EHUk eta Iparragirre Eraikuntza Lanak bat egin dute eraikuntzaren industrializazioa bizkortzeko
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2026/07/27
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta Iparragirre Eraikuntza Lanak enpresak hitzarmen bat sinatu dute EHU–Iparragirre Eraikuntza Industrializatuaren Bizkortze Gela martxan jartzeko. Gune berri horrek prestakuntza, ikerketa aplikatua eta ezagutzaren transferentzia uztartuko ditu.
Hitzarmena Gotzone Barandika EHUko Transferentzia eta Nazioartekotzeko errektoreordeak eta Ibon Iparragirre Iparragirreko finantza-zuzendariak sinatu dute.
Gelak Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolaren eta EHUko TICBE ikerketa-taldearen irakaskuntza- eta ikerketa-gaitasuna Iparragirreren esperientziarekin eta Idiazabalen dagoen EIZ Eraikuntzaren Industrializazio Zentroaren baliabideekin lotuko ditu.
Helburua eraikuntzaren industrializazioa eta digitalizazioa bizkortzea da, unibertsitateko ezagutza benetako proiektuetara eramanez. Horretarako, BIM metodologia, 3D modelaketa, errealitate birtuala, datuen kudeaketa aurreratua eta plangintza digitala bezalako teknologiak erabiliko dira, prozesu eraginkorragoak, zehatzagoak eta jasangarriagoak lortzeko.
Lankidetzaren barruan egongo dira praktikak, prestakuntza duala, Gradu Amaierako eta Master Amaierako Lanak, ikerketa-proiektuak, jardunaldi teknikoak, obra-bisitak eta talentua aurkitu eta erakartzera bideratutako ekintzak.
Gela eraikuntzaren sektorearentzat une erabakigarrian jarriko da martxan. Sektorea bere ekoizpen-eredua sakon aldatzen ari da, industrializazioaren, digitalizazioaren eta enpresen, unibertsitatearen eta zentro teknologikoen arteko elkarlanaren bidez. Eusko Jaurlaritzak Buildinn eraikuntzaren klusterrarekin eta Tecnaliarekin batera sustatutako Eraiki Hub bezalako ekimenek eraldaketa hori lehentasun estrategikoen artean kokatzen dute, eta azkarrago, eraginkorrago, zehatzago eta modu jasangarriagoan eraikitzeko etapa berri bat zabaltzen dute.
Testuinguru horretan, EHU–Iparragirre Gelak prestakuntza, ikerketa aplikatua, enpresa eta benetako proiektuak lotzen lagunduko du, sektorearen eraldaketak eskatzen dituen gaitasun profesionalak sortzeko.
Gotzone Barandika EHUko Transferentzia eta Nazioartekotzeko errektoreordeak nabarmendu duenez, «aliantza honi esker, ezagutza eta ikerketa eraikuntzaren benetako erronkei erantzuteko irtenbide bihurtu ahal izango dira, eta, aldi berean, ikasleen prestakuntza eta lan-aukerak indartuko dira».
Alexander Martín Garín Gelako zuzendariak eta EHUko TICBE ikerketa-taldeko ko-ikertzaile nagusiak azaldu duenez, «industrializazioak teknologia, datuak eta lan egiteko modu berriak uztartzea eskatzen du. Lankidetza honi esker, eraikuntza-jardueran eragin zuzena izango duten irtenbideak ikertu, probatu eta praktikara eraman ahal izango dira».
Ibon Iparragirre Iparragirreko finantza-zuzendariak adierazi duenez, «sektorearen eraldaketa teknologiaren araberakoa da, baina, batez ere, teknologia hori erabiltzeko gai diren pertsonen araberakoa. Gela honen bidez, talentu gaztearengana gerturatu nahi dugu, benetako proiektuak eskaini eta eraikuntza gaur egun berrikuntzarako, garapen profesionalerako eta aukeretarako eremua dela erakutsi».
Patxi Albisu Iparragirreko zuzendari nagusiak, berriz, honakoa adierazi du: «Gelak EIZekin hasitako bideari jarraipena ematen dio, eta eraikuntza industrializazioaren, digitalizazioaren eta talentuaren garapenaren bidez eraldatzeko dugun apustua indartzen du».
«Unibertsitateko ezagutza, ikerketa-gaitasuna eta enpresaren esperientzia batu nahi ditugu, berrikuntza obretan zuzenean erabili daitezkeen irtenbide bihurtzeko», gaineratu du.
Hitzarmenak hasiera baten lau urteko iraupena izango du, eta Gelak berezko espazioa izango du EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolaren Donostiako egoitzan. Espazio hori elkarlanerako eta ideiak elkarrekin garatzeko gune irekia izango da, eraikuntza industrializatuagoa, digitalagoa eta eraginkorragoa bultzatzeko irtenbideak lantzeko.
