Santiago Pérez Hoyos eta Jorge Hernández Bernal
Zergatik behar dugu etika espaziala?
Planeta Zientzien taldeko ikertzaileak
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2022/06/13
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.
Orain dela ez hainbeste, gauak ilunak eta izarrez beteak ziren. Ilargiak helezina zirudien, eta astroak baliatzen genituen orientatzeko. Zientziaren eta teknologiaren erabileraren ondorioz, mundua aldatu egin da. Gauak ez dira ilunak, eta izarrak zurbildu egiten ari dira; Ilargira iritsi gara eta satelite bidezko geolokalizazio sistema aurreratuak ditugu.
Espazioa gero eta presenteago dago gure bizitzetan. Azken urteotan, sektorea azkar hazi da iritsi diren potentzia eta enpresa pribatu berrien ondorioz. Hazkunde horren zati handi bat, baina, gizarte zibil osoaren iritzia jakin gabe gertatu da. Eta ez dugu egin errealitate berri horiekin erlazionatzeko modua kontzienteki aukeratzea ahalbidetuko digun hausnarketarik. Horregatik, beharrezkoa da etika espaziala, espazioari aplikatzen zaion eta bioetikaren analogo den etika. Horren bidez, sortzen ari diren galderei erantzuten saia gaitezke. Kasu batzuetan, hipotetikoak dira galderak; beste batzuetan, ordea, premiazkoak.
Espazioaren etikak lantzen dituen arazoetako batzuk aski ezagunak dira. Hori da, hain zuzen, zabor espazialaren kasua. Nola arautu beharko genituzke lurraren orbitako jarduera espazialak? Sateliteen megakonstelazioak jaurtitzen jarraitu beharko genuke?
Beste arazo batzuk ez dira hain ezagunak, baina dagoeneko nabari dira: jaurtiketa espazialek gero eta aztarna ekologiko handiagoa dakarte. Onargarria al da kutsatzea dela turismo espaziala egiteagatik dela satelite meteorologiko bat jaurtitzeagatik?
Gaur egungo ekimen ugarik Ilargira eta Martera bidali nahi dituzte gizakiak. Zuzena litzateke astro horiek etengabe jendez betetzea? Ala, aldi baterako espedizio zientifikoetara mugatu beharko lirateke jarduerak? Zenbateraino da onargarria ingurumen inpaktua? Atera al daitezke baliabide naturalak astro horietatik? Eta, are gehiago, merkaturatu al daitezke baliabide horiek?
Espazioko meatzaritza epe ertaineko arazo larrienetako bat da. Eguzki sistemako asteroideek balio ekonomikoa duten baliabide ugari dituzte. Enpresa batzuk dagoeneko hasi dira horretan lanean, eta herrialde batzuek jarduera mota hori babesten duten legediak prestatu dituzte, indarrean dauden nazioarteko itunetan duten lekua argi ez badago ere.
Lehenengo hartzen dituenarenak dira baliabideak? Ala, nolabait banatu behar dira mundu osoaren artean? Zer eragin izan dezake ekonomian eta oreka geopolitikoetan gaur egun urriak diren baliabide berriak sartzeak? Hazkunde estraktibistarekin jarraitzeko erabiltzen baditugu baliabide horiek, ez al genituzke eguzki sistemaren mugak joko, gaur egun Lurrekoak jotzen ditugun bezala?
Badira, adibidez, espazioko ura ateratzeko eta merkaturatzeko proiektuak. Ura, aldez aurretik hidrogenoa eta oxigenoa bereizita, oso erregai baliagarria izan liteke etorkizuneko espazio ontzientzat. Lurrean baliabide berriztagarria da, baina, espazioan, espazio ontzietako motorrek kanporatzen dutenez, betiko galduko litzateke. Beraz, epe luzera, bizitzarako funtsezkoa izateaz gain, baliabide estrategiko eta berriztaezin bihurtuko litzateke. Nola bermatu ur eskubidea baldintza horietan?
Egunen batean espazioan giza koloniak ezartzen baditugu, nola bermatuko dugu kolonoen ongizatea? Nola saihestu esklabotzatik hurbil dauden egoerak (gaur egun itsas zabalean gertatzen direnak bezalakoak)? Giza eskubideak eguneratu beharko dira espazioaren baldintza espezifikoetara egokitzeko?
Jarduera espazialen ondorioen artean sartzen da, baita ere, ingurune espazialen alterazioa. Zer alterazio-maila da onargarria? Onargarria litzateke Marte terraformatzea? Nola tratatu beharko genuke lurretik kanpoko bizitza? Ilargiaren ageriko aurpegia babestu beharko genuke hurrengo belaunaldiek milaka urtetan hainbeste kultura liluratu dituen ilargi bera ikusten jarrai dezaten?
Beharrezko hausnarketa bat gaztelaniaz
Sektore espazialaren etorkizuna, bai eta gizateria osoarena ere, datozen urteetan krisi klimatikoa eta ekologikoa kudeatzeko baliatuko dugun moduaren araberakoa izango da. Etika espazialaren gainean hausnartzea beharrezkoa da espazioaren esplorazioa abentura zentzuduna eta interes orokorrarekin bat datorrena izan dadin. Espazioarekin lotutako arazoek iritzi publikoaren eskura egon behar dute.
Ingelesez, aspaldi egin zen gai honi buruzko hausnarketa. Orain, akademiko eta profesional talde batek gaztelaniara ekarri nahi izan dugu hausnarketa hori. Horretarako, 2022ko uztailaren 11n eta 12an, Euskal Herriko Unibertsitatearen udako ikastaro bat antolatuko dugu Bilbon. Etika espazialera gaztelaniaz egiten den lehen hurbilketa da ikastaroa, eta edonork du parte hartzeko aukera, nola aurrez aurre hala online.