-
Euskara eta Literatura II irakasgaiak ez du portaera berezirik erakusten USaPeko emaitzak osotasunean aztertzen direnean
-
EHUko bi ikertzailek izarrarteko ingurunean lehen azukrearen detekzioan parte hartu dute
-
Algaverso spin-offak jaso du Gaztenpresa-MBAe3 saria
-
Zitekek ‘Think Big 2026’ Enpresa Ideia onenak saritu ditu
-
Zientzia eta trukea uztartzen dituen uda, Boise eta EHUren artean
Geografiak uste duzuna baino askoz ere gehiago biltzen du
EHUk Herbehereetako Radboud Universityrekin elkarlanean bideratu duen Erasmus etxean proiektua aprobetxatu dugu bi herrialdeetako ikasketa horiei buruz gehiago jakiteko
- Erreportajeak
Lehenengo argitaratze data: 2026/06/04
1978ko edizioan, Larousse Entziklopediak definizio hau jasotzen zuen:
GEOGRAFIA (gr. geographia). Lurraren gainazala aztertzea helburu duen zientzia da Geografia; gainazal hori endosferaren eta atmosferaren, hidrosferaren eta biosferaren arteko lotura gisa ulertzen da.
Eta imajinario kolektiboan badirudi oraindik ez dugula ikuspegi hori guztiz gainditu. “Oraindik Geografiaren inguruko ikuspegi zaharkitua dugu”, azpimarratu du Conchi Torresek, EHUko Geografiako irakasleak. Baina Geografia Lurraren gainazalaren deskribapen soila baino gehiago da. “Geografiaren gakoa dimentsio espaziala da; ingurune fisikoari eta giza inguruneari buruzko ezagutzak integratzen ditu, lurraldea aztertzen du, diagnostikoa egiten du eta irtenbideak proposatzen ditu”, gaineratu du Itziar Aguado EHUko Geografia irakasleak.
Itziar Aguado eta Conchi Torres Erasmus etxean programaren anfitrioiak dira orain sei urte abian jarri zenetik. Programa horren bidez, Radboud University unibertsitateko (Herbehereak) Geografia, Hirigintza eta Ingurumeneko bigarren mailako ikasleek astebeteko egonaldia egiten dute Bilbon, beren jatorri herrialdekoarekiko ezberdina den testuinguru geografikoan ikerketa lanak egiteko. Landa lanaren baitan egin behar dituzten elkarrizketetan laguntza ematen diete EHUko Itzulpengintza eta Interpretazioko eta Geografiako eta Lurralde Antolakuntzako graduetako ikasleek. Programak Bilboko Udalaren eta BBK Kunaren laguntza jaso du.
“Arazoak sozialak direla pentsatzeko joera dugu, baina guk esaten dugu ez direla soilik sozialak, espazialak ere badirela. Adibidez, pertsonak zergatik sentitzen diren leku bateko kide eta sentimendu hori nola eraikitzen den ulertzeko, ez da nahikoa gizartea bera ulertzea; hori beharrean, beharrezkoa da ulertzea zergatik dagoen gizarte hori toki jakin bati lotuta”, azpimarratu du Lothar Smithek, Radboud Universityko Geografia irakasleak eta hainbat talderen tutoreak Bilbora egindako bidaian.
Itziar Aguado: «Geografiak hiri bizigarriagoak eta lurralde jasangarriagoak izaten lagunduko diguten irtenbideak edo politikak proposatzeko balio du»
Azken batean, gizarte mailako geruza espazio geruzaren gainean jartzen dugunean, mapan sakabanatutako ibai eta mendietara mugatutako Geografia horretatik urruntzen hasten gara. “Geografia ez da hori: lurraldea irakurtzea, gertatzen dena interpretatzea eta diagnostikoa egitea da”, dio Conchi Torresek. Baina diagnostikoaz harago ere badoa: “Geografiak bizitzeko egokiagoak diren eta lurralde jasangarriagoak izaten lagunduko diguten irtenbideak edo politikak proposatzeko balio du”, gaineratu du Itziar Aguadok. “Gizarte mailan ez dira ondo ezagutzen gauzak non gertatzen diren jakiteak eta toki jakinetan sortzen diren arazoei erantzuteko jarduteak dakartzan onurak”, nabarmendu du Conchi Torresek. “Lurralde gatazka ugari sortu izanak, hala nola lurzoruaren erabilerarekin (hirikoa, landatar eremukoa, naturala...) edo azpiegituren kokapenarekin lotutakoak (osasunekoak, energetikoak edo garraiokoak), lurraldearen ikuspegi integratua eskatzen du, ez sektorekakoa bakarrik”, gehitu du.
