Karlos Santamaria eta haren idazlanak

 

Karlos Santamaria. Zahartu ez den pentsalaria

 

Jai Egin, 11. zk., 1991-03-30

 

Nekane Iturregi

 

Zaharra adinez eta gaztea pentsamenduz, Karlos Santamaria solaskide ona da, esateko asko duena eta entzuten dakien horietakoa. Matematikoa, pentsalaria, euskal kultur arloan lan askoren egile dugu Santamaria. Berarekin hitz egin dugu Francoren garaian zuzendu zituen nazioarteko elkarrizketa katoliko sonatuez eta baita bukatu berria den Golkoko gerraz ere. Kristaua, pazifista, erizpide zabalekoa eta oso atsegina, bat dator intsumisoekin. Intelektual kritikoa ez da inoiz apuntatu biolentzia guztien kontra doan moda berri horretara.

 

    Frankistak Donostiara iritsi ziren uda hartan Karlos Santamaria familiarekin zegoen Aizarnan. Donostiatik gerrari iheska zihoan adiskide eta ezagun andana ikusi zuen herriska horretatik pasatzen. Uda bukatu eta Santamaria bere familiarekin hirira itzuli zenean kaleak erdi hutsik, basamortu zirudien Donostiak, izan ere, kaletik paseatzea ez zen posible solapatik zintzilik bandera espainola eraman gabe. Santamaria Burdinazko Zubiaren ondoan bizi zen garai hartan eta etxetik entzuten zuen gauero afusilamenduen zarata. ┬źJendea gauero nola hiltzen zuten entzuten genuen. Edozein huskeriagatik hiltzen zuten jendea. Ikaragarria zen┬╗.

    Gerra ondoko giroa aipatu behar da Conversaciones Cat├│licas Internacionales de San Sebasti├ín delakoen garrantzia ondo ulertzeko.

    Kanpotik Francoren kontra zerbait egingo zela espero zen hemen, Hitler eta Mussolini desagertu ondoren, frankismoa baitzen zutik zirauen faszismoaren azken hondarra. Baina ez zen horrela gertatu. Garai hartan Espainia isolaturik zegoen, beste herriekiko harremanik gabe. Eliza ere oso frankista zen, eta ematen zuen denak ados zirela gauzak zeuden bezala mantentzeko. Egoera hau, zer esanik ez, oso kaltegarria zen kultura, politika zein erlijioarentzat. Gauzak horrela bururatu zitzaigun kanpoko mundu katolikoarekin harremanetan jartzea, eta horretarako antolatu genituen bilera berezi horiek Donostian, ez kongresu bat egiteko asmotan, hitz egiteko gunea izateko baizik. Jakina, horrelakorik pentsaezina zen egoera hartan. Nik Mart├şn Artajo, Kanpo Arazoetako ministroa ezagutzen nuen, eta gure asmoa azaldu nion. Berari ideia gustatu zitzaion jasaten ari ziren blokeoa apurtu nahi zuelako, eta guri ere interesatzen zitzaigun zirriztu bat ireki eta ideia berriak ezagutzeko. Bi parteek genuen interesa eta akordio batetara iritsi ginen. Nik ezinbesteko baldintza jarri nuen, hots, zentsurarik ez zela izango solasaldi horietan. Konforme zegoela esan zidan eta aurrera egin genuen. Esan behar da baldintza hori beti errespetatu zutela.

    Horrela hasi ginen atzerritarrak gonbidatzen geure bileretara. Hasieran ez ziren fidatzen eta ez zuten etorri nahi, baina pizkanaka-pizkanaka ikusi zuten joko garbia zela eta gero eta jende gehiago hasi zen etortzen. Katolizismoan betidanik izan dira jarrera integristak, baina garai hartan jarrera aurrerakoiak hasiak ziren jaiotzen eta guk bide horretatik ideia berri horien zabalkuntzeari egin genion. Elkarrizketek zazpi urte iraun zuten, baina iritsi zen nuntzio berria trabak jartzen hasi zen eta bukatutzat eman genuen ekintza. Ordurako gauzak aldatuak ziren piska bat, beste giro bat zegoen.

 

    Francoren aldeko jarrera hartzeak ez dio gero Elizari mesederik egin, ezta?

    Ez dio batere mesederik egin. Garai hartan Eskubia eta Ezkerra ziren. Eskubia katolikoa zen eta Ezkerra berriz, antiklerikala. Gaur egun ez da horrela, baina garai hartan hala zen. Elizak Francoren aldeko jarrera hartu zuen eta horren ondorioz jende askok pentsatu izan du katoliko eta frankista izatea gauza bera zela, eta hori faltsua da. Erlijioa ez da, askok uste duen bezala, gauza itxia, hori baino sakonago eta irekiagoa da. Gainera, aldatuz joan da, Aita Santu batzuren eraginez, batez ere. Gaur egun beste egoera baten gaude, postmodernismoan. Jendeak ez du interesik ez Elizan ez erlijioan, ez Ezkerrean ez Eskubian, gaurko kontua ondo bizitzea da, besterik gabe.

