euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Jasone Cenoz

Zer da translanguaging-a edo translinguismoa, eta nola laguntzen du hizkuntzak ikasten?

Ikerlaria Hezkuntza Zientzietan

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2025/05/27

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Beste hizkuntza batzuetako esaldi edo hitzak erabiltzen al dituzu lagunekin egindako topaketa informaletan edo idatzizko mezuak bidaltzean? Zer hizkuntzatan hitz egiten duzu beste pertsona batekin ingelesez jatorrizko bertsioan ikusitako film baten inguruan? Bigarren hizkuntzako edo atzerriko hizkuntzako irakasleren batek esan al dizu ezin duzula gelan lehen hizkuntza erabili?

Tradizioz, hizkuntzen eskoletan, beste hizkuntza batzuen eragin negatiboa ekiditeko, ‘helburu-hizkuntza’ (hau da, ikasketaren helburu den hizkuntza) bakarrik erabili behar dela dioen ideia defendatu izan da. Baina gaur egun, ikuspegi hori zalantzan jartzen ari dira. Hasteko, hiztun eleaniztunek ez dituztelako benetako komunikazioan hizkuntzak bata bestetik isolatzen. Eta, bigarrenik, ikaskuntzari dagokionez, aurretiazko ezagutza aktibatzeak abantaila ugari izan ditzakeelako.

Zer da ‘translanguaginga’?

‘Translanguaging’ kontzeptua translingüismo, translenguaje edo translenguar gisa itzuli izan da gaztelaniara eta Galeseko hizkuntza elebidunaren (galesa eta ingelesa) testuinguruan sortu zuten 90eko hamarkadan. Hasiera batean, informazioa jasotzen den hizkuntza (‘input’) eta informazioa sortzen dena (‘output’) txandakatzeko lanketa pedagogikoa izendatzeko erabiltzen zen.

Hala, ikasleek hizkuntza batean azalpena entzun, testu bat irakurri eta bideoa ikus dezakete, eta beste hizkuntza batean erantzun galderei, gaia eztabaidatu edo laburpena aurkeztu. Translanguagingaren lanketa didaktikoa egiteko, beharrezkoa da ulermen sakona izatea bi hizkuntzetan esanahia transmititu eta prozesatzeko.

Translanguagingaren kontzeptuaren hedapena

Gaur egun, kontzeptu hori asko erabiltzen da hezkuntza elebidun eta eleaniztunean mundu osoan zehar. Translanguagingaren jatorrizko kontzeptuak aldaketa batzuk izan ditu eta adiera desberdinak ditu. Hala, bat-bateko erabilera eta erabilera pedagogikoa bereizten dira.

Bat-bateko translanguaginga komunikatzean bi hizkuntza edo gehiagoko elementuak erabiltzen direnean gertatzen da, ta eskola barruan zein kanpoan gerta daiteke. Hizkuntzen arteko lotura egoeratan, hizkuntza informaleko ohiko esamoldeak izan daitezke (ingelesa-gaztelania edo euskara-gaztelania):

  • “Voy al ‘mall’ a comprar ‘jeans’”. (Merkataritza-gunera noa galtza bakeroak erosteara).
  • “Esta casa es muy ‘txiki guretzat’”. (Etxe hau oso txikia da guretzat).

Bat-bateko translanguaging edo translanguismo horrek garapen handia izan du Estatu Batuetan gaztelaniaren eta ingelesaren arteko kontaktu-egoeratan, eta hezkuntza arloko testuinguruetan onartzea lagungarria izan daiteke ikasle elebidunak no baztertuta gera ez daitezen eta hezkuntzan aukera gehiago izan ditzaten estandarizatuta ez dauden aldaerak erabili arren.

Translanguaging pedagogikoa

Ikaskuntza hobetzeko irakaskuntzan bi hizkuntza edo gehiago modu planifikatuan integratzen direnean, translanguaging pedagogikoa egin dela esaten da. Galeseko jatorrizko ikuskeran oinarritzen da, baina beste lanketa didaktiko batzuk ere baditu. Lehen hezkuntzako laugarren mailako ikasleek, adibidez, uraren zikloari buruzko testu bat irakurtzen dute ingelesez eta, ondoren, taula bat osatzen dute curriculumeko beste hizkuntzetan jatorri, forma eta esanahi bera duten hitzekin (kasu honetan, euskaraz eta gaztelaniaz).

Kasu horretan, translinguismo lexikoaren adibide bat da; hau da, hizkuntza bateko edo besteko hitz zehatzak erabiltzea. Baina translanguaging pedagogikoa ere egin daiteke arlo fonetikoan, morfologikoan, sintaktikoan, pragmatikoan edo diskurtsiboan.

Adibidez, xede-hizkuntzan deskribapen bat nola idatzi irakats daiteke, eta jarraibide berberak erabili beste hizkuntza batzuetan beste deskribapen batzuk idatziz. Hitz eta esaldiak desberdinak izango dira hizkuntza bakoitzean, baina edukiaren antolaketa berbera izan daiteke. Hala, deskribapenak hiru hizkuntzetan eginda, hobeto ikasten dira testu deskriptiboen ezaugarriak.

Oso onuragarria da, gainera, inputaren eta outputaren hizkuntza aldatzea: zerbait hizkuntza batean azaltzea eta, ondoren, horri buruzko ariketak beste hizkuntza batean egitea. Horren guztiaren funtsezko ideia eleaniztasunaz baliatzea da; horren arabera, aurretiazko hizkuntzak oztopotzat hartu beharrean, elkarri laguntzeko baliagarriak izan daitezkeen laguntzat hartzen dira.

Irakaskuntzako bi hizkuntzak edo gehiago konbinatzeko modu hori oso baliagarria izan daiteke atzerriko bigarren hizkuntzan edo hizkuntzan emandako eduki akademikoko eskoletan (‘AICLE’ murgilketa-programa elebidunen kasuan bezala). Zientzietako edo historiako kontzeptu askoren jatorria grezierako eta latineko hitzak dira, eta antzekoak dira hainbat hizkuntzatan. Horri esker, ikasleek errazago uler dezakete beste hizkuntza batzuetan dituzten ezagutzak aktibatu eta xede-hizkuntzarekin erlazionatzen badituzte.

Translanguagingaren abantaila pedagogikoak

Aurretiko ezagutza eta ezagutza berria ikuspegi pedagogiko horren bidez lotzean, kontzientzia metalinguistiko gisa aipatzen dugun hizkuntza hausnartzeko eta aztertzeko gaitasuna garatzen da. Hala, irakasleek translanguagingeko jarduerak planifika ditzakete hizkuntzak irakasteko eskoletan, bai eta lehen hizkuntzan edo beste hizkuntza batzuetan irakasten diren beste irakasgai batzuetan ere.

Ikuspegiak ahozko zein idatzizko ulermena errazten du. Horri esker, hizkuntza ikasteko prozesua hobetu eta ezagutza hizkuntzen artean transferitzea bultzatzen du. Ondoen ezagutzen ditugun hizkuntzak beste hizkuntza batzuk ikasteko edo beste hizkuntza batzuetan erakutsitako eduki akademikoa murgilketa-eskoletan edo AICLE eskoletan ikasteko erabiltzen dira. Ikasten dutena hobeto ulertzen dutenez, ikasleek motibazio eta konfiantza handiagoa izaten dute haien gaitasunekiko.