Zinemaldian saritua izatearen poz-ikara
Josu Oteiza EHUko ikertzaileak Eusko Label saria irabazi du ‘Hatsa’ mikrodokumentalagatik
- Erreportajeak
Lehenengo argitaratze data: 2025/10/02
Larunbatean ospatu zen Donostiako Zinemaldiko sari banaketa. Foku guztiak Alauda Ruiz de Azuarengan zeuden jarrita, Donostia Zinemaldiko Urrezko maskorra eta Euskal Zinemaren Irizar sarien irabazlea, ‘Los Domingos’ filmagatik. Ikus-entzunezko Komunikazioan gure graduatuetako bat da, Bernat Aranda Onzain bezala, Universae Sari Nagusia jaso duena, ‘Sillas’ film laburragatik. Eta hirugarren saritu bat ere badago, unibertsitateko kide dena: Josu Ozaita Azpiroz, EHUko Letren Fakultatean doktoregaia, Zinemaldiko Eusko Label Saileko lehen saria eskuratu duena. Bertan jartzen dugu fokua.
Alauda Ruiz de Azúa, Ikus-entzunezko Komunikazioan graduatua, urrezko maskorra eskuratu zuen ‘Los domingos’ lanagatik; eta beste ikasle ohi batek, Bernat Aranda Onzainek, Universae saria jaso zuen ‘Sillas’ film laburragatik
Donostiako Aquariumean egin zen sari banaketa eta lan irabazleen proiekzioa, hurbileko produktua zabaltzea eta babestea helburu duen lehiaketa batean. "Momentu berezia izan zen saria jasotzea —esan digu Josuk—. Ni jada oso pozik nengoen finalera iritsi ginelako, baina lehen saria leherketa izan zen. Gainera, Jose Mari eta Marisol Nieva ikazkinak eta Edorta Lamo sukaldaria nirekin izan ziren”.
Josu Ozaita, Antropologia Sozialean graduatua da eta Antropologian masterra du EHUn. Gainera, EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko ikertzailea eta GAIT (Gizarte Aldaketa Ikerketa Taldea) ikerketa talde kontsolidatuko eta Euskal Herriko Unibertsitateko ‘Atmosfera’ antropologia bisualeko taldeko kidea da. “Berez ez naiz aritu askorik ikusentzunezkoan, baina antropologiak ikuspegi berezia du hartarako, eta potentzial handia dute irudiek gure lana erakusteko era berean. Antropologian aritzea polita bezain gogorra da zentzu askotan, baina halako sariek indarra eta errekonozimendua ematen dute jarraitzeko. Orain arazo bat suertatu zait, antropologia bisualean sakontzeko gogoa gehiegi piztu zaidala (barreak). Benetan, oso polita izan da etnografian ikatza egin eta alfonbra gorriko esperientzia bizitzea", ikertzaileak dio.
Donostiako Zinemaldiko Eusko Label atalera aurkeztutako mikro dokumentala lurraldeko gastronomiari buruz egiten ari den doktorego tesia prestatzeko Jose Migel Barandiaran Katedraren laguntzaz egiten ari den landa-lanaren baitan dago. Ikerketa etnografikoa da, Euskal Herriko hiru paisaia ezberdinetan oinarrituta: itsasoa, mendia eta baserria. Plater batetik abiatu eta produktu bakoitzaren atzean dauden pertsonak, paisaiak, bizipenak eta istorioak ikertzea da asmoa. Lan hau prestatzeko, Michelin izarra duten hiru jatetxerekin batera ari da lanean: Arrea!, Elkano eta Ama.
"Arrea! jatetxeak bere inguruan egiten den ikatza erabiltzen du. Landa lanean prozesu hori jaso nahi nuen, eta nire bizitzako momentu berezia izango zenez, ez baitago beti aukerarik txondor bat martxan ikusteko, telefono mugikor on eta garesti horietako bat erostea erabaki nuen hori jasotzeko. Hala prozesu guztia jaso nuen argazki eta bideoetan mugikorrarekin, basoko lanetik, txondorra egin eta jatetxean ke bilakatzeraino. Hainbat egunetan goizeko 6:30etarako bertan izaten nintzen, momentu desberdinak biltzeko. Nire asmoa ez zen lehiaketa honetan parte hartzea", azpimarratu du.
