euskaraespañol

Gaurko irudia

Redes sociales campusa

Usue Morik jasoko du V Gladys Saria

Sari banaketa irailaren 26an izango da, EHUko Informatika Fakultatean, Donostian

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2025/09/16

Argazkia: PUNTUEUS Fundazioa

Usue Mori Carrascal (Donostia, 1987) da V Gladys Sariaren irabazlea. Epaimahaiak aho batez hartu du erabakia, eta gaur, irailaren 16an, iragarri du. Saria irailaren 26an banatuko da, Donostiako EHUko Informatika Fakultatean egingo den ekitaldian.

Epaimahaiaren aktaren arabera: “Usue Morik ibilbide zientifiko sendoa du; baina gaur egungo “eliteko" ikerketa eredutik aldendu, eta adimen artifiziala gizartearen onurarako tresna gisa erabiltzea eta haren transferentzia lehenetsi ditu, horretarako, fakultateko beste ikerketa taldeetako kideekin ez ezik, jakintza arlo desberdinetako profesionalekin elkarlana bultzatu du. Haren lanari etorkizuneko eragin sozial positiboa aurreikusten zaio.”

Profila eta ibilbidea

Usue Mori Carrascal EHUko irakasle agregatua da, Konputazio Zientziak eta Adimen Artifiziala sailean, eta 2024ko irailetik aurrera Adimen Artifizialeko graduko koordinatzailea ere bada. Matematikan lizentziatua da eta hainbat master egin ditu, besteak beste, modelizazio matematikoan, sistema adimendunetan eta irakaskuntzan. 2015etik irakasle da unibertsitatean.

Ibilbide akademiko oparoaz gain, Morik ikerketa akademikotik haratago joateko hautu ausarta egin du. Haren helburua ez da soilik argitalpen zientifikoen kopurua handitzea, baizik eta adimen artifiziala gizartearen benetako beharretara egokitzea, eta ezagutza praktikara eramatea.

Transferentzia eta konpromisoa

Jakintzaren transferentziaren alde egindako lana nabarmendu du epaimahaiak. Moriren proiektuek adimen artifizialaren ikuspegi soziala indartzen dute eta ezagutzaren emaitzak praktikara eramaten dituzte, gizarteak horien onura zuzenean jaso dezan. Haren jardunak erakusten du ikerketa ez dela zertan akademiaren barruan geratu behar, eta teknologia eraldatzaileak gizartearen zerbitzura jar daitezkeela.

AAren transferentzia gizarteko hainbat eremutan gauzatzen ari da, eta aldi berean, jende askoren parte-hartzea eta aktibazioa sustatu du. Lan ildo horretan uztartzen ditu elkarlana eta hausnarketa, formazioa eta aplikazio praktikoak, teknologia arduratsua eta irisgarria garatzeko asmoz.

Epaimahaiak azpimarratu du "Adimen Artifiziala: nondik, nola eta zertarako?" galderari heltzen diola, eta gizarte digital hobe baterako bideak aztertzen dituela, ikuspegi justu, arduratsu eta irisgarri batetik; eta espero daitekeela etorkizuneko eragin positiboa izango duten prozesuen hasiera izatea bere lana, ikuspegi sozial eta kolaboratibotik abiatuta, betiere genero ikuspegia eta elkarlana oinarri hartuta.

Gladys Sariari buruz

PUNTUEUS Fundazioak eta EHUko Informatika Fakultateak sustatzen duten ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babes nagusia du, eta lagun ditu Emakunde, Danobatgroup, Euskaltel Fundazioa, EITB eta EHUko berdintasun-zuzendaritza.

Gladys Sariak ingurune digitalean ari diren emakume gazte euskaldunak saritu, gazteentzat erreferenteak sortu eta egiten duten lana jendarteratzea du helburu, Gladys del Estal informatikaria gogoratzearekin batera. Sari banaketa irailaren 26an izango da, goizeko 11:30ean, EHUko Informatika Fakultatean, Donostian.