-
Lleva el carné universitario de la EHU en tu móvil
-
Lo que no se percibe como abuso en el deporte de menores podría ser violencia sexual
-
¿Será el desahucio de Maricarmen el principio del cambio?
-
Adela Asua: «La universidad es el espacio donde encontraréis el gozo del conocimiento»
-
La ciencia que se esconde bajo la arena, reconocida por el Ministerio de Ciencia
Arantza Aldezabal Roteta
Abeltzaintza estentsiboa: egungo krisi anitzen arazo ala konponbide?
ZTFeko Landareen Biologia eta Ekologia saileko irakasle. EHU.
- Cathedra
Fecha de primera publicación: 09/07/2026
Este artículo se publica en el idioma en que ha sido escrito.
Dagoeneko ukaezina da egungo gizartea krisi anitzetan dagoela murgilduta eta kezkatuta egoteko arrazoirik ez zaigu falta. Krisi klimatikoa da gehien aipatzen dena baina biodibertsitatearen krisia, hain ezaguna ez bada ere, are larriagoa da, aurrekaririk gabeko abiadan ari baikara biodibertsitatea galtzen. Gainera, ebidentzia zientifikoek argi erakusten dute bi krisiak, klimarena eta biodibertsitatearena, ez direla independenteak, batek bestearengan eragiten duela eta alderantziz. Horrek adierazten du kausa (eragile) komunak daudela krisi horien atzean, sarritan, nekazaritza eta abeltzaintza seinalatzen direlarik. Baina, egoera ongi ulertzeko, ezinbestekoa da ñabardura tekniko garrantzitsu bat egitea: abeltzaintza estentsiboa eta industria-eredu intentsiboa, funtzionamendu eta inpaktu erabat desberdinak dituzten bi mundu dira eta beraz ezin dira “zaku” berean sartu.
Abeltzaintza estentsiboa lurrari lotutako ekoizpen-sistema da, abereak mugimenduan mantenduz eta luzaroan ikuilutik kanpo, lurraldeko baliabide naturalak (larreak, sastrakak, basoak) modu eraginkorrean aprobetxatzen dituena. Sistema honek arraza autoktonoak erabili ohi ditu, tokiko ingurune-baldintzetara moldatuta daudenak, eta kanpoko baliabideen (pentsuak, energia, botikak) dependentzia txikia du. Industrialki kudeatutako sistemek ez bezala, abeltzaintza estentsiboak zerbitzu ekosistemikoak eskaintzen dizkio gizarteari, hala nola paisaiaren kontserbazioa, biodibertsitatearen mantenua, kalitatezko elikagaien hornidura, lurzoruko elikagaien birziklapenaren azkartzea, karbonoaren bahiketa, edota suteen prebentzioa. Gainera, behar bezala maneiatuta, klima-aldaketaren aurkako arintze-tresna ere bada.
Euskal Herrian, zehazki Enirio-Aralar Mankomunitatean egindako ikerketek erakutsi dute abeltzaintza estentsiboak mendiko larreetan duen garrantzia. Abereek larratzeari utzi dioten eremuetan, denborak aurrera egin ahala, gramineo lehiakorrek espazioa hartzen dute eta espezie txikiagoak polikinaka desagertuz doaz, landare-dibertsitatea murriztuz. Gainera, larratzeak polinizatzaileen dibertsitatea faboratzen duela ere behatu da. Mendiko larreen lurzoruari dagokionez, abeltzaintza estentsiboak elikagaien zikloa azkartzen du. Gorotzen eta gernuaren bidez, mantenugaiak (nitrogenoa, fosforoa, potasioa) modu naturalean itzultzen dira lurzorura, landareen birsortzea eta hazkundea sustatuz hezetasun-baldintza egokietan. Ikerketek diote larratze-guneetan lurzoruaren tenperatura altuagoa eta aldakorragoa dela, mikroorganismoen jarduera faboratuz, karbono-biomasa mikrobianoa emendatuz eta CO2 isuriak murriztuz, eta horrek lurzoruko karbono-bahiketa errazten du. Azkenik aipatu, mendian larratzen duten abereetatik eratorritako elikagaiek (ardi-esnea eta gazta kasu) soslai lipidiko osasuntsuagoa dutela eta beraz, balio nutrizional hobea, ikuiluetan pentsuen bidez elikatzen diren abereen elikagaiekin alderatuz.
Klima-aldaketari lotuta, abeltzaintzari egozten zaizkion berotegi-efektuko gasen (BEG) isurketak, bereziki metanoa (CH4), testuinguru egokian jarri behar dira. Abeltzaintza estentsiboan, isurketek jatorri biogenikoa dute: CH4 biogenikoak 10-12 urte inguru irauten du atmosferan, eta ondoren CO2 bihurtu eta landareek fotosintesi bidez berriz xurgatzen dute, ziklo naturala itxiz. Aitzitik, industria eta garraioaren isurketek, erregai fosiletatik datozenek, CO2 berria gehitzen diote atmosferari, mendeetan zehar bertan metatzen dena. Gainera, ongi kudeatutako larre eta belardiek abereek isurtzen dutena baino karbono gehiago finkatzeko gaitasuna dute askotan, klima-larrialdiaren aurkako arintze-tresna izanik.
Bestalde, gero eta ebidentzia zientifiko gehiagok erakusten dute abeltzaintza estentsiboa ezinbesteko tresna dela suteen prebentziorako, sastraken hedapena kontrolatzen baitu eta basoen oihanpeko biomasa (erregai naturala) murrizten baitu. Gaur egun, erronka berriei aurre egiteko praktika berritzaileak garatzen ari dira eta tradizionalki bateraezinak ziruditen jarduerak modu bateragarrian uztartzeko saiakerak (proiektu pilotuak) gero eta ugariagoak dira: adibidez, larratze birsortzailea (abereen mugimendu planifikatuaren bidez egonaldi labur eta intentsiboak eginez, lurzoruaren emankortasuna eta ur-atxikipena hobetzen dituena), baso-larregintza (basogintzaren eta abeltzaintzaren kudeaketa partekatua antolatuz), eta energia berriztagarriekiko integrazioa (esaterako, parke fotovoltaikoetan ardiak erabiliz landaredia kudeatzeko, makineria mekanikoaren isurketak eta kostuak saihestuz). Lur-eremu berean jarduera desberdinak bateragarri izan daitezen, garapen teknologikoarekin batera (GPS bidezko urruneko kontrol-sistemak kasu), ezinbestekoa da kudeaketa aktiboa, koordinatua eta adostua gauzatzea. Horretarako artzain eta abeltzainek berebiziko garrantzia dute eta premiazkoa da lanbide honi dagokion duintasuna, balioa eta errekonozimendu ekosoziala aitortzea.
Guzti honetatik ondoriozta daiteke abeltzaintza estentsiboa ez dela arazo klimatikoaren eragile, konponbidearen parte baizik. Landa-eremuko biztanleria finkatzeaz gain, gure lurraldearen eta ingurune-osasunaren bermea da. Ezinbestekoa da ekoizpen-eredu hau administratiboki eta sozialki babestea, bere biziraupena gure ekosistemen eta elikadura-burujabetzaren biziraupena baita.