euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Beharren diagnosia eginda EHUk 607 milioi euroko aurrekontu-premia duela adierazi die alderdiei

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2025/10/27

Joxerramon Bengoetxea errektorea, Estitxu Garai Bizkaiko Campuseko eta Komunikazioko errektoreordea eta Javier Varona gerentea | Argazkia: EHU

2026ko aurrekontuen negoziazioaz hitz egiteko bilera erronda egin du Euskal Herriko Unibertsitateak Eusko Legebiltzarreko taldeekin. Legebiltzarrean ordezkaritza duten taldeekin (EAJ, EHBildu, PSE, Sumar eta PPrekin; VOX izan ezik) elkartu da Joxerramon Bengoetxea errektorea, Estitxu Garai Bizkaiko Campuseko eta Komunikazioko errektoreordearekin eta Javier Varona gerentearekin batera.

Datorren urteari begira, lehentasunezko premien diagnosia osatu du errektoretza taldeak eta, orotara, 2026an Eusko Jaurlaritzaren finantzazioak 607 milioi eurokoa beharko lukeela jakinarazi du, atalez atal, dituen premiak zehaztuta. “Bizirautea ezin da helburu izan”. Gaur egun unibertsitateak jasotzen duen finantzazioa LOSUk finkatutakoaren erdira ere ez dela ailegatzen ohartarazi du errektoretza taldeak; izan ere, 980 milioi euro izango lirateke EAEko BPGren %1. Beraz, “urgentziaz heldu beharreko premiak zehaztuta, jauzi esanguratsua egiteko garaia” dela adierazi du. 

Ordezkari politikoei aurkeztu zaien premien diagnosian eraldaketa digitala, pertsonen zaintza, azpiegiturak eta ikerketa-transferentzia nabarmentzen dira. "Digitalizazioa urgentea da unibertsitatean. Adibide bat jartzearren, Unibertsitatera Sartzeko Probako (USaP) 14.000 nota banaka sartu behar izaten dira sistemara; pertsonen segurtasuna bermatzeko urgentziazko lanak hasi badira ere, arazoa egiturazkoa da: EHUk 846.000 metro koadro ditu eta mantenurako 2 euro jasotzen ditu, metro koadroko; pertsonen zaintzari dagokionez, irakasle-ikertzaileen lan baldintzak hobetzea eta Teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen oinarrizko mailak igotzea lehentasunezkoa da, Arreta Psikologikorako zerbitzua indartzea eta Zaintza Integralerako Zerbitzua abiatzea bezalaxe; edo azpimarratzea ikerketarako EHUri zuzenean ematen zaizkion funts publikoak azken hamar urteetan ez direla hazi eta ikerketarako laguntza teknikoa ezinbestekoa dela gaineratu du errektoretza taldeak, “bikaintasunean aurrera egiten jarraitzeko”.

Talde politikoek eskertu egin diote errektoreari aurkeztutako egoeraren zehaztasuna eta prest agertu dira 2026ko aurrekontuek unibertsitate publikoaren beharrak asebete ditzaten lan egiteko. Izan ere, Gaur egungo aurrekontuaren (402 milioi euro) % 78 ohiko ekarpena da, alegia, eguneroko oinarrizko gastuei aurre egiteko ohiko ekarpena. Iaz diru partida hori  % 5,2 hazi bazen ere, azken hamar urteetan unibertsitatearen dimentsioa eta bere jarduera zenbat hazi den aintzat hartuta ez da nahikoa. Hamar urtean unibertsitate graduak 92tik 108ra igo dira, unibertsitate masterretan matrikulak bikoiztu egin dira (2014an 1.902 ziren, 2024an 2.809) eta defendatutako tesiak ere igo egin dira (410etik 546ra).  

Errektoreak, bestalde, iragarri du Eusko Legebiltzarrean azaroan agerraldia egiteko eskaera egina duela unibertsitatearen premiak azaltzeko Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza batzordearen aurrean; sailburuak sailaren aurrekontuak aurkeztu ostean izango da errektorearen agerraldia. 

Bideoa eta argazkietara lotura: https://ehubox.ehu.eus/s/PXePSkt4rbEFfay