oso harro egotea eragingo luke, ez bakarrik logotipoagatik, baita gauzak nola egiten diren erakutsi duzuen konpromisoagatik ere".
Kanta berria
EHUren etorkizuneko ereserki izateko asmoz sortutako pieza aurkeztu zuten ekitaldian, bertaratutakoen harridurarako. Musika Luca Fanelli musikari eta EHUko matematika irakasleak konposatu du; hitzak Jone Uria bertsolari eta Matematika irakasleak jarri dizkio. Ekitaldian Leire Berasaluze abeslari, EHUko irakasle eta Gipuzkoako Camuseko idazkari akademikoak interpretatu zuen:
Ezagutzaren adaburua
sendo behar bada egun
ezinbesteko dira zenbaki
letra, sare eta EHUn
Gizarterako gizartearen
euskaldun ehuneko ehun
mundu hobe bat amestu eta
gauzatzen da EHUn
Eman ta zabal zazu jakintza
zergatik izan gordeta
denon eskura irakaskuntza
ikerkuntza gogoeta
ezagutzaren adaburua
sendo behar bada egun
ezinbesteko dira zenbaki
letra, sare eta EHUn
Gizarterako gizartearen
euskaldun ehuneko EHUn
mundu hobe bat amestu eta
eman ta zabal zazu jakintza