Ignacio Escribano Ott EHUko doktorearen ikerketak saskibaloian kreatina monohidratoa eta azido guanidinoazetikoa (GAA) batera erabiltzeari buruzko lehen azterlana balioztatu du eta horien ahalmena benetako errendimendu bihurtzeko elikadura mailako heziketa ezinbestekoa dela baieztatu du.
-
Hesteetako osasunari buruzko gida berria
-
EHUko bi ikertzailek izarrarteko ingurunean lehen azukrearen detekzioan parte hartu dute
-
2026-2027 ikasturtearen hasierako datak
-
EHUk EHU-iBio ikerketa-zentro berria sortu du
-
Gaur hasi da EHUn matrikulazioa aurretiko izen-ematea egin duten 19.453 ikasleentzat
Nutrizio heziketak osagarrien eragina biderkatzen du
EHUko tesi batek kreatina monohidratoaren azido guanidinoazetikoaren (GAA) arteko konbinazioari buruzko lehen azterlana balioztatu du
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2026/07/24
Osagarri batek kirolariak noiz eta nola erabili behar duen dakienean bakarrik aprobetxatzen du bere potentzial osoa. Hori ondo daki Escribano Ottek. Goi mailako kirolariei zuzendutako aholkularitzan egin du lan, tartean, Baskonia taldean. ACBko, Euroligako eta Erregearen Kopako partidak aldi berean jokatzearen ondorioz pilatutako nekearekin lotutako testuinguru horretan, elikadura funtsezkoa da eskakizun handieneko egutegian indarberritze prozesuak optimizatzeko. Ikuspegi integral horrek egituratzen du gaur egun bere doktorego tesia. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Hezkuntza eta Kirol Fakultatean defendatutako ikerketa horrek saskibaloi jokalariak izan ditu aztergai, eta bikain cum laude kalifikazioa eta sari berezirako proposamena jaso ditu.
Tesiak binomio hori, osagarriena eta ezagutzena, bi ikuspegitatik lantzen du. Lehenengoa fisiologikoa da. Kreatina monohidratoa erreferentziazko laguntza ergogenikoa da kirolean egiten diren bat-bateko ariketa errepikakorrei eusteko. Era horretako mugimenduak dira, hain zuzen ere, saskibaloiak eskatzen dituenak. Hala ere, haren eraginkortasunak badu muga ezagun bat: munduko biztanleriaren zati batek (gutxi gorabehera % 30ek) ez ditu kreatinaren ondorio onuragarriak jasotzen. Horregatik, ikerketak kreatina monohidratoa azido guanidinoazetikoarekin (GAA) konbinatzea aztertu du. Horixe bera da organismoak kreatina fabrikatzeko erabiltzen duena, eta muga horiek gainditzeko aukera ematen du. Bigarren ikuspegia portaerarekin lotuta dago; hau da, formula hori aprobetxatu beharko luketenen elikadura mailako ezagutzatik eratorritako portaera dietetikoekin.
Onura fisikoak eta kognitiboak, handiagoak dira emakumezko jokalarien kasuan
Lau astez egindako lanketa bidez, kreatina bakarrik hartzearen eta kreatina GAArekin konbinatzearen ondorioak alderatu ziren. Escribano doktoreak ikusi zuen formula konbinatua hartu zutenek errendimendu neuromuskularra hobetu zutela, batez ere emakumezkoek. Izan ere, emakumeek hobekuntza adierazgarriak lortu zituzten kontramugimenduko jauziaren altueran eta eskuaren presio indarrean. Onurak arlo kognitibora ere iritsi ziren, eta protokoloa, gainera, oso segurua zela frogatu zen: parte hartzaile bakarrak adierazi zuen deserosotasuneko sintoma oso arinak zituela.