Eusko Label saria
Eusko Label Donostiako Zinemaldiko lehiaketa saila da, eta Eusko Label film laburren lehiaketara aurkeztutako lanen aukeraketa bat biltzen du. Horren helburua da zinemaren bidez gertuko produktua zabaltzea eta babestea, eta nekazaritzan, abeltzaintzan eta arrantzan jasangarritasunari buruzko guztia sustatzea eta ezagutaraztea. Lehiaketa Zinemaldiak eta HAZIk, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren baitako enpresa publikoak, antolatzen dute.
Aurkeztutako film laburrek gehienez hiru minutuko iraupena dute eta sakelako telefono batekin egindakoak dira. Horien helburua da zinemaren bidez ezagutaraztea landa eta itsasertzeko ingurune bizi batek gure gizarte ereduaren oinarri gisa duen garrantzia, eta, aldi berean, eredu horren barruan lehen sektoreak, landa eta itsasertzeko inguruneak eta hango pertsonek osatzen duten rola baloratzea.
Hatsa
Egurra hilda dago, baina ikaztegian berpiztu egiten da. Hor, arnasa itzultzen zaio, kea kanporatzen du, usain bizi batek hartzen du ingurua, taupaka hasten da… Desagertzeko zorian dagoen espiritua da, eta zapore eta ke moduan berpizten da. Gure arbasoen bizitzak iraun egiten du, eutsi egiten du… eta arima ikusezin hori zure gorputzean sartuko da. Gure mendietara eramango zaitu eta, kez inguraturik, eraldaketa bat biziko duzu. Une horretatik aurrera konturatuko zara ikatz guztiak ez direla berdinak.
Mikro dokumentalean, Jose Mari eta Marisol Nievak (ikazkinak) eta Arrea! jatetxeko sukaldari Edorta Lamok hartzen dute parte. Muntaketa lana Zap! Bideogintzak egin du, eta musika, aldiz, Anari Alberdik.
Zinemaldiko EHUalumni sarituak
Bernat Aranda Onzain zuzendari eta gidoilari bizkaitarrak, Euskal Herriko Unibertsitatean Ikus-entzunezko Komunikazioan graduatuak, UNIVERSAE Sari Nagusia irabazi du UNIVERSAE: SSIFF Short Film Competition lehiaketaren barruan, Donostiako Zinemaldian. Film labur irabazlea, ‘Sillas’ izenekoa, Prime Video eta CIMA (Emakume Zinegileen eta Ikus-entzunezko Hedabideen Elkartea) erakundeek bultzatutako CIMA lehiaketari esker filmatu zen.
Obrak, narrazio intimo eta zuzen baten bidez, perspektiben arteko talka planteatzen du: “Ikastetxeko bilera arrunt baten itxura duenak ustekabeko norabidea hartzen du, eskolako zuzendariak bere aurreiritziei eta mundu-ikuskera propioari aurre egin behar dionean ikasle baten familia ezagutzean.”
“UNIVERSAE Sari Nagusia irabazteak gure lanaren errekonozimendu handia dakar. Gidoia idatzi nuenean ez nuen uste Zinemaldian amaituko genuenik. Horrek zinegile gisa indartzen zaitu, zinemaren industria bezalako mundu zalantzagarri eta ezegonkor batean. Ziur gaude hasiera bat dela guztiontzat, pixkanaka lan eginez eta hurrengo proiektuetan pentsatuz. Une honetan beste film labur gidoi bat mugitzen ari gara, aurrera ateratzeko moduaren bila. Palestinako genozidioa ardatz hartuta. Ez zaigu geldirik egotea gustatzen! Eta are gutxiago injustiziak!”, nabarmendu du Bernat Aranda Onzainek.
‘Los domingos’ luzemetraiaz eta Alauda Ruiz de Azúa zuzendariaz asko hitz egin da egunotan, Donostia Zinemaldiko Urrezko Maskorra zein Euskal Zinemaren Irizar Saria lortu baititu. Alauda Ruiz de Azúa ere EHUn graduatu zen, Ikus-entzunezko Komunikazioan.
