EHUren Gobernu Kontseiluak katedradun eta irakasle oso izateko itxaron zerrendak errazteko araudi berria onartu du. Besteak beste, karrera akademikoetan genero arrakala gutxitzeko neurriak ere ezartzen ditu araudiak. Era berean, eta 2024ko apirilean hartutako erabakiarekin betetzeko, EHUk Israelgo gobernu eta erakundeekin izan ditzakeen harremanak aztertuko dituen batzordea eratzea onartu da gaur.
Urteetan pilatutako itxaron-zerrendak desblokeatzeko “konpromiso politikoa” adierazi du errektoreak
Geldirik egon diren 2024ko plazak aterako dira abenduko Gobernu Kontseiluan, guztira 56
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2025/10/09
Katedradun, irakasle oso eta ikerketa-irakasle izendatzeko promozioetan dauden itxaron zerrendak murrizteko, arazoari “konponbide integral batekin” eta “lehentasun osoz” erantzungo diotela nabarmendu du Joxerramon Bengoetxea errektoreak, eta Gobernu kontseiluaren aurrean “konpromiso politikoa” adierazi du, “bi ikasturtetan itxaron zerrendarik egon ez dadin”. Bataz beste, gaur egun 6,6 urte egiten dituzte hautagaiek itxaron zerrendetan. Euskal Herriko Unibertsitatea da espainiar estatuan itxaron zerrenda luzeenetakoa duen unibertsitatea; izan ere, gainerako unibertsitate gehienetan, zuzenean edo urtebetera ebazten baitira karrera akademiko horiek. Hala, akreditazioa lortzen denetik eta plaza atera bitartean, gehienez ere, bi urte egingo du hautagaiak itxaron zerrendan. Helburua da, bi ikasturte barru, 2028tik aurrera, akreditatu berrien plazak deitzen hastea.
Gaur egun maila goreneko 187 pertsona akreditatu daude itxaron zerrendetan EHUn: 42 katedradun, 127 irakasle oso eta 18 ikerketarako irakasle. Bada, hain justu, itxaron zerrenda horrek arintzeko konpromiso irmoa hartu du errektoreak Gobernu kontseiluaren aurrean.
Araudi berria
Halaber, EHUko katedradun, irakasle oso eta ikerketa-irakasle izateko prozeduraren araudi berria onartu du Gobernu Kontseiluak, 30 aldeko botorekin eta 11 abstentziorekin. Araudi berriaren helburua hirukoitza da: promozioa arintzea, genero arrakala murriztea eta egindako lana aitortzea. Arintzeari dagokionez, araudi berriak, batetik, ezabatu egiten du sail bakoitzak zuen proposamen bakarreko muga eta nahi beste eskatzeko aukera ematen du.
Bestalde, 2025etik aurrerako eskari guztiak irizpide objektibo berriekin ordenatuko dira, unibertsitatean egindako lana aitortzeko asmoz. Horretarako, hurrenkerari eragiten dion ordenazio irizpide berria ezarri da: akreditazioaren antzinatasuna nahiz unibertsitatean kontratupean egindako urteak konbinatzen dituen formula. Modu horretan, akreditazio dataren antzinatasuna balioan jartzen laguntzen da eta EHUn eginiko lan-urteak (akreditazioaren pisuaren erdia) era neurtuagoan hartzen dira aintzat. Hori guztia itxaron zerrendan dauden profilen aniztasuna aintzat hartuz definitu da. Halaber, jakintza adar nagusien artean proportzionalki banatuko dira promozioko plazen hornitzea.
Gainera, katedradun eta irakasle osoen artean dagoen genero arrakala gainditzeko bidean, gutxiengoan dagoen generoa lehenetsiko da hautagaien arteko berdinketa kasuetan. Aurrerantzean, bada, adar bakoitzeko plaza kopuruen erdia gordeko da haientzat. Gaur egun, EHUn, katedradunen eta irakasle osoen artean 10etik 3 baino ez dira emakumeak.
Araudi berria 2025eko eta aurreragoko promozioetan aplikatuko da; ez du eraginik izango 2024 promozioan.
Palestina batzordea
Gobernu Kontseiluak 2024ko apirilaren 24an adostu zuen “Palestina laguntzeko manifestua Gazako hondamendi humanitarioaren aurrean” manifestuan jasotako konpromisoetan bat izan zen “harreman komertzialak edo akademikoak berrikustea eta halakorik ez ezartzea giza eskubideak, nazioarteko zuzenbidea edo Palestinako egoerari buruz Nazio Batuek emandako ebazpenak errespetatzen ez dituztenekin”. Eta, beren-beregi zehaztu zen “bereziki, Palestinan gertatzen ari diren gizateriaren aurkako krimenak berariaz gaitzesten ez dituzten Israelgo unibertsitate eta erakundeekin harremanak ez izateko eta hausteko konpromisoa hartzen du”. Hori aurrera eramateko lan talde bat sortzea ebatzi zen eta gaur onartu da batzordea eratzeko proposamena, EHUk Israelgo gobernuarekin izan ditzakeen hartu-emanak aztertzeko. 14 kidek osatuko dute Palestinaren aldeko manifestua eta EHUren Kode etikoa betetzeko lantaldea. Kideen artean errektoretza taldea, ikastegiak, ikasle kontseilua, EHUko administrazio langileak eta Palestinaren aldeko mugimenduak egongo dira ordezkatuta. Funtzionamendu arauen artean zehaztu da lantaldeak aztergai izango dituela ikertzaileen mugikortasuna (unibertsitatera datozenena eta bertatik kanpora doazenena), ikerketa proiektuak eta horietarako lankidetzak, kontratuak, zerbitzu hornidura eta hitzarmen instituzionalak berrikustea eta ekintza eraikitzaileak eta alternatiboak.
Batzordeak egingo dituen txostenak eta emango dituen gomendioak baliatuko dituzte EHUren organo eskudunek hartu beharreko erabakiak hartzeko.
Adimen artifiziala
Graduko eta eraldaketa Digitalerako errektoreordetzak, Ikerketarako errektoreordetzarekin elkarlanean, Adimen Artifizial (AA) sortzailearen erabileraren inguruko printzipio eta arauak biltzen dituen dokumentua aurkeztu du gaurko kontseiluan. AA sortzailearen irakaskuntzan eta ikerketan ekar ditzakeen onurez harago, dakartzan arriskuak aintzat hartzen ditu dokumentuak; hala nola, eduki faltsua eta desinformazioa, plagioak eta egiletza eskubideen urraketa, datuen pribatuen erabilera okerra, eragiten duen diskriminazioa eta alborapena nahiz identitate ordezkatzea. Hala, irakasle, ikasle eta teknikariak zein kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileei (TEKAZEL) zuzendutako aholkuak jaso dira eta erabilera batzuk mugatu. Helburua, azken batean da, printzipio etikoetan oinarrituta erabilera egitea, ekitatez, zintzotasunez, gardentasunez, datuen konfidentzialtasuna bermatuz eta beti erabileraren emaitza ikuskatuz.