Guztira, UPV/EHUko 77 ikasle eta titulatu berrik osatu dituzte nazioarteko praktikak Europako enpresa eta erakundeetan, UPV/EHUren enplegu guneek nazioarteko harremanetako bulegoarekin batera gestionatzen dituen EPEZ bekak eta Ikasle Praktikak bitarte direla. Programa biren hasierako helburua egokiro bete da eta parte hartu dutenek esperientzia aberasgarria bizi izan dute maila pertsonalean nola lanaren arloan, nork bere enplegagarritasuna eta zeharkako gaitasunak hobetzen, non eta mundu gero eta globalagoan eta kulturartekoagoan. Halaber, hizkuntzen jakite maila goratu dute eta curriculuma aberastu, lan mundurako iragatea erraztuz.
UPV/EHUko 77 ikaslek praktika profesionalak osatu dituzte Erasmus+ Internships programaren bidez
Azken hamarkadan, 700 pertsona baino gehiagok gozatu dute nazioarteko esperientzia hau.
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2019/06/21
Parte hartzaileen profilak era askotarikoak izan dira eta jakintza arlo guztietara eta titulazioen zati handi batera hedatu dira (zuzenbidea, antropologia, sormena eta diseinua, kazetaritza, biologia, ingeniaritzak…). Mugikortasunaren alderdi guztiak (praktikak, tutoreekiko harremanak, ostatuak, gorabeheren konpontzea…) balioesteko egin diren jarraipen inkesta eta mezuetan gogobetetze maila altua jasotzen da, bai parte hartzaileen aldetik, bai enpresa jasotzaileen aldetik. Arlo honetan, adierazi behar da parte hartzaile hauek direla, dudarik gabe, UPV/EHU Europan barrena zabaldu eta bistaratzeko. Nahiz eta helburu nagusia ez den, parte hartzaile batzuek aukera izan dute egonaldia luzatzeko lan kontratuei esker.
“Aukera aparta izan da, praktika profesionalak egin ahal izan ditudalako Edinburgh-en, surfean aritzeko olatu igeritoki bat eraikitzen ari zen enpresa batean. Praktikei esker, hazi egin naiz maila pertsonalean eta maila profesionalean Gainera, beka hauek ateak ireki dizkidate antzeko beste enpresa batean jarraitzeko Australian. Zaletasuna lanbide bihurtzeko ametsa bete dut”, adierazi du Alejando Padrók, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Graduko egresatuak.
Mugikortasunaren ziurtagiriak eta azken ebaluazioa emateko amaiera ekitaldia, gaur, ekainaren 21ean egin da, 12:30etan, Sarrikon, Bilboko Zubiria eraikineko gradu aretoan.