Edurne Iriondo Plaza
Zer da kontzeptuen mapa bat eta nola ordeztu dezake azterketa bat?
Ingeniaritza Mekanikoa Saileko irakasle eta ikertzailea
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2025/05/26
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.
Gogoratzen duzu azterketa bat egin aurretik sentitzen zenuen urduritasun eta emozioen nahaspila hura? Hainbat egun, aste edo hilabetetan eginiko esfortzu guztia ordu gutxi batzuetan jokoan jartzearen sentsazio hura. Ziur nago oraindik gogoan duzula. Izan ere, heldutasunean ere, une horiek ez dira guztiz desagertzen.
Oposizioak prestatzean ere sentsazio hori daukagu, baita laneko elkarrizketa garrantzitsu bati aurre egin behar diogunean edo erronka profesional handi bati heltzen diogunean ere. Ikasketa biziko egun horiek, nekea gainditu beharrak eta gure beldurrek markatu egiten gaituzte. Eta, hain zuzen, horri buruz hitz egin nahi dugu: bidaia hain humano horri buruz, erronka, ikaskuntza eta lorpen txikiez beterikoaz.
Ikasle gazteenen kasuan, Lehen Hezkuntzan, azterketak dira estres kausa nagusienetako bat. Egia da, kasu askotan, azterketak beharrezkoak edo komenigarriak direla; baina beste zenbait kasutan, ebaluazio metodo alternatiboak planteatu beharko genituzke. Izan ere, ikaskuntza neurtzeko guztiz eraginkorrak izan daitezke, eta, gainera, atseginagoak dira ikasleentzat, eta ez hain traumatikoak.
Metodo alternatibo horiek planteatu beharko genituzke, bereziki, ebaluazio jarraituko aldi baten amaieran azterketak pilatzen direnean. Izan ere, berez, estres eta erantzukizun akademiko handiko aldiak dira. Hortaz, merezi du beste bide batzuk eskaintzea ikasleek beren ezagutzak eraginkortasunez erakusteko, azterketa tradizionalek eragiten duten inpaktu emozional eta fisikoa murriztearekin batera.
Edukiak barneratzea eta ikaskuntza ebaluatzea
Azterketa baten oinarrizko bi helburuak dira ikasleei irakasgaiaren gako kontzeptuen barneratze kognitiboa erraztea eta seihilekoan zehar lortutako ezagutzak ebaluatzeko tresna erabilgarri eta justu bat eraikitzea. Oreka hori lortzea zaila izan daiteke; izan ere, irakasgai bakoitzak eta ikasle talde bakoitzak premia jakin batzuk ditu, eta horiek guztiak kontuan izan behar dira ikaskuntza eta ebaluazio estrategiak diseinatzean.
Testuinguru horretan, kontzeptuen mapak irakaskuntzako tresna berritzaileak eta oso eraginkorrak izan daitezke. Kontzeptuen mapen abantaila nagusia da ikasleei eduki berriak ulertzen laguntzeaz gain, horiek barneratzen ere laguntzen diela.
Kontzeptuen mapak: irudikapen bisual eta hierarkikoa
Mapak ikasitako gaien irudikapen bisual eta hierarkikoa dira. Mapen xede nagusia da ezagutza modu grafikoan antolatu eta irudikatzea. Hauek dira kontzeptuen mapa baten elementu nagusiak:
- Kontzeptuak: eskuarki, zirkulu edo karratuen barruan jartzen dira; eta horiek dira mapa eraikitzeko funtsezko blokeak.
- Kontzeptuen arteko loturak: kontzeptuen arteko gezien bidez adierazten dira.
- Lotura hitzak edo esaldiak: gezien gainean jartzen dira, eta konektatutako kontzeptuen artean nolako lotura dagoen adierazten dute.
Ahozko edo idatzizko hizkuntzan ez bezala, zeinetan informazioa modu linealean antolatzen den, kontzeptuen mapetan ezagutzaren egitura hierarkikoa irudikatzen da.
Ikaskuntza esanguratsua erraztea
Informazio lineala egitura hierarkiko batean jartzean, ikaskuntza esanguratsua errazten da; hau da, ikasleei aurkezten zaizkien kontzeptu berrien eta aurretiaz zituzten eta beren egitura kognitiboaren parte diren ezagutzen arteko konexioa.
Eta ikaskuntza tresna gisa erabilgarriak izateaz gain, kontzeptuen mapak ebaluazioa egiteko aukera ona ere badira. Kontzeptuen mapei esker, irakasleek argi ikus dezakete ikasleek gako kontzeptuak barneratu dituzten ala ez. Eta hori bereziki baliagarria da azterketa tradizionalak ikasleen aurrerapena ebaluatzeko aukerarik onena ez diren testuinguruetan.
Adibidez, laborategiko praktiketan. Gaur egun, eginkizun akademiko hori taldean egiten da, eta, askotan, irakasleak ezin du jakin ikasle guztiek ezagutzak barneratu dituzten. Baina esperimentuen bidez ikasitakoari buruzko kontzeptuen mapa bat eskatuta, seihilekoko egun horretara arte ikasleek barneratutako ezagutzak ebalua daitezke.
Zer jakin dezakegu kontzeptuen mapa bati esker
Metodologia horren erabilera ikertu dugu unibertsitateko hainbat maila akademikotako ikasleekin. Guztira, 143 kontzeptuen mapa aztertu genituen, ikaskuntza esanguratsuak testuinguru ezberdinetan duen inpaktua ebaluatzeko xedez. Gainera, kontzeptuen mapekin zerikusia zuten jardueretan parte hartu ez zuten 79 ikaslek osatutako kontrol talde bat ere barne hartu genuen, eta azken horien emaitzak eta kontzeptuen mapak erabili zituzten ikasleenak alderatu genituen.
Zenbat eta konplexuagoak, orduan eta hobeak
Gure ikerketak erakusten du kontzeptuen mapak tresna oso erabilgarria izan daitezkeela ikasleen antolakuntza mentala ebaluatzeko eta ezagutzaren estratifikazioa irudikatzeko. Hau da, mapen bidez ikas dezakegu nola barneratzen den ezagutza ikasleen egitura mentalean.
Gainera, bi emaitza bitxi hauteman ditugu: Alde batetik, kontzeptuen maparen konplexutasunak ikasleak gaia hobeto ulertu duela islatzen du, bai eta, beraz, errendimendu akademiko handiagoa ere. Hau da, kontzeptuen maparen konplexutasuna aztertzea azterketa tradizionalak ordezkatzeko tresna bat izan liteke.
Konplexutasun gisa ulertuko dira ikasleak irakasgaian lortutako ezagutzak irudikatzeko erabiltzen dituen mailak eta azpimailak, bai eta kontzeptuen arteko loturak ere. Bestela esanda: konplexutasunak, batetik, ezagutzaren geruzak eta azpigeruzak eta, bestetik, eskoletan jasotako gaia azaltzeko kontzeptuen arteko loturak ere aztertzen ditu.
Beste alde batetik, banaka eginiko mapak kalitate kognitibo hobekoak dira taldean eginikoak baino, eta ikasle bakoitza barneratzen ari den egitura mental eta kognitiboa nabarmentzen dute.
Ikerlan honek atea irekitzen die ikerketa ildo berriei, hala nola ikasleak kontzeptuen mapak sortzeko entrenatzea metodoa irakasgai ezberdinetara egokitzea, eta ebaluazio oso eta ekitatiboagoak garatzea.