Iñaki Milton Laskibar eta Laura Isabel Arellano García eta Maria Puy Portillo
Zergatik dira hain garrantzitsuak polifenolak osasunerako?
IMDEAko eta UPV/EHUko ikertzaileak, hurrenez hurren
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2022/03/01
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.
Frutak, barazkiak eta fruitu lehorrak kontsumitzea beti gomendagarritzat jo izanaren arrazoia galdetuko baligute, segur aski, lehenik, “bitaminak” eta “mineralak” hitzak bururatuko litzaizkiguke. Baina, zer gertatzen da polifenolekin? Noizbait entzun dugu haiei buruzko ezer?
Polifenolak: zer diren eta non dauden
Landareek, estres egoeren aurrean daudenean –erradiazio ultramoreak edo onddo infekzioak kasu– defentsa gisa sortzen dituzten bigarren mailako metabolitoak dira polifenolak.
Landare jatorriko elikagaiek dituzte (esaterako, frutek eta barazkiek, fruitu lehorrek, oliba olioak eta ardoak) eta horiei kolorea, usaina eta mingostasuna ematen diete, besteak beste. Baina elikagaiei ezaugarri organoleptikoak emateaz gain, zenbait azterlanek frogatu dutenez, polifenolak emateak gizakiengan eragin onuragarriak ditu. Hain zuzen ere, polifenolek gaixotasun metaboliko batzuen markatzaileak diabetesa eta intsulinarekiko erresistentzia, gaixotasun kardiobaskularrak eta minbizi mota batzuk hobetzeko duten eraginkortasuna deskribatu da.
Horrek azalduko luke polifenol maila handiko elikagai asko barne hartzen dituzten dieta patroiak, adibidez, dieta mediterranearra, osasun egoera orokorra hobetzearekin lotuta egotearen arrazoia. Ildo horretan, polifenolak irenstea ziurtatzeko modu erraz eta eskuragarriena aurretik aipatutako elikagaiak kontsumitzea izango litzatekeen arren, polifenolak dituzten osagarriak hartzeko gero eta joera handiagoa dago.
Baina, polifenolen kasuan eragin onuragarriak deskribatu diren arren, gerta daiteke hestean duten metabolizazioaren ondorioz eraginkortasun mugatua izatea. Organoetara eta ehunetara iristen den polifenol kopurua irensten dena baino askoz txikiagoa izatea eragingo luke horrek. Baina, zorionez, gero eta ikerketa gehiagok iradokitzen dute polifenolen murrizketa hori agian ez dela hainbestekoa.
Polifenolak eta mikrobiota: lagunak edo aurkariak?
Azken urteetan, hesteetako mikrobiotan gero eta arreta handiagoa jartzen da, prozesu biologiko garrantzitsuetan rol esanguratsua jokatzen duelako. Horien artean, immunitate funtzioa, metabolito bioaktiboen sorkuntza eta elikagaien osagai batzuen digestioa daude.
Horren funtzionaltasuna, nagusiki, osaketaren araberakoa da eta, era berean, osaketa hori (beste faktore batzuen artean) ostalariaren dietaren araberakoa da. Adibidez: ikusi denez, dieta mediterraneoarekiko atxikidurak onuragarritzat jotzen diren espezie bakterianoen –besteak beste, ‘Bifidobacterium animalis’, ‘Oscillibacter valericigenes’ eta ‘Roseburia faecis’– ugaritasuna handitzen laguntzen du.
Beste alde batetik, gaur egungo mendebaldeko elikadura patroia, koipe saturatu eta azukre maila handikoa, mikrobiotaren osaketa alteratua izatearekin lotuta dago (dibertsitate txikiagokoa), eta horrek, dirudienez, gaixotasun metaboliko inflamatorioak garatzea eragiten du, adibidez: obesitatea eta diabetesa.
Polifenolen kasuan, hesteetako mikrobiotaren aldetik jasaten duten metabolizazioak eragin prebiotikoa duela iradoki da.
Alde batetik, polifenoletatik propietate antiinflamatorioak dituzten bigarren mailako metabolitoak sortzen dira. Beste alde batetik, mikrobiotaren osaketan aldaketak sortzen dira: horren dibertsitatea handitzen da eta eragin antiinflamatorioa duten metabolito mikrobianoak sortzea errazten da, kate motzeko gantz azidoak, kasu.
Horrek guztiak, azkenean, hesteen inflamazioa murrizten du, beraz, hesteen hesi funtzioari eusten laguntzen du eta odol fluxura iristen diren bitartekari proinflamatzaileen kopurua murrizten du (horiek hainbat organo eta ehunetan alterazio metabolikoak sortzen dituzte).
Gainera, azterlan askok adierazten dutenez, polifenolek bitartekari proinflamatorioen sintesi ibilbideak inhibitzen dituzte eta enterozitoetan lotura estuko proteinen espresioa areagotzen dute, beraz, hesteen iragazkortasuna murrizten laguntzen dute.
Halaber, muzina jariatzen eta oxigeno espezie erreaktiboen sintesia (ROS) geldiarazten lagundu dezaketela adierazi da.
Horrek guztiak onuragarritzat jotzen diren bakteriak hazteko giro egokia sortzen lagunduko luke, esaterako: ‘Akkermansia muciniphila’. Nabarmentzekoa da eragin horiek bai polifenol osagarrien bai polifenol maila handiko elikagaien dieta patroien kasuan deskribatu direla.
Laburbilduz, eskura dagoen ebidentzia zientifikoak adierazten duenez, polifenolek prebiotikoen antzeko eraginak izan ditzakete hesteetako mikrobiotan.
Ildo horretan, polifenolak irensteak mikrobiotaren osaketa eta funtzionalitatea erregulatuko lituzke. Horretatik ondorioztatzen denez, polifenol maila handiko elikagaiak kontsumitzea mikrobiota osasuntsua edukitzeko estrategia eraginkorra izan daiteke. Hori guztia, ahaztu gabe faktore batzuek –esaterako, gizabanakoen genetika edo bizimodua– bai hesteetako mikrobiotaren osasunean bai polifenolak kontsumitzeak izan ditzakeen ondorioetan eragin dezaketela.