Emakumezkoek onura handienak izatea ez da kasualitatea. “Kreatinaren inguruko zientzia ia beti gizonezkoekin eraiki izan da (azaldu du Escribanok). Oraindik asko dugu ikertzeko eta ezagutzeko emakume kirolariengan (modu espezifikoan) osagarrien erabilera nola pautatu behar den jakiteko, haien profil fisiologikoa eta bakoitzaren lehia kirola kontuan hartuta”.
Hala ere, formula erronkaren erdia baino ez da. Saskibaloiko jokalariekin (gizonezkoak eta emakumezkoak) ere egin zen bigarren azterlanak zehaztu zituen beste erdiaren zifrak. Haien elikadura ezagutzek ez zuten nahiko nota lortzen (10etik 5etik behera), eta % 83k ez zuen elikadura entrenamendu kargaren arabera egokitzen; gehienetan, erreferentziazko profesionalik ez zutelako.
Ikertzailearen arabera, gaur egun elitean benetako aldea ez du finkatzen formula dietetiko edo nutrizio plan berria aurkitzeak, baizik eta eguneroko elikadurari ahalik eta etekin handiena ateratzeko beharrezko baliabideak ezartzeak. Horretarako, ezinbestekoa da klubek eta erakundeek nutrizioaren garrantziari buruzko filosofia eta ikuspegi egokiak beren egitea. Abiapuntu horretatik, estrategia aurreratuen onurak (hala nola kreatina eta GAA konbinatzea) ahalik eta gehien aprobetxatu ahal izango dira.
Horregatik, tesiak bi gomendio egiten dizkie klub eta federazioei: dietista nutrizionista tituludunak taldeetan txertatzea eta nutrizio hezkuntza entrenamenduetara eramatea. Azken batean, Baskonian berak aplikatu zuen integrazio eredu bera da. Bere ustez, ustez, osagarri baten potentziala benetako errendimendu bihurtzen du horrek.
Cum Laude ibilbideari egindako aitortza gisa
Ez da historia horren lehen kapitulua. 2022an, bere tesitik abiatuta, Escribanok Menuba garatu zuen. Kirol arloko nutrizioari buruzko doako aplikazioa da eta ezagutza horiek indartzeko diseinatuta dago. Hain zuzen ere, EHUk Gazteen Ekintzailetza programaren barruan aitortu zuen proiektua, Arabako Campuseko INIZIA enpresa mintegiaren esparruan. Bi urte geroago, Espainiako Kirol Medikuntzaren Elkarteak haren ikerkuntza taldea saritu zuen ikerketa lerro beragatik, eta SEMED sarietako bat eman zion. Tesiaren irakurketak itxi du orain zirkulua.
Etorkizunera begira, Escribano dagoeneko GAAren onurak aztertzen ari da beste kirol batzuetan (padela, tenisa edo futbola), baita saskibaloi munduko beste figura batzuetan ere, hala nola epaileen artean. Aldi berean, nutrizio hezkuntzaren aldeko lana egiten jarraitzen du hitzaldiak emanez (esate baterako, orain gutxi Espainiako Saskibaloiko Medikuen Elkartean eskaini du hitzaldia); teknikarientzako prestakuntza saioen bidez (irailean Nafarroako CEIMDn emango duen saioa, adibidez); eta kirolariekin zuzeneko harremana mantenduz bere sare sozialen bidez (@escribanophd).
Informazio osagarria
‘Integrative Assessment of Guanidinoacetic Acid and Creatine Supplementation in Basketball Players’ izeneko tesia 2026ko ekainaren 29an aurkeztu zuen Ignacio Escribano Ottek, eta Julio Calleja González (EHU) eta Juan Mielgo Ayuso (Burgoseko Unibertsitatea) doktoreek zuzendu zuten. Tesiaren defentsara bertaratutako epaimahaia honako hauek osatu zuten: EHUko Jordan Santos Concejero doktorea, Ricardo de la Vega doktorea (Madrilgo Unibertsitate Autonomoa eta Espainiako Batzorde Olinpikoko Goi Errendimenduko Kirol Masterreko irakaslea) eta Isabel Sospedra doktorea (Alacanteko Unibertsitatea).