Zientzia Asteak eskaintza paregabea prestatu du, bere lau egoitzetan (Bilbo, Barakaldo, Donostia eta Gasteiz); hain zuzen, doako 23 jarduera baino gehiagotan parte hartzeko aukera egongo da: ikastetxeentzako bisitaldiak, txoko zientifikoak, tailerrak, irteera didaktikoak, hitzaldiak, erakusketak, lehiaketa bat eta ikuskizunak, hala nola Zientzia Club, dibulgaziozko bakarrizketa dibertigarrietan oinarritua. Hori guztia euskal gizartea zientziaren eta teknologiaren mundura erakartzeko asmoz.
Zientzia Astea hasi da, adin guztientzako zientzia eta teknologiaren jai handia
UPV/EHUren hedapen zientifikoko ekitaldi handiena azaroaren 7tik 9ra egingo da Donostian, ura gai nagusia izanda
Lehenengo argitaratze data: 2024/11/07
Euskal Herriko Unibertsitateko Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Astearen hogeita laugarren edizioa gaur hasi da. Hiru egunez jarduera ludiko, dibertigarri eta pedagogikoz beteriko egitaraua eskainiko du, publiko guztiei zuzendua. Jarduera horien guztien xedea da euskal gizartea zientziaren eta teknologiaren mundura erakartzea eta zientzia entzuteko, dastatzeko, behatzeko, ukitzeko eta zientziarekiko ilusioa izateko gonbita egitea. Zientzia Astea Donostian, Bilbon, Barakaldon eta Gasteizen izango da.
Doako 23 jarduera
Edizio honetarako, Zientzia Asteak eskaintza paregabea prestatu du, guztira doako 23 jarduera baino gehiagorekin. Hurbilduko direnek txoko zientifikoetan, tailerretan, txangoetan, bisita gidatuetan, lehiaketetan parte hartu ahal izango dute, baita Zientzia Clubeko monologoez (zientzia, musika eta umorea batzen dituen formula), hitzaldiez, erakusketez eta abarrez gozatu ere. Aurtengo leloa “Ur tantaka, zientzia zurrustaka” da
Jarduera guztiak doakoak dira, eta tailerretarako, txangoetarako eta bisita gidatuetarako baino ez da beharrezkoa izena ematea. Ia 1.000 pertsonek eman dute izena jada hainbat jardueretan, eta, nahiz eta horietako asko beteta egon, oraindik plaza libreak daude. Izen-ematea doakoa da, eta hemen aurki daiteke izena emateko moduari buruzko informazio guztia eta egitarau osoa: https://www.zientzia-astea.eus/eu/zientzia-astea-san-sebastian/ .
Halaber, Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Asteak bisita antolatuak eskaintzen ditu Bigarren Hezkuntzako eta Batxillergoko ikastetxeentzat. Ekimen horren arrakasta itzela izan da. Horrenbestez, azaroaren 7tik aurrera, Gipuzkoako 800 ikasle inguru gerturatuko dira Zientzia Astera, eta energia berriztagarriei, psikologiari, kimikari edo robotikari buruzko txokoak eta tailerrak ezagutuko dituzte, besteak beste. Eskola ordutegiez kanpo, publiko orokorra ere gertura daiteke txokoetara, irekita egongo baitira Zientzia Asteak irauten duen bitartean.
Zientziaren arlo guztiak, publiko guztientzat
Donostian, Tabakaleran, Zientzia Astea azaroaren 7tik 9ra izango da, 24 jarduerekin. 10 txoko eta 8 tailer egongo dira, eta robotika, psikologia edo indarkeria bezalako gaiei buruzko jarduerak, jolasak eta erakustaldiak, ibilbide didaktiko bat, erakusketa bat eta 3 ikuskizun proposatuko dituzte.
Aurtengo berrikuntzen artean, berrikuntza matematikoari buruzko kontzertu komentatua eta Debussyren iraultza musikala nabarmendu behar dira. Musikenen izango da, azaroaren 11n, 19:00etan.
Zientzia Asteko programa osatzen dute ikuskizun zientifikoak eta Argazki Geologikoen XVI. Lehiaketak. Bestalde, aurreko urteetako arrakasta handiaren ondoren, Zientzia Club gai eta bakarrizketa berriekin dator. Umorea, musika eta, noski, zientzia dira Zientzia Club formularen hiru osagaiak, eta UPV/EHUko espezialistek gai zientifikoei buruzko hitzaldi laburrak eskainiko dituzte. Sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte. Donostian, Zientzia Clubeko bakarrizketak azaroaren 8an, ostirala, izango dira, 19:30ean. Sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte.
Zientzia Astea Bilbon eta Barakaldon ere egingo da, azaroaren 6tik 10era, eta Gasteizen, azaroaren 7tik 10era.
Zientzia Astea 2024 Euskal Herriko Unibertsitateak antolatzen du Gipuzkoan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren laguntzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Donostiako Udalaren eta Ecampusen babesarekin. Jarduera batzuk G9-Science4All proiektuaren barruan sartzen dira. Proiektu hori Europako Batzordeak finantzatzen du, Marie Sklodowska-Curie/(MSCA) Ekintzen bidez. Europan karrera zientifikoak sustatzeko ekimena da, eta Horizonte Europa, EBko Ikerketako eta Berrikuntzako Esparru Programaren barruan dago.
Informazio gehiago: https://www.zientzia-astea.eus/eu/zientzia-astea-san-sebastian/