 

    Ongizatearen gizarte honek gizakiaren kritika-ahalmenarekin bukatu al du?

    Asko murriztu du, bai. Gaur egun jendeak ez du kritikarik egiten, ondo bizitzea da interesatzen zaiona. Jakina, ez dago jadanik ezker aldeko jarrerarik. Esate baterako, Felipe Gonz├ílezena zer sozialismo mota da? Hori ez da garai hartako sozialismoa. Egunkarietan azaltzen diren artikuluak irakurtzen dituzu eta segituan konturatzen zara garai hartako erresistentzi ideologikoa falta dela. Baina nik espero dut hori aldatuko dela, pertsonok kritika horren beharra baitugu.

 

    Gizarte honetan intelektualen zeregina kritika egitea al da?

    Intelektualek, nolabait bokazioz, izan behar zuten kritikaren bultzagile. Ez da horrela gertatzen, ordea. Dudarik gabe, badira kritikatzen dutenak eta oso ondo gainera, baina ez daude modan. Egunkariak begiratu besterik ez da behar horretaz ohartzeko. Hura beste garai bat zen, gerra bukatu berri zen...

 

    Oraintsu ere gerra izan da...

    Bai, oraingoan izan da jarrera pazifistarik, baina pitin bat fiktizioak dira zeren eta, noski, kalera ateratzea pankarta batekin eta ┬źGerrari ez┬╗ aldarrikatzea oso erraza baita, baina ikus dezagun zer egin gerrarik ez izateko... Hau konplikatuagoa da. Neu ere pazifista naiz, noski. Baina gerrak nahi gabe datozkigu eta ez dira bukatzen pankarta batekin kalera atera arren... Hor dago problema. Okerrena izan da gerra honek demostratu duela oraindik ere gerra izatea posible dela. Askok gerrarik ezin zela izan pentsatzen genuen arma nuklearrak direla eta, ikaragarri suntzitzaile bihurtu zelako. Haatik ez da horrela izan eta gainera Golkoko gerra horri gutxi falta izan zaio gerra mundiala izateko. Arma nuklearrak esistitzen diren heinean beti gaude gatazka nuklear bat izateko arriskuan. Hori badakigu, baina zer egin horrelakorik ez gertatzeko? Hor dago koxka. Egia da, neurri handian, azken gerra honen errudunak Estatu Batuak izan direla, irtenbide militarra inposatu zutelako... Desastre bat izan da gerra hau, desastre bat.

 

    Karlosen lana ez zen bukatu Nazioarteko Elkarrizketa Katoliko horiekin. Bere ikasleei matematika erakusteaz aparte, proiektu askoren kudeatzailea izan da Santamaria. Besteak beste, Pax Christi erakundean, Loistarainen (gero ikastolen sortzailea izan zena), ┬źJakin┬╗ aldizkarian, eta Unibertsitatean izan dute bere lanaren berri. Geroago, EAJn zegoela, Euskal Kontseilu Orokorrean Hezkuntza Kontseilari izan zen. Partidua banatu zenean EAn sartu zen. Aipatzekoa da beti izan duen argitasuna eta sentsibilitatea ┬źeuskal arazoa┬╗ ulertzeko. Gizon fededuna izaki Elizaren jarrera aurrerakoiekin bat dator.

    Pertsona bakoitzarengan erlijioa diferente bihurtzen da —dio— pertsona guztiak diferenteak bait gara, eta erlijioa subjetiboa da, inoiz ez da gauza geometrikorik izan. Integristek esaldi eta artikulu konkretu batzuetara mugatu nahi dituzte ideak... Hori ez da niretzat. Nik Askapen Teologia oso ondo konprenitzen dut, ez dakit, ordea, zergatik deitzen dioten teologia, askatasuna justizi arazoa baita. Beti gustokoak izan ditut. Injustizia bada, kristauak horren aurrean jarrera aktiboa hartu behar du, ezin du bakarrik kritikatu, gizartea aldatzeko lana egin behar du. Gaur egun justiziaren zentzua bada, eta horrexegatik Askapen Teologiak aurrera egiten du. Beste batzuk horri herejia deitzen diote. Nik ez dut herejiarik inondik ere ikusten.

 

    Zer deritzozu intsumisoen jarrerari, gerran parte hartu nahi ez dutenen jarrerari?

    Asko kostako zaie horrelakorik onartua izatea, baina oso ondo egiten dute. Boterearen kontra egin behar da, dudarik gabe, ejerzitoen kontra joan behar da. Niri ondo iruditzen zait, oso sinpatikoak direla pentsatzen dut. Atsegin ditut. Baina oso jarrera zaila da, zeren Estatuek haien kontra egingo bait dute. Ordea, jarrera konstzientea da, logikoa erabat. Pazifista naiz, beraz, ez dut soldaduskarik egingo.