“Gure ikasleek ingurune fisikoaren eta giza ingurunearen ezagutzak integratzeko, lurraldea interpretatzeko eta Informazio Geografikoko Sistemak (SIG) erabiltzeko gaitasuna eskuratzen dute; eta, horri esker, enpresa eta administrazioetan askotariko lanak egin ditzakete”, azaldu du Aguadok. Hori dela eta, Geografiako eta Lurralde Antolakuntzako graduatu batek hainbat arlotan lan egin dezake: hiriko plangintzan, hiri adimendunetan, azpiegitura berdeetan, klima aldaketaren aurkako borrokan edo arrisku naturalen kudeaketan, besteak beste; aholkularitza enpresetan, administrazio publikoetan, tokiko, eskualdeko edo lurralde mailako garapen agentzietan nahiz hirigintzako eta lurralde antolamenduko bulegoetan.
Lothar Smith: «Arazoak sozialak direla pentsatzeko joera dugu, baina ez dira soilik sozialak; espazialak ere badira»
Hala ere, gure inguruan Geografia ez da bereziki erakargarria ikasle askorentzat. Bigarren mailako hezkuntzan, askotan, modu memoristikoan irakasten da, ibaiekin, hiriekin eta hiriburuekin lotuta; gainera, unibertsitatera sartzeko garaian, haztapen txikia du. Baina egoera ezberdina da Herbehereetan: “Herbehereetako eskoletan, globalizazioaz eta ingurumen erronkez hitz egiten da, eta gai horiek berak agertzen dira gero gure unibertsitate programetan ere. Nolabait esanda, jarraikortasuna dago”, azaldu du Lothar Smithek.
Hain zuen ere, Smithen arabera, Geografia, Plangintza eta Ingurumen Ikasketetako graduan (GPE) “ingurumen jasangarritasunarekin lotutako gaiak aztertzen ditugu; hiriak nola antola daitezkeen hobeto eta denek haietan parte hartzen duten aztertzen dugu; eta migrazioa eta kide izatearen sentimendua lantzen ditugu, besteak beste. Gainera, era askotako galderak mahaigaineratzen ditugu: nork du hirirako eskubidea?, adibidez. Kartografia eta SIGak ere ikasten dituzte, eta mapen dimentsio politikoa lantzen dugu; esaterako, Afrikatik Europarako migrazioak irudikatzen dituzten gezi erraldoi horiek fenomenoa handituta erakusten ari ote diren aztertzen dugu”, azaldu du “Pentsalari kritikoak prestatu nahi ditugu, gure hirietan eta landatar eremuetan irtenbideak proposatzeko gaitasuna izango dutenak”, azpimarratu du irakasleak.
Zergatik ikasi Geografia?
Ez dira oso desberdinak Radboudeko eta EHUko ikasleek Geografia ikasteko aukeratutako arrazoiak. “Hiriak nola garatzen diren, klima aldaketa eta haren ondorioak interesatzen zitzaizkidan”, dio Milou Persoonek, Radbouden GPEko bigarren ikasmailan dagoenak. Igoitz Mateori betidanik interesatu izan zaio lurraldea nola antolatzen den eta pertsonek beren ingurunearekin nola elkarreragiten duten ulertzea. “Bereziki interesgarria iruditzen zait paisaian izandako aldaketen, ingurumeneko arazoen eta lurralde mailako plangintzaren azterketa. Gainera, Geografiaren diziplina anitzeko ikuspegia (gizarte, ingurumen eta teknologia arloak bateratzen ditu) oso ondo egokitzen da nire interesetara, batez ere informazio sistemen eta analisi espazialaren arloan”, azaldu du. “Garrantzitsua iruditzen zait gizakien eta naturaren arteko harremanak aztertzea. GPE programak hori guztia bateratzen zuela ikusi nuen, hainbat diziplina uztartzen baititu: geografia soziala, politika, kartografia, natura zientziak, hirigintza eta ingurumen ikasketak. Benetako aldaketa eraldaketa sistemikoetatik datorrela uste dut. Hori dela eta, garrantzitsua da denaren arteko lotura kontuan hartzea, gauza bakoitza loturarik gabeko esparru gisa ikusi beharrean”, azaldu du haren ikaskide Emma Popkemak. EHUko ikasle Amaia Eguiari ere txiki-txikitatik gustatu izan zaizkio mendia eta natura, eta “beti nahi izan dut gai horiekin lotutako zerbait ikasi eta horretan jardun”.
