Zinemaren hilabetean gaude: Goya sariak igaro berri dira eta orain Oscarren zain gaude. EHUk ere egin dio bere ekarpena zinemaren esparruari; besteak beste, joan den larunbatean unibertsitate honetako hiru ikasle ohik Goya sariak eskuratu zituzten: Iván Miñambresek Animaziozko Film Onenaren saria irabazi zuen Decorado filmarekin; Alauda Ruiz de Azuak Zuzendari Onenaren saria jaso zuen; eta Patricia Lopez Arnaizek Emakumezko Aktore Protagonista Onenaren saria irabazi zuen, biek Los domingos filmagatik.
EHU, zubi bat zinema mundura
- Erreportajeak
Lehenengo argitaratze data: 2026/03/12
Bestalde, EHUko zenbait irakaslek duela gutxi elkarrekin idatzi zuten Los oficios del audiovisual. Funciones, tareas y tendencias en la industria de la ficción liburua. Lan horretan, ikus-entzunezkoen sektoreko lanbide desberdinetako profesionalei egindako elkarrizketak bildu dituzte eta zinemaren egungo eta etorkizuneko egoeraren inguruan hausnartzen dute. Hori abiapuntu hartuta, hona hemen EHUtik zinemaren mundura jauzi egin duten beste lau profesionali egindako elkarrizketak.
Ander Barinaga-Rementeria
Ekoizlea eta EHUn Ikus-Entzunezko Komunikazioan graduatua (Bilbo, 1992)
EHUn Ikus-Entzunezko Komunikazioko lehenengo promozioan graduatu zen. Ondoren, Madrilen zinema-industriaren kudeaketan espezializatu zen, eta ordutik ekoizle lanetan dihardu. Gaur egun, Irusoin eta Galapan ekoiztetxeetan egiten du lan. Bere azken lanen artean dago Maspalomas, Irusoinek ekoitzitako eta bederatzi Goya izendapen jaso dituen filma.
Zein da zehazki ekoizle batek egiten duen lana?
Ideia bat ikus-entzunezko proiektu bihurtzeko, profesionalen talde bat osatzen dugu: talentua bildu, eta ondoren prozesu osoan zehar laguntzen diegu, beharrezko baliabideak eskainiz. Funtsean, gu gara filmaren arduradun nagusiak: proiektua martxan jartzen dugu eta, horrekin batera, arriskua ere gure gain hartzen dugu. Hain zuzen, filmaren fase guztietan parte hartzen dugu, hots, gidoia jasotzen dugunetik hasi eta azken aurkezpen edo hitzaldietara arte. Horregatik, pelikula amaitu eta hiru urtera ere, askotan proiektuari lotuta jarraitzen dugu.
Azken urteetan, euskal zinema sarritan agertu da nazioarteko jaialdietan eta sarietan. Nola bizi duzu oparoaldi hori?
Pozik eta tentuz bizi dut. Batetik, momentu polit batean gaude, orain arte ereindakoaren fruitua jasotzen ari garelako: lan-talde artistiko sendo bat daukagu, euskarazko erreferente ugari daude eta belaunaldi berriok ikusten hasi gara euskaraz askortariko lanak egitea ere posible dela.
Bestetik, tentuz ikusten dut egoera hori, izan ere, euskal zinema oso momentu onean dagoela saltzen badute ere, horren atzean zenbait arazo daude: esaterako, prekarietatea edo proiektuei jarraitasuna emateko zailtasunak.
Barinaga-Rementeria: «Pelikula bat estreinatu eta plataformetara bidali bitarteko denbora-tartea errespetatzea ezinbestekoa da»
Plataforma digitalen garaian, nola ari da aldatzen filmak ekoizteko eta zabaltzeko modua?
Azken urteetan, paradigma guztiz aldatu da: zinema-aretoek indarra galdu dute eta orain, ikusleak beste leku batzuetan ere badaude. Hala ere, zinema aretoek funtzionatu ezean, gainontzeko pantailek ere nekez funtzionatuko dute. Hain zuzen, sarietan eta elkarrizketetan dauden pelikula gehienak pantaila handian estreinatutakoak dira eta gainera, finantziazioa lortzeko lehenengo pausoa da.
