euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

Zientzia Astea, museoak ezagutza partekatzeko agertoki

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2026/10/28

Arkitektura marrazketa tailerra Chillida Lekun

Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Zientzia Asteak zientziaren eta artearen elkarguneak esploratzera gonbidatuko ditu herritarrak. Chillida Leku, San Telmo Museoa, Tabakalera, Bilboko Arte Ederren Museoa, Itsasmuseum eta BIBAT izango dira, besteak beste, erakusketa, bisita gidatu eta jarduera berezien bidez disziplina bien arteko elkarrizketa sustatuko duten agertokiak.

Zientziak mundua ulertzen laguntzen digu; arteak, berriz, beste begirada batetik behatzen, interpretatzen eta sentitzen. Bi eremu horiek elkartzen direnean, errealitatea ezagutzeko eta azaltzeko aukera berriak sortzen dira. Horregatik, edizio honetan, museoek eta kultur guneek protagonismo berezia izango dute. Ohiko erakusketa- eta dibulgazio-espazioez harago, zientzia artearen bidez ezagutzeko aukera eskainiko dute museoek. 

Donostia

Zientzia Asteak Eduardo Chillidaren unibertso artistikora hurbiltzeko gonbita egingo du, EHUren eta eskultore donostiarraren arteko harreman sinboliko berezia abiapuntu hartuta: unibertsitatearen ikurra Chillidaren Bizitzaren Arbola eskulturan inspiratuta dago. Lotura horrek agerian uzten du artea eta ikerketa elkarren osagarri direla. 

Harreman hori gertutik ezagutzeko aukera izango da Chillida Lekun, «Arkitektura grafiatuz» erakusketaren eta bisita gidatuen bidez. Horrez gain, publiko guztiari zuzendutako bi tailer eskainiko dira: «Arkitektura marrazketa», Chillidaren unibertso eskultorikoa marrazketaren bidez esploratzeko, eta «Paisaia eskaneatzen», 3D eskaneatzeko teknologia digitalen aukerak ezagutzeko. Jarduera guztiak Chillida Lekura hurbildu nahi duten herritarrei irekita egongo dira.

Chillidaren sorkuntzak artearen eta sormenaren ikuspegitik ez ezik, ingeniaritzaren erronketatik ere aztertzeko aukera eskainiko du «Haizearen Orraziaren ezkutuko ingeniaritza» ibilbide didaktikoak. Artelanaren diseinua, erabilitako materialak, arroketan ainguratzeko prozesua eta itsasoaren, haizearen nahiz korrosioaren aurrean dituen erronka teknikoak ezagutuko dituzte parte-hartzaileek. Ondoren, eskulturara bertara joango dira, artelan enblematikoari ingeniaritzaren ikuspegitik begiratzeko.  

San Telmo Museoak berriz, Mauricio Antón paleoartista du protagonista, iraganeko espezieak eta ekosistemak irudien bidez berreraikitzen dituena. «Mauricio Antón: Artea eta paleontologia» erakusketaren bidez desagertutako espezieak eta ekosistemak berriz irudikatzeko prozesua ezagutuko dute parte-hartzaileek. Horrela, zientziak zer arrasto eskaintzen dituen, artistak zer erabaki hartu behar dituen eta berreraikuntza bat errealitatera zenbateraino hurbil daitekeen aztertuko dute. Azaroaren 6an, berriz, bigarren hezkuntzako ikasleekin egingo du topaketa Antonek: «Nola egiten du lan paleoartista batek?» jardueran, fosiletatik abiatuta, duela milioika urte desagertu zen animalia baten itxura nola deskubritzen duen azalduko du, ilustrazio zientifikoa erdiesteko bidea zein den erakusteko. San Telmo museoan baita, azaroaren 7an «Familientzako zientzia Tailerra» eskeiniko da gaztetxoenen artean zientziarekiko interesa pizteko asmoz.

Bilbo

Donostiako proposamenek iragana ulertzeko irudiaren indarra erakusten duten bitartean, Bilbon eta berriro Donostian egingo diren bi topaketek beste galdera bat jarriko dute mahai gainean: Nola uler dezakegu hobeto artelan bat, eta zer ekarpen egin dezake zientziak hark ezkutatzen dituen sekretuak argitzeko? Azaroaren 6an, Bilboko Arte Ederren Museoan, eta azaroaren 7an, Donostiako Tabakaleran, Leonardo da Vinciri egotzitako «Salvator Mundi» margolanaren inguruko saio bana egingo da. Bi topaketek obraren zaharberritzea eta haren ezaugarri materialen azterketa izango dituzte hizpide, baina baita egiletzari buruzko eztabaida ere: Leonardo da Vincik margotu ote zuen ala beste artista baten lana da? Bi adituk hartuko dute parte: Dianne Modestini New Yorkeko arte-zaharberritzaile ezagunak eta Juan Manuel García-Ruizek, Donostia International Physics Centerreko (DIPC) ikertzaileak. Saioak ingelesez egingo dira, euskarara eta gaztelaniara aldibereko interpretazioarekin. EHUko Oskar González Mendia eta Itxaso Maguregui irakasleek gidatuko dituzte topaketak. Biak kimikariak dira, eta Kultura Ondareen Kontserbazio eta Zaharberritzeari buruzko Graduan irakasten dute.