Emma Popkema: «Uste dut garrantzitsua dela gizakien eta naturaren arteko harremanak aztertzea, eta ez elkarren artean loturarik ez duten eremu gisa tratatzea»
Unibertsitate aurreko etapetan izandako irakasleek ere funtsezko eragina izan zuten ikasketa horiek aukeratzeko garaian. “Ikasle askok esaten digute Geografia ikastea erabaki zutela oso inspiratzailea izan zen Geografia irakasle bat izan zutelako”, dio Smithek. Horixe bera gertatu zitzaion, hain zuzen ere, Amaia Eguiari: “Batxilergoa amaitu nuenean, ez nekien zer egin eta ingurumeneko goi mailako gradua egiten hasi nintzen. Han, Kartografiako irakasleari esker, mapekiko nire benetako pasioa aurkitu nuen, eta irakasle hark eman zidan ikasketa hauen berri. Ikasgaiak eta graduaren edukia irakurri nituenean, ez nuen segundo batez ere zalantzarik izan; banekien nire etorkizuna Geografia ikastea zela”. Milou Persoonek gogoan duenez, “bigarren hezkuntzan, asko gozatzen nuen Geografiarekin”. Smithen hitzetan, horregatik da garrantzitsua unibertsitate aurreko irakasleekin gertukoa eta arina den harremana izatea. Hori dela eta, haien unibertsitatean urtero topaketa antolatzen dute bigarren hezkuntzako irakasleekin, azken ikerlan eta azterketak aurkezteko.
Aipatu izan dugun moduan, gradu honetako lan aukerak era askotakoak dira. Zertan jardun nahi dute ikasle hauek etorkizunean? Herbehereetako ikasleek, bigarren mailako ikasleek, argi dute: Milouk hirigintzako plangintzan lan egin nahi du; Emmak plangintzako ingeniari izateko masterra egingo du; eta Quinten Schuppertek unibertsitatera joan aurretik argi zuen institutuko Geografia irakaslea izan nahi zuela. EHUn, Igoitzek bere ibilbidea lurralde plangintzaren eta analisi geoespazialaren arloan garatu nahi luke. “Bereziki interesatzen zait informazio geografikoko sistemak eta teledetekzioa bezalako tresnekin lan egitea ingurumen eta lurralde arazoak aztertzeko eta esparru horietan erabakiak hobeto hartzen laguntzeko”. Quintenek bezalaxe, Amaiak, oraingoz, irakasle izan nahi du, baina ez dizkie beste aukera batzuei ateak itxi nahi. “Geografiarekiko pasioa irakaskuntzaren bidez transmititzea oso modu ederra dela uste dut”. Eta Josu Panaderok, mendia eta fauna gustuko dituenez, “biodibertsitatearekin eta ingurumenarekin lotutako zerbaitetan” lan egin nahi du etorkizunean, “ingurumenarekin lotura duen erakunde edo parke naturalen batean”.
Lotharren arabera, “gure graduatuek (ikasturte bakoitzean 120 inguru) oso erraz topatzen dute lana. Ospe ona duen karrera da”. Zeri esker lortu du arrakasta hori? Egunkariak gurekin lotura duten gaiez beteta daudelako dela pentsatzea gustatzen zaigu. Lantzen ditugun gaiak ikasleak identifikatuta dauden gaiak dira. Era berean, Herbehereetako lurzoruaren eskasiak klima aldaketaren erronkari eta etxebizitza eskasiari erantzuteko gai den plangintza egitera behartzen du, adibidez.
EHUko tituludunek ere enplegu tasa ona dute, nahiz eta hogei bat ikaslek bakarrik osatzen duten promozio bakoitza. “Herbehereetan, diziplina hobeto saldu da”, aitortu dute Aguado eta Torres irakasleek. Haien saila gaur egun gradua berritzeko lanean ari da, ikasleen interesekin eta gizartearen eskaerekin hobeto lotzeko.
Royal Geographical Societyren webgunean, definizio hau irakur daiteke: Lurraldeari buruzko diziplina da, gizarte zientziak eta natur zientziak maila lokalean eta globalean lotzen dituena. Definizio hori hobeto egokitzen zaio gaur egungo Geografiari.
