euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

EHUren Klaustroak unibertsitateko estatutu berriak bozkatuko ditu bihar

Unibertsitateren izendapen berria bozkatu beharko dute klaustrokideek, baita unibertsitateko organoetan, besteak beste, ikasleek izango duten ordezkari kopurua ere. 237 klaustrokide daude deituta Bizkaia Aretora, goizeko 10etan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2026/04/20

237 klaustrokide daude deituta Bizkaia Aretora | Argazkia: EHU.

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) estatutu berriak izango ditu bihartik aurrera. Modu horretan USLOk ezarritako epearekin beteko du, 2026ko apirilera arteko tartea eman baitzuen 2023an estatutuak legera egokitzeko. Estatutuak berritzeko prozesua luzea izan da eta parte hartze zabala izan du epe guztietan. Kontsulta publikoan 484 proposamen egin ziren. Aholkularitza Taldeak urtarrilaren 23an ebatzi zituen eta otsailaren 19ko Gobernu Kontseiluak on ikusia eman. Gero, 91 alegazio egin zaizkio dokumentuari eta horien inguruko azken erabakia hartuko du bihar Klaustroak, estatutu berriak izan ditzan Euskal Herriko Unibertsitateak, 15 urte eta gero.

Prozesuaren abiapuntua izan da ahalik eta zabalena eta parte hartzaileena izatea. Eta asmo horri jarraituta, kontsulta publikoan interes gehien piztu zuten puntuak Klaustroak erabaki beharko ditu; hala erabaki zuen Gobernu Kontseiluak, “estatutuak ahalik eta adostasunik zabalenarekin onar daitezen”.

Hala, Klaustroak erabakiko du unibertsitatearen izen aldaketa, Klaustroaren eta Gobernu Kontseiluaren ordezkari kopuru berria, errektore izateko hautagaiak beharko dituen gutxieneko merituak edo boto ponderazioaren balorea errektorea aukeratzeko hauteskundeetan.

Izendapenari dagokionez, hiru aukeren artean bozkatu beharko dute klaustrokideek: Euskal Herriko Unibertsitatea; Euskal Herriko Unibertsitatea/Universidad del País Vasco; Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea.

Klaustroaren osaketan aldaketa egitea ere proposatu da, sektore guztiek bere ordezkaritza orekatua izan dezaten. Ikasleen kasuan, gaur egun % 22ko ordezkaritza daukate eta USLOk proposatzen du, gutxienez, % 25ekoa izan behar duela. Horri jarraituz, Ikasle Kontseiluak ehunekoa % 26,5era igotzea proposatu du.

EHUko hauteskunde prozesuan ere aldaketa egitea proposatzen da, errektoregaiak izan beharko lituzkeen seiurtekoei dagokionez. Ikerketan bi sei urteko, hiru seiurteko edo ikerketan edo/eta transferentzian hiru seiurtekoren artean erabaki beharko dute klaustrokideek. Gaur egun ikerketan hiru seiurteko eskatzen da.

Halaber, errektorea hautatzeko prozeduran boto ponderazioan ere aldaketa proposatzen da eta hainbat aukera bozkatuko dira: ikasleen botoari dagokionez, % 29, % 23 edo % 26; ikerlari-irakasleei (IRI) dagokienez, % 51 eta % 55 artean.

Klaustroa streamingez ikusi ahal izango da: ehutb.ehu.eus/canal1