 

    Kristau batentzat ez al da jarrera hori egokiena?

    Kristau asko da Biolentziaren Kontrako mugimenduetan sartuta dena. Kristau batek ezin du gerra defenditu, ezin du bere anaia hil. Baina gatazkak hortxe ditugu, orduan saiatzen dira jarrera pazifistak arma bezala erabiltzen, burruka egiten dute bakearen alde. Oso zaila da. Horrek, praktikan jartzeko, batez ere, sendotasun handia eskatzen du. Piskanaka-piskanaka ideia horiek, ordea, bidea irekitzen ari dira.

    Gaur egungo gazteek ez dute gerra gogoko, beste garai haietan bezala. Lehen tropak ondo ikusiak ziren, txalo jotzen zieten kalean barrena, bihotzez jo ere, txikitatik jendea hezkuntza militarra edoski zuelako.

    Baina kasuak eta kasuak dira, adibidez, Hitlerrek Frantzia okupatu zuenean, zer egin behar zen? Besoak gurutzatu, aurrera pasatzeko esan? Hori ezinezkoa da. Gerra kondenatu behar da, baina gizakiak bere burua defenditzeko eskubidea du. Erasotzen dutenean ez du beste erremediorik, eta frantsesek ere hala egin zuten.

 

    Intelektualen artean biolentzia guztiak salatzea modan dago. Zu ez zara inoiz horrelako zerrendetan azaldu, ez duzu inoiz biolentzia guztien kontra aldarrikatuz agiririk sinatu.

    Ez, nik ez dut horrelakorik egin eta bakezalea naiz oso, bakea maite dut. Baina gerrarekin segituz, ezin da gerra hipotetiko baten kontra jo, kasu konkretuak aztertu behar dira eta gero jarrerak erabaki. Kuwaiten kasu horretan ONUk erridikuloa egin du, bakebidez istiluak konpontzeko gai ez dela demostratu du. Oso egoera nahasian gaude EEBBak munduaren gendarme bihurtu baitira. Eta hori oso arriskutsua da. Hiru partaideko erakunde bat eratu beharko litzateke, Japonia EEBBak eta Europako estatuak barruan direla ONU funtzionarazteko, bestela ez du ezertarako balio. Amerikanoak egiten ari diren politika katastrofikoa da, nik espero dut konturatuko direla.

 

    Euskaldun berria dugu Karlos Santamaria. Bera txikia zenean ez zitzaion batere inportantziarik ematen euskara jakiteari, eta beranduago ikasi behar izan zuen liburuen laguntzaz. Oso harro azaltzen du bere 10 seme-alabek eta 26 bilobek, guztiek euskara badakitela. ┬źAskotan galdetzen zidaten ea zergatik galtzen nuen denbora euskara ikasten, ez baitzuen ezertarako balio. Horrexegatik, horrexegatik erantzuten nien nik. Kulturak ez du utilidadea bilatzen gizakiaren beste dimentsio batzuk baizik. Guk bi irtenbide genituen. Posible zen, askok eta askok egin duten bezelaxe, euskara pikutara bidali eta erderaz bizi, baina gehienok ez dugu hori onartu. Euskara gai da edozein ideia adierazteko┬╗.

    Larogei urte baino gehiago dituen pentsalari honek gazteak ditu gogoko. Bere ustez, gaurko gazte gehienek askatasunez eta lasaitasunez hartzen dituzte erabakiak, inguruan gertatzen denarekin ohartzen dira eta ideiak dituzte. Ez ditu onartzen oraingo bizimoduaz zaharrek egiten dituzten kritikak. Hori historia geldieraztea dela iruditzen zaio eta gazteak zaharrak bezala pentsatuko balute lelo batzuk liratekeela dio. Harro dago oso, bere bilobekin. ┬źBaditut horien artean objetoreak direnak —adierazten du— eta oso ondo iruditzen zait. Zahar batek ikasi behar duen lehendabiziko gauza da zaharra dela, eta garaiak aldatu direla┬╗.

 

  • Bilaketa-sistema honek letra-multzoak bilatzen ditu (ez dago ez lematizatzailerik ez inolako analisirik).

  • Hitzaren hasiera bilatzen da beti, eta ez hitzaren barrukoa (etx bilaketak ez du aurkituko basetxe).

  • Hitz-multzoak bilatu daitezke, hitz-segida emanez gero (kristau fede adibidez).

  • Bilaketaren corpusa hautatzeko aukera dago: euskarazkoetan soilik / gaztelaniazkoetan soilik / hizkuntza guztietan (euskarazkoak, gaztelaniazkoak eta frantsesezkoak batera).

Nodoa: liferay2.lgp.ehu.es