CIBEROBN sareko ikerketa taldeek zuzendutako ikerkuntza lanak Espainiako merkatuko elikagai eta edarien % 85 aztertu ditu. 2.000 produktu baino gehiagotan identifikatu dira edulkoratzaileak, eta presentziarik handiena freskagarrietan, botilaratutako uretan eta beste hainbat edaritan atzeman da.
-
Euskal Unibertsitate Sistemako Ikerketa Taldeentzako laguntzen ebazpena: eztabaidarako elementu batzuk
-
EHUren eta Iparragirre Eraikuntza Lanak enpresaren arteko hitzarmena
-
Abuztuan hasiko da Gipuzkoako Campuseko pabiloien eraisketa
-
EHUk Boise State Universityko ikasleei agur esan die
-
Baheketa-programak koloneko minbiziagatiko hilkortasuna % 30 murriztu du Euskadin
Aldaketak Espainiako merkaturatutako elikagaietako edulkoratzaile baxu eta kaloriarik gabekoen erabileran
EHUk zuzendutako ikerketa batek baieztatu du elikagai berean hainbat edulkoratzaile konbinatzea dela ohikoena
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2026/07/09
Azken urteotan, kaloria gutxiko edo kaloriarik gabeko edulkoratzaileen (LNCS, ingelesezko siglen arabera) erabilerak gora egin du Espainian. Horren arrazoietako bat da elikagai eta edarien formulazioa berrikusi izana, azukre edukia murrizteko. 2019an eta 2021ean argitaratutako ikerkuntza lanek osagai horien presentzia deskribatu bazuten ere Espainiako merkatuan, elikagaien eta edarien osaerarekin lotutako etengabeko bilakaera dela eta, beharrezkoa da informazio hori aldizkakotasunez eguneratzea.
Testuinguru horretan, CIBEReko (CIBEROBN) Obesitatearen eta Nutrizioaren Fisiopatologia arloko ikertzaileek, Maria Puy Portillo doktoreak (Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikertzaileak eta CIBEROBNeko zuzendari zientifikoak) gidatuta, Espainian merkaturatzen diren elikagai eta edarietan kaloria gutxiko edo kaloriarik gabeko edulkoratzaileen presentziari buruzko informazioa eguneratzen duen ikerketa argitaratu dute ‘Journal of Food Composition and Analysis’ aldizkarian.
Kontsumitzaileentzat, osagai horiek zer produktuk dituzten jakiteak elikadura arloko erabaki informatuagoak hartzen lagun dezake, bereziki azukre kontsumoa kontrolatu nahi duten edo behar dietetiko espezifikoak dituzten pertsonen kasuan. Era berean, datu horiek osasun arloko agintariei edulkoratzaileen erabilera joeren ikuspegi eguneratua eskaintzen diete, eta hori lagungarria izan daiteke elikagaien birformulazioaren jarraipena egiteko, etiketatzea ebaluatzeko eta etorkizuneko elikadura arloko politikak garatzeko.
Ikerkuntza lana Espainiako Nutrizio Elkartearekin (SEÑ) lankidetzan egin da, eta CIBEROBN sareko hiru ikerketa taldek hartu dute parte: UPV/EHUkoak, Santiago de Compostelako Unibertsitate Ospitale Klinikokoak (CHUS) eta Madrilgo Unibertsitate Politeknikokoak (UPM).
Espainiako elikagaien merkatuaren argazki eguneratua
Ikerkuntza lana egiteko, Espainiako merkatuko elikagai eta edarien % 85en osagaien etiketetan jasotako informazioaren bilaketa eta azterketa sistematikoa egin zen, Espainiako Nutrizio Fundazioaren (FEN) NUTRIFEN elikagaien datu basea erabiliz.
Azterketak Europar Batasunean baimendutako kaloria gutxiko edo kaloriarik gabeko edulkoratzaile bat edo gehiago identifikatu zituen 2.469 elikagai eta edaritan. Nolanahi ere, nabarmendu beharrekoa da ikerkuntza lanak produktuen etiketetan adierazitako informazioa baino ez duela aztertu, eta ez duela edulkoratzaileen benetako kantitatea neurtzen.
Emaitzen arabera, LNCS edulkoratzaileak oso hedatuta daude Espainiako elikagaien merkatuan. Prebalentziarik handiena “Freskagarriak, botilaratutako urak eta bestelako edariak” kategorian atzeman da; izan ere, osagai horiek dituzten produktuen % 36,65 kategoria horretan biltzen da.
Gainera, ikerketak aurreko beste ikerkuntza lan batzuekin alderatuta izandako aldaketak ere jasotzen ditu. Freskagarriak oraindik ere lehen postuan dauden arren, “Txokolate barrak eta gozogintza, estaldura gozoak eta postreak” kategoria bigarren postura igo da LNCS edulkoratzaileen presentziari dagokionez, fruta zukuak eta nektarrak ordezkatuz.
Ikerlanak, gainera, erabilitako edulkoratzaile motetan aldaketak identifikatu ditu. K azesulfamo izenekoa bihurtu da aztertutako produktuetan gehien erabiltzen den edulkoratzailea (sorbitola ordezkatuz); haren atzetik datoz sukralosa eta aspartamoa.
“Emaitzek erakusten dute elikagaien birformulazioa produktu kategoria desberdinetan erabiltzen diren edulkoratzaileen profila aldatzen ari dela. Horrek agerian uzten du elikagaien merkatuaren etengabeko jarraipena egitea beharrezkoa dela”, adierazi du Asier Lénizek, ikerketaren lehen egileak.
Azterlanaren beste ondorio nagusietako bat da elikagai berean hainbat edulkoratzaile konbinatzea dela ohikoena; izan ere, produktu gehienek bi edo hiru LNCS dituzte aldi berean.
María Puy Portillo CIBEROBNeko zuzendari zientifikoaren hitzetan, “elikagaien osaerari buruzko informazio eguneratua izatea funtsezkoa da nutrizioaren ikerketarako eta osasun publikoko estrategiak diseinatzeko. Azterlan honetan identifikatutako aldaketek agerian uzten dute beharrezkoa dela elikagaien eta edarien birformulazioaren eta Espainian kaloria gutxiko edo kaloriarik gabeko edulkoratzaileen erabileraren etengabeko jarraipena egitea”.
Erreferentzia bibliografikoa
- Analysis of the use of low- and no-calorie sweeteners in foods and beverages marketed in Spain: An update.
- Journal of Food Composition and Analysis (2026) 154: 109191.
- DOI: 10.1016/j.jfca.2026.109191