Pantaila berriek ikusle eta plataforma gehiagorengana heltzeko aukera eman diguten arren, pelikula bat estreinatu eta plataformetara bidali bitarteko denbora-tartea errespetatzea ezinbestekoa da.
Zinemagile edo ekoizle gisa, bada behin eta berriz burura etortzen zaizun filmik?
Loreak. Euskarazko zineman mugarri bat izan zen. Oso modu berezian bizi izan nuen Zinemaldi hura; euskararekiko zeuden hainbat topiko eta aurreiritzi hautsi zituen pelikula horrek.
Naia Arantzamendi
Gidoilaria eta EHUn Ikus-Entzunezko Komunikazioan graduatua (Ondarroa, 1994)
EHUtik irten eta telebistan eman zituen lehenengo urratsak; bertan, urte askoz egon zen erredaktore zein gidoilari lanetan. Ibilbide horretan zehar, proiektu propioak ere garatu izan ditu, hau da, bi esparruak uztartu izan ditu beti. Gaur gaurkoz, fikziozko film zein dokumentaletan gidoilari bezala egiten du lan, beti ere, “proiektu propioak albo batera utzi gabe”.
Nola eta noiz piztu zitzaizun gidoigintzarako interesa edo grina?
Gidoigintzako klase batean piztu zitzaidan interesa. Film baten egitura aztertzen ari ginen, eta, zehazki, istorio batean xehetasun txikiek duten garrantziaz ari ginen hizketan. Une hartan konturatu nintzen zerbait berezia zegoela hor: nik ere horretan aritu nahi nuela sentitu nuen, istorioak xehetasun horien bidez eraikitzen eta lantzen.
Zuretzat, zer da istorio bat idaztetik zailena?
Proiektu bakoitzak bere zailtasunak izaten ditu, baina oro har, pertsonaiak eraikitzea da gakoa. Horretarako, pertsonaia bakoitzaren hitz egiteko modua ondo lantzea garrantzitsua da, eta nire ustez, zailena ere bai. Idaztetik hitz egitera gauzak asko aldatzen dira eta naturaltasuna aurkitzea bide korapilatsua izan daiteke.
Nolakoa izaten da ideia batetik abiatuta gidoi bat garatzeko zure prozesua? Idazten hasi aurretik buelta asko ematen dizkiot guztiari: egiturari, pertsonaiei, gaiari… Buruari buelta asko eman, informatu, ikusi, irakurri, galdetu… eta nolabait, gauzak argi ditudanean idazteari ekiten diot.
Arantzamendi: «Gidoigintzan, pertsonaiak eraikitzea da gakoa»
Ba al duzu gidoigintzan erreferentetzat duzun filmik?
Asko ditut. Aurretik aipatu bezala, xehetasunei erreparatzen diet, eta, horregatik, mota askotako erreferenteak ditut: egiturari dagokionez, pertsonaiei dagokienez… Baina hortik harago, badira bereziki hunkitzen nauten filmak ere. Horien artean, Portrait de la jeune fille en feu eta Little Miss Sunshine aipatuko nituzke. Eta gurera ekarrita, berriz, Maspalomas nabarmenduko nuke.
Iñaki Alonso
Soinu postprodukzioan aditua eta EHUko irakasle elkartua
EHUn Arte Ederretan graduatu ondoren, Gasteizko soinu-postprodukzioko estudio batean hasi zen lanean, eta ordutik soinuaren munduan murgilduta jarraitzen du. 50 film luze baino gehiagotan egin du lan, baita ehunka film labur eta telesailetan ere. Ibilbidean zehar, soinuaren esparruko arlo askotan aritu da: zuzeneko soinuan, musikan, grabaketetan, nahasketetan… Hala ere, gaur egun batez ere soinu-postprodukzioan dihardu. Duela zortzi urtetik, gainera, irakasle elkartua da EHUn.
Zehazki zer egiten du soinu-postprodukzioan lan egiten duen profesional batek?
Ikus-entzunezko proiektuetan entzuten den soinu-banda eraikitzen dugu: soinua diseinatu, muntatu eta nahastu egiten dugu. Gure lanaren xedea da: pelikula batean zer soinu agertu behar den erabakitzea, baita noiz eta nola entzungo den zehaztea ere. Horretarako, zuzenean grabatutako elkarrizketak eta bestelako audioak jasotzen ditugu eta beste audio batzuk, berriz, guk sortzen ditugu: giro-soinuak, soinu-efektuak, foley-ak… Horiek guztiak nahastuta azken proiektua sortzen dugu.
