euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

Erraldoiak loretan: banbuaren ezohiko zikloa

EHUren Leioako Arboretumeko banbu espezie batean ustekabeko gertakari botaniko bat ikus daiteke egunotan.

  • Photocampus

Lehenengo argitaratze data: 2026/10/28

Argazkia: Juan Antonio Campos Prieto. EHU

NON: Arboretum (Leioako campusa) NOIZ: 2026ko urria. NORK: Juan Antonio Campos Prieto. EHU. 

Gramineoak (Poaceae) zelaietako belarrekin eta zerealekin (gariarekin edo artoarekin, adibidez) lotu ohi ditugun arren, gogorarazi behar da banbuak ere sartzen direla landare talde horretan. Banbuak benetako belar erraldoiak dira, zurtoin belarkara lodiak izaten dituzte, barne-hutsak askotan, eta zurtoin horiei esker, zuhaitzen tamaina izatea lor dezakete. Landare horien jatorrizko eskualdeetan, batzuek benetako basoak era ditzakete; zurtoinek altuera handia hartzen dute lurpeko errizoma-sare zabal batek eutsita. 

Hain zuzen ere, banbu horietako batean, Phyllostachys sulphurea izenekoa, ustekabeko gertakari botaniko bat jasotzen ari da egunotan EHUren Leioako Arboretumean: lurzorutik zuzenean sortu diren zurtoin meheetan infloreszentziak agertu dira; hori dela eta, landare horien bizi-zikloan oso ezaguna ez den alderdi bat ikus daiteke. 

Errizomak lurpeko zurtoinak dira, banbu hauei kimu berriak sortzea eta lursailean barrena begetatiboki hedatzea ahalbidetzen dietenak. Loraldia, aldiz, sexu bidezko ugalketaren parte da, eta bereziki deigarria da landare talde honetan gertatzea; izan ere, espezie batzuek loraketa-ziklo izugarri luzeak dituzte, batzuetan hamarkada batzuk (edo 120 urte ere) behar izaten baitituzte loratzeko. 

Banbu batzuen fenomeno harrigarrienetako bat da loraldi sinkronizatua dutela. Dokumentatuta dago klon berekoak diren eta elkarrengandik oso urrun dauden lekuetan banatuta dauden espezie bereko indibiduoak aldi berean loratu daitezkeela. Aldiberekotasun hori aleak elkarrengandik oso urrun daudenean ere gerta daiteke landareak apaingarrien merkataritzaren bidez hedatu eta banatzearen ondorioz. Espezie monokarpikoetan (behin bakarrik loratzen direnetan), gainera, loraldi masiboen ondoren aleak hil egin daitezke, baina portaera hori ez da berdin gertatzen banbu guztietan. 

Arboretumean ikusitako loraldiak (aste batzuk edo hilabete batzuk ere iraungo du) aukera paregabea eskaintzen du oso ezaguna ez den prozesu bat hurbiletik ikusteko eta gogorarazteko gramineo hauen zuhaitz-itxuraren atzean zientziak erabat ulertzen ez dituen sekretuak ezkutatzen direla oraindik.  

Gertaerak gogorarazten du, halaber, unibertsitateetako arboretoak garrantzitsuak direla behatzeko, ikasteko eta hedapen zientifikoa egiteko gune bizi gisa; izan ere, leku horietan izaten diren ustekabeko gertaerek landare-dibertsitatea jende guztiari hurbiltzeko aukera ematen dute. 

Banbuak hemen daude: https://maps.app.goo.gl/Pr7aLsRCuKksSnHX8 

Eguneko irudi guztiak ikus ditzakezu Photocampus atalean. 

Nahi al duzu atal honetan zeuk egindako irudi bat argitaratzea? Bidali, mesedez, helbide honetara: campusa@ehu.eus 


Honen harira