Artearen interpretaziotik itsas ingurunearen azterketara igarota, Bilboko Itsasmuseumek naturaren aniztasuna eta edertasuna izango ditu ardatz «Euskal kostaldearen sekretuak» erakusketaren bidez. EHUko Itsas Bentos Ikerketa-taldeak egindako laginketetan oinarrituta, itsas hondo harritsuetan bizi diren organismo bentonikoen mundua ezagutaraziko du. Argazkien bidez, makroalgek eta ornogabeek osatzen duten unibertso txiki baina konplexua jarriko du ikusgai, askotan oharkabean pasatzen diren organismoek ekosistemen funtzionamenduan duten garrantzia nabarmenduz. 

Vitoria-Gasteiz

Vitoria-Gasteizen, berriz, zientziaren komunikazioak hartuko du protagonismoa. BIBAT Museoak «Fernando G. Baptista. Infografia zientifikoaren esploratzailea» erakusketa hartuko du. Infografia zientifikoak informazio konplexua hizkuntza bisual argi eta irisgarri batera itzultzen du. Ilustrazioak, diagramak, mapak eta grafikoak konbinatuz, zuzenean behatu ezin diren prozesuak ikusgai jartzen ditu, zorroztasun zientifikoari eutsiz. Erakusketak Fernando G. Baptistaren lan esanguratsuenak ez ezik, horien atzean dagoen sormen- eta ikerketa-prozesua ere erakusten du: dokumentazioa, lehen zirriborroak, azken ilustrazioak eta artistak berak egindako maketak nahiz hiru dimentsioko ereduak. BIBAT Museoak, gainera, EHUko ikertzaileen lana eta dibulgazio zientifikoa ezagutarazteko hainbat txoko, tailer eta erakusketa eskainiko ditu. 

Beste toki batzuk

Museoen eta kultur guneen eskaintza horrek kalean ere izango du jarraipena. Izan ere, Zientzia Asteak erakusketa-aretoetatik harago zabaldu nahi du ezagutza, eguneroko espazioak dibulgazio zientifikorako gune bihurtuz. Mungia, Bermeo eta Gernika izango dira, «Zientzia kalean» hiri-erakusketa ibiltariaren geralekuak. Ekimenaren helburua da eguneroko objektuetan eta ohiko jardueretan dagoen zientzia agerian jartzea eta herritarren eguneroko bizitzara hurbiltzea: edaten dugun iturriko urak, jaten dugun ogiak edo erabiltzen dugun telefono mugikorrak atzean duen ezagutza zientifikoa azalduko du erakusketak. 

Proposamen horrekin batera, EHUko «Zientzia eta Artea pertsona guztiontzat» kaleko erakusketak zientzia gizarteratzeko ikuspegi inklusiboa indartzen du. Bilbon, Bizkaia Aretoaren aurrean kokatuta, ingurutik igarotzen diren herritarrak zein Bizkaia Aretora hurbiltzen diren bisitariak gonbidatzen ditu zientziaz eta arteaz gozatzera. Erakusketan EHUko hainbat campus eta fakultatetako 14 ikerketa-taldek hartu dute parte, arkitektura, ingeniaritza, itsas biologia, planeta-zientziak, osasuna, arkeologia eta materialen zientzia bezalako arloetako lanekin. Guztiek helburu bera dute: zientzia artearen bidez erakustea eta arteari begirada zientifikoa eskaintzea, bi diziplinen arteko elkarrizketa sustatuz. Gainera, erakusketak irisgarritasunaren aldeko apustua egiten du: panel guztiek QR kodeen bidez eskura daitezkeen audiodeskribapenak dituzte, eta totem baten atzealdean irudietako bi ukimenaren bidez esploratzeko aukera eskaintzen da. Horrela, ezagutza partekatzeaz gain, pertsona guztiek zientziaz eta arteaz gozatzeko aukera izatea bilatzen da

Museoetan, kaleetan eta kultur guneetan barrena egingo diren erakusketek, beraz, ideia bera azpimarratzen dute: zientzia eta artea ez dira elkarrengandik urrun dauden bi mundu, errealitatea ezagutzeko eta azaltzeko elkar aberasten duten bi ikuspegi baizik. 

Laguntzaileak eta kolaboratzaileak

Ekimen hauek guztiak aurrera eramateko, EHUren antolakuntzak hainbat erakunde eta eragileren lankidetza eta babesa ditu. Zientzia Astea Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailarekin elkarlanean antolatzen da, eta Arabako eta Gipuzkoako foru aldundien, Barakaldoko, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko Udalen, Vital Fundazioaren eta ecampusen babesa du. Horrez gain, jardueretako batzuk G9EU4RESEARCH proiektuaren barruan kokatzen dira. Unibertsitateen 9. Taldeak (G-9) sustatutako ekimen hori Europako Batzordeak finantzatzen du, Marie Skłodowska-Curie Ekintzen (MSCA) bidez. Ekimen horren helburua Europan ikerketa-karrerak sustatzea da, eta Europar Batasunaren ikerketa- eta berrikuntza-esparruko programa den Horizonte Europaren barruan kokatzen da.