Zer nolako garrantzia du soinuak ikus-entzunezko hizkuntzan?
Soinuak garrantzia handia du eta jendea ez da horretaz jabetzen. Niretzat soinua oso tresna indartsua da istorio baten narratiba, trama eta adierazkortasunari balio erantsia emateko.
Alonso: «Soinuak garrantzia handia du eta jendea ez da horretaz jabetzen»
Sare sozialek eta teknologia berriek soinua ulertzeko modua aldatu duela uste duzu?
Ez ditut sare sozialak gehiegi erabiltzen, baina, Ikusi ditut zenbait bideo eta erakustaldi. Badirudi, jendea, batez ere, gazteak soinuaren garrantzia kontuan hartzen ari direla eta edukia sortzean, gero eta gehiago lantzen dutela.
Soinuari dagokionez zuretzat erreferente den pelikula bat?
1979ko Alien. Asko gustatzen zait soinua formalki nola dagoen landuta eta, batik bat, soinuaren dimentsioak txunditzen nau; asko aberasten du pelikula.
Eider Ruiz
Arte zuzendaria eta EHUn Ikus-Entzunezko Komunikazioan graduatua (Bilbo, 1987)
EHUn Ikus-Entzunezko Komunikazioko gradua amaitzear zegoela, lagun bat film laburrak ekoizten hasi zen eta egun batean berarekin joatera animatu zuen. Horrela ikusi zuen lehen aldiz, eskala txikian bada ere, nola antolatzen den filmaketa bat. Handik aurrera, arte departamentuan laguntzaile gisa hasi zen lanean, eta gerora zinemako askotariko lanpostuetan aritu da. Gaur egun, 80ko hamarkadako haurren musika talde batean girotutako film batean ari da lanean. Gainera, datorren apirilean estreinatuko da Laponia filma; iaz Bizkaian filmatu zuten, Finlandiako iparraldean girotuta.
Zertan datza zehazki film batean arte zuzendariaren lana?
Gidoian irakur daitekeen guztia modu estetikoan gauzatzea da gure lana, ikus-entzunezko narrazioaren mailan elementu guztiek zentzua izan dezaten. Horretarako, erreferentzia ugari bilatzen ditugu, proposamenak egiten dizkiogu zuzendariari, eta elkar ulertzeko puntu komun batera iristen gara. Horrela, kontatu nahi dugun istorioari gure ikuspegi sortzailea gehitzen diogu.
Nola aukeratzen duzu zein proiektutan parte hartuko duzun?
Oso ondo legoke beti aukeratu ahal izatea, baina, askotan proiektuak bakoitzaren denbora librearen arabera egokitzen dira. Batzuetan, proiektu interesgarriak eskaintzen dizkidate eta uko egin behar izaten diet, jada beste pertsona batzuekin lan egiteko konpromisoa hartu dudalako.
Bestalde, garrantzitsua iruditzen zait gure sektorean familia-kontziliazioak dakarren erronka pertsonala ere aipatzea. Filmaketa baten lan-erritmoa kontuan hartuta, nork bere buruari jarritako exijentzia-maila kudeatzea ez da beti erraza izaten.
Ruiz: «Garrantzitsua da gure sektorean familia-kontziliazioak dakarren erronka aipatzea»
Zer da zure lanbidetik gehien gozatzen duzuna?
Denbora guztian gauza berriak ikasten aritzea. Proiektu bakoitzak erreferentzia asko eta dokumentazio-lan handia eskatzen ditu, askotan, inoiz landu gabeko gaiei buruz. Azken finean, etengabeko aurkikuntza bat da, eta hori oso motibagarria da niretzat. Era berean, konfiantzazko talde batekin lan egin ahal izatea; hori ezinbestekoa da lanbide honetan zoriontsu izateko.
Ba al duzu arte zuzendaritzaren arloan oso gustuko duzun filmik?
Asko gustatzen zait Gattaca filmak sortzen duen errealitate distopikoa; espazioei eta argiztapenari garrantzi handia ematen zaie bertan. Kontrakoa den arren, asko gustatzen zait Arrival filmeko produkzio diseinua ere; itxuraz intimoagoa da, eta narratiboki ere asko gustatzen zait.