Ardeola aldizkari zientifikoan argitaratu berri den ikerketa batek agerian utzi du mozolo europarrak (Athene noctua) Bizkaiko lurralde historikoan bizi duen egoera kritikoa. Egungo datuak 90eko hamarkadaren amaierako langinketa zehatzekin alderatu ditu ikerketak, eta egiaztatu du espeziea bere kumatze lurralde ezagunen % 73tik desagertu dela 1998tik 2024ra bitartean.
-
Ama izateak eragin handiagoa du osasunean aita izateak baino
-
Euskal Unibertsitate Sistemako Ikerketa Taldeentzako laguntzen ebazpena: eztabaidarako elementu batzuk
-
Nutrizio heziketak osagarrien eragina biderkatzen du
-
Bizkaiko Esperientzia Geletako mikrokredentzialek harrera bikaina izan dute
-
EHUren eta Iparragirre Eraikuntza Lanak enpresaren arteko hitzarmena
Mozoloak beherakada kezkagarria jasan du Bizkaian
EHUko ikertzaileak buru dituen azterlanaren arabera, populazioa % 73 murriztu da azken bi hamarkadatan
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2026/07/13
Mozoloa 2022an sartu zen Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan, Zaurgarria kategorian, haren populazioaren % 25 inguruko atzerakada estimatzen baitzen. Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuak ikerketa bat bultzatu zuen banaketa eguneratzeko eta Bizkaiko populazioaren joera zehaztasun handiagoz ezagutzearren. Lanak Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Saileko ikertzaileek zuzendu dituzte, Aranzadi Zientzia Elkartearekin eta Icarus S.L. aholkularitzarekin elkarlanean. Emaitzen arabera, 1998an ezagutzen ziren 272 mozolo-lurralde ugaltzaileetatik, egungo laginketak –2024an 1.600 landa-bisita baino gehiago barne hartu zituenak– antzinako kokalekuen zati txiki batean soilik berretsi ahal izan zuen espeziearen presentzia: 272tik 55 eremu soilik egon ziren okupatuta 2024an.
Jabi Zabalak, EHUko irakasle eta ikertzaile eta proiektuaren arduradunak, aurkikuntzen sendotasuna nabarmendu du: "Ikerketak landa-lan zabala eskatu zuen, espeziearen presentzia nabariagoa den ugalketa-garaiko faseetan zentratua. 1998an ezagutzen zen lurralde bakoitza hainbat aldiz lagindu zen akatsak baztertzeko, eta errepikatutako bisita horiek erabiliz egindako analisiek emaitzen zehaztasun handia sostengatzen dute”.
Gainbeheraren arrazoiak: asfaltoa, hirigintza eta zelai eta landa eremuen galera
Ikerketan garatutako eredu estatistikoek desagerpen hori azaltzen laguntzen duten hainbat faktore identifikatu dituzte. Urbanizazioaren hazkundea, errepide-sarearen hedapena eta belardi nahiz sega-larre tradizionalen galera dira eragin negatibo handiena duten aldagaiak.
Agus Fernández-Álvarez artikuluaren lehen autorek eta Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileak adierazi duenez, "landa-paisaia tradizionala eredu zatikatuago baterantz eraldatzeak, azpiegitura gehiagorekin eta kalitatezko espazio ireki gutxiagorekin, mozoloa zokoratzen ari da". Fernández-Álvarezek gaineratu duenez, "sega-larreak mantentzea ezinbestekoa dela dirudi espeziearentzat, haren elikadura-gune nagusi gisa funtzionatzen baitute".
Bestalde, Iñigo Zuberogoitia ikerketaren koatuorea, gaueko harraparietan aditua eta 1998ko ikerketaren arduraduna, kezkatuta agertu da, eta paisaiaren itxuraren aldaketa soiletik haratago doazen faktoreak aipatu ditu: "Ikerketa honek errealitate kezkagarria erakusten du gure gaueko harrapari adierazgarrienetako batentzat: mozoloak ia lau lurraldetik hiru galdu ditu Bizkaian hogei urte eskasen buruan, eta horrek gainbehera demografiko dramatikoa adierazten du. Nahiz eta oraindik badauden lehen begiratuan egokiak direla ematen duten zenbait eremu, nekazaritzaren intentsifikazioa, harrapakinak hiltzen dituzten pestiziden erabilera eta eraikin zaharren zaharberritzea –habia egiten duten zuloak ixten baititu– modu ikusezinean ari dira urritzen habitataren kalitatea".
Landa-ingurunearen osasunaren adierazlea
Mozoloaren gainbehera ez da gertaera isolatua; atzerakada nabarmena du penintsula osoan, baina orain arte ez zen zehaztasun horrekin neurtu, bereziki eremu atlantikoetan, non datuak eskasagoak baitziren. Atzerakada horrek Bizkaiko ekosistema agro-pastoralen eraldaketa, abandonua eta degradazioa islatzen ditu. Harrapari gisa, gaueko hegazti harrapari txiki honek ingurumen-osasunaren "adierazle" gisa jokatzen du.
Azterketa berriaren ondoren, Jabi Zabalak emaitza horiek ingurunean izandako aldaketen adierazle gisa duten garrantzia azpimarratu du: "Mozoloa gure paisaien osasunaren adierazle bikaina da; haren gainbeherak gure landa-ingurunean eta bertako biodibertsitatean azken 25 urteetan izandako eraldaketa sakonaz ohartarazten gaitu".
Ikerketak ondorioztatzen duenez, nahiz eta atzerakadarekin lotutako arrazoiak identifikatu diren (hala nola errepideen eta urbanizazioaren eragina), atzerakadaren zati handi bat azaldu gabe dago, eta ez dira ezagutzen mozoloa Bizkaiko azken babesleku gehienetatik kanporatzen ari diren mekanismo zehatzak.
Erreferentzia bibliografikoa
- Estimación de una población del mochuelo europeo Athene noctua y de factores asociados con su disminución bidecadal (Estimation of a Little Owl Athene noctua Population and of Factors Associated with Its Bidecadal Decline).
- Ardeola: International Journal of Ornithology. Volumen 73.2, Julio 2026. Páginas 45-64.
- DOI: 10.13157/arla.73.2.2026.SI-ra3
