Boiseko ingeniaritza alorreko birak indartu egin du EHUren eta BSUren arteko ikerketa-lankidetza
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2025/07/30
Boise State University-k idatzitako kronika da hurrengo hau
2025eko uztailaren 30ean, asteazkenean, Euskal Herriko Unibertsitateko sei ikertzaile Boiseko State University-n izan dira ikerketarako instalazioak eta laborategiak ezagutzeko. Boise State Universityk antolatutako Aste Nagusian edo Euskal Astean ekitaldi ugari egin dira, eta horietako bat Engineering Discovery Tour bira izan da; topaketa horri esker, goi-mailako ikertzaileek itsas gaindiko harremanak ehundu dituzte, eta etorkizuneko kolaborazioei ateak ireki, informatikaren eta zientzia biomedikoaren arlotan, besteak beste.
Ingeniaritza-bira deiturikoan Boiseko Unibertsitateak dituen puntako laborategiak bisitatu dituzte. EHUtik joandako ikertzaileek Boiseko State University-ko irakasleen azalpenak entzun dituzte, hala nola, elikagaien eta esnekien industriarekin elkarlanean jarduten duen Owen McDougal produktu naturalen kimikariarenak. Jeunghoon Lee kimikari organikoa (DNA nanoteknologia ikertzen du) eta Paul Davis dekanorde eta Gainazal Zientzien Laborategiko zuzendaria ere entzun dituzte. Boiseko Unibertsitateko biomekanikako eta mekanobiologiako instalazioetan muskulu sintetikoen ehuna sortzeko lanean ari diren ikasleek ere hitz egin dute.
Amy Fleischer Ingeniaritza Eskolako dekanoa izan da birako taldeetako baten gidaria. EHUko taldeak Boise State Universityko instalazioak ezagutzeko adierazitako irrika eta interesa nabarmendu du.
“Txinparta moduko bat somatu dut bisitariak laborategira ekarri ditugunean”, azaldu du Fleischerrek. “Ikusi dut nola argitu zaizkien begiak, eta aukerak sortzen ari direna nabaritu dut”.
Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Boiseko State Universityren arteko lankidetza 1974. urtean hasi zen, Pat Bieter irakasleak Oñati elkartruke-programa antolatu zuenean, eta 2024an Ingeniaritzako Fakultateko zenbait irakasle Euskal Herriko Unibertsitatera joan ziren bisitan.
“Benetan zoragarria izan da iaz elkar ezagutu zuten pertsonen arteko adiskidetasun hori, elkarlanerako gogo hori berpizten ikustea”, adierazi du Fleischerrek. “Lankidetza martxan dago jada, eta etorkizunean askoz gehiago sakonduko dugu”.
Javier Aizpurua fisikariak Euskal Herriko Unibertsitateko Elektronika eta Elektrizitate Sailean eta Donostia International Physics Centerren egiten du lan; bisita honetan bereziki interesatu zaio Boiseko Unibertsitateko laborategietan duten goi-mailako baliabide teknologikoak ezagutzea.
“Txundituta utzi nau hemen dituzuen materialen eta tresnen kalitateak; Ameriketako Estatu Batuetan, leku batean edo bitan baino ez daude horrelako instalazioak”, esan du Aizpuruak. “Optika kuantikoarekin eta materialen karakterizazioarekin harritu naiz gehien, baina, oro har, interesgarriena izan da ikustea tresna horiekin lor daitezkeen karakterizazio aurreratuko baliabide trinko, askotariko eta sendo guztiak”.
Aizpuruak gaineratu du ikerketan elkarlanean aritzeko aukerak ikusten dituela adimen artifizialaren, optika kuantikoaren eta materialen karakterizazioaren arloetan.
Informazio gehiago Euskal Astearen webgunean.