euskaraespañol

Redes sociales campusa

Mielinak erreserba energetiko gisa ere jarduten du

EHUko ikertzaileek, Carlos Matutek eta Alexei Verkhratskyk, argitaratutako artikuluaren arabera, adinak eta gaixotasun neurodegeneratiboek funtzio hori kaltetzen dute

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2025/10/14

Alexei Verkhratsky eta Carlos Matute | Argazkia: EHU

CIBEReko (CIBERNED) Gaixotasun Neurodegeneratiboen arloak, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) eta Biobizkaiak zuzendu duten ikerketa berri batek mielinak garunean betetzen duen zereginari buruzko ikuspegi berritua proposatzen du. Isolatzaile elektriko gisa duen zeregin ezagunaz harago joanda, azterlan berri horrek erakusten du erreserba energetiko gisa ere jarduten duela, eta funtzio hori hondatu egiten dela adinaren eta Alzheimerraren edo esklerosi anizkoitzaren moduko gaixotasunen ondorioz.

Baliteke mielinak uste baino funtzio erabakigarriagoa izatea, Trends in Endocrinology and Metabolism aldizkarian argitaratu berri den ikerketaren arabera. Nerbio zuntzak estaltzen dituen egitura hori, lipidotan aberatsa, energia iturri alternatiboa ere bada garunarentzat, batez ere glukosa eskasia dagoen egoeratan, hura baita erregai nagusia.

EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko katedraduna eta CIBERNEDeko eta Biobizkaia institutuko ikertzailea den Carlos Matutek, Alexei Verkhratsky Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko, Ikerbasqueko, Achucarroko, Biobizkaiako eta Manchesterreko Unibertsitateko ikertzailearekin batera zuzendutako ikerketa taldeak proposatu du mielinak gantz azidoen erreserborio edo gordailu dinamiko gisa jarduten duela eta, glukosa nahikoa ez denean, nerbio sistemako zelulek mobilizatu egin ditzaketela. Estres metabolikoko egoeratan aktibatzen den mekanismo horrek azal lezake garunak adinarekin jasaten duen kalte horren zati bat.

Zahartu ahala, mielina integritatea galtzen hasten da, eta bere funtzio energetikoa aprobetxatzea ahalbidetzen duen sistema ere kaltetzen hasten da. Narriadura horrek nerbio seinaleak moteltzea, neuronetara iristen den energiaren transmisioan defizita izatea, eta, azkenik, adinarekin lotutako beherakada kognitibo gertatzea eragin dezake.

Gainera, energia gaitasunaren galera horrek gaixotasun neurodegeneratiboetan ere eragina izan dezakeela planteatu dute egileek. “Esklerosi anizkoitzaren kasuan, non mielinaren kaltea nabaria den, ikuspegi berri honek iradokitzen du energia euskarririk eza ere inplikatuta egon litekeela gaixotasunaren progresioan. Alzheimerraren kasuan, sintomak agertu aurretik ere mielina narriatu egiten dela ikusten da, eta horrek garuneko eremuen arteko deskonexioa eta beta-amiloidearen metaketa eragin litzake”, azaldu du Matutek

Metodologia eta ikuspegia

Neurobiologian, garunaren metabolismoan eta gaixotasun neurodegeneratiboetan azkenaldian egindako aurkikuntzen berrikusketa kritikoa izan da lanketaren oinarria. Berrikusketa horretatik abiatuta, egileek paradigma aldaketa bat proposatzen dute garunaren zahartzea ulertzeko moduan. Horrek guztiak mielinaren metabolismoa indartzera bideratutako estrategia terapeutikoak garatzeko bide berriak ireki ditu.

“Ariketa fisikoak edo dieta jakin batzuek babes efektua izan lezakete, mielinaren funtzio energetikoa zainduz eta, horren bidez, garunaren osasuna ere zainduz”, ondorioztatu du ikerkuntza taldeak.

Azterlanak Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitateak Ministerioaren, Eusko Jaurlaritzaren, CIBERNEDen eta Instituto de Salud Carlos III institutuaren finantzaketa jaso du.

Erreferentzia bibliografikoa