euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

Suizidio Jokabidea Prebenitzeko lehen Protokoloa osatu du EHUk

Ikastegietako dekano eta zuzendariei aurkeztuta, formazio saioak hasiko dira ikastegi guztietan. Lehenengoa Ekonomia eta Enpresa Fakultatean izango da azaroaren 4an

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2026/10/29

Protokoloa gauzatu duen lan taldea | Argazkia: EHU

Onartu berri den Unibertsitate Ikasleen Estatutuak agintzen du unibertsitateek jarrera suizidei aurre egiteko jarduera, prebentzio eta esku-hartze protokoloa izan behar dutela. Bada, EHUk badu Jokabide Suizida Prebenitzeko lehen Protokoloa. Ia bi urteko lanketaren ondoren osatu dute protokoloa eta dagoeneko EHUren komunitate osoaren eskura dago.

Osasunaren Mundu Erakundeak 2030. urterako suizidioaren ondoriozko heriotza-tasa globala heren bat murriztea proposatu du Garapen Jasangarrirako Helburueen baitan ezarritako xedeetako bat bezala (OME, 2021). Helburu hori lortzea erronka handia bada ere, OMEk nabarmendu du beharrezkoa dela gizarte-esparru guztietan prebentzio-estrategia espezifikoak sustatzea, unibertsitate-eremua barne. Testuinguru horretan, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU), oro har ongizate emozionala sustatzeko eta bereziki jokabide suizidari heltzeko konpromisoan, Jokabide Suizida Prebenitzeko lehen Protokoloa prestatu du, EHUko unibertsitate-komunitate osorako espezifikoki diseinatua. Protokoloaren helburua jarduteko esparru komun bat ezartzea da, unibertsitatearen errealitatera egokitutako prebentzio-neurriak, detekzio goiztiarra, arrisku-egoeren aurreko esku-hartzea eta postbentzioa integratuko dituena.

Protokoloa diziplina anitzeko lan-prozesu baten emaitza izan da, eta bertan unibertsitate-komunitateko kolektibo desberdinetako profesionalek eta ordezkariek parte hartu dute. Lan taldean jokabide suizidaren prebentzioan adituak diren Jon Garcia eta Alexander Muela izan dira, EHUn gatekeeper formakuntza ematen dutenak. Era berean, taldearen parte izan dira Arreta Psikologikorako Zerbitzuko, Prebentzio Zerbitzuko eta Pertsonen Ongizaterako eta Zaintza Zerbitzu Integralerako zuzendaritzak, eta baita unibertsitate-komunitate osoaren ordezkariak ere (Irakasle-ikertzaileak, Teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileak, eta ikaslegoa), protokoloaren diseinuan ikuspegi eta behar anitzak txertatzeko helburuarekin.

Elena Sevillano Peñak, EHUko Pertsonen Ongizaterako eta Zaintza Zerbitzu Integralerako zuzendariak, eta proiektu honen koordinatzaileak, protokolo hau abian jartzearen garrantzia azpimarratu du, unibertsitateko esparruan prebentzio, esku-hartze eta postbentzio estrategia koordinatuak batzen dituena. Gainera, protokolo honetan hartutako ikuspegia bat dator EHU ere partaide den Osasuna Sustatzen duten Unibertsitateen Espainiako Sareak (REUPS) argitaratutako Adostasun Dokumentuarekin, unibertsitateetan jokabide suizidaren abordatzeari buruzkoa.

Hiru ardatz nagusi

EHUk prestatu duen protokoloa hiru ardatz nagusitan egituratzen da: prebentzioa eta osasun mentalaren sustapena, unibertsitatean eskuragarri dauden baliabide eta programei ikusgarritasuna emanez; detekzio goiztiarra eta krisi-egoeretan esku hartzea, alarma-seinaleak identifikatuz eta jarduera-prozedura argiak zehaztuz; eta posbentzioa, suizidio baten ondoren kaltetutako pertsona eta kolektiboentzako laguntza neurriak ezarriz. Gainera, protokoloak erreferentziazko taldeak sortzea, zerbitzuen arteko koordinazioa eta unibertsitate-komunitatea detekzio eta laguntza trebetasunetan prestakuntza ematea aurreikusten du.

"Duela urtebete inguru hasi zen protokoloa prestatzeko lana", azaldu du Elena Sevillanok, "unibertsitate-esparruan osasun mentalak gero eta garrantzi handiagoa duelako eta suizidio arrisku egoeren aurrean jarduteko prozedura komun bat izateko beharrak bultzatuta. Protokoloa unibertsitate-komunitate osoari zuzenduta dago; izan ere, ebidentzia zientifikoak erakusten du unibertsitate-garaia bereziki zaurgarria izan daitekeela ikasleentzat ikuspegi emozionaletik, baina baita Irakasle eta Ikertzaile eta Teknikari, Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileentzat ere; hauen zaurgarritasuna areagotu dezaketen egoerak edo zirkunstantziak jasan ditzaketelako. Horregatik, beharrezkotzat jo zen EHUri tresna bat ematea, prebentzioa, koordinazioa, laguntza eta unibertsitatearen erantzun koordinatua errazteko”.

Sentsibilizazio eta prestakuntza ekintzak

Protokoloaren zabalkundearekin batera sentsibilizazio- eta prestakuntza-ekintza ugari jarriko dira abian. Esaterako, azaroaren 4an egingo da lehenengo formazio saioa Ekonomia eta Enpresa Fakultatean (9:30 Sarriko eta 12:30 Elkano) eta 26an, berriz, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan, Eibarren. Bi orduko prestakuntza-saioak izango dira, hiru zatitan egituratuta: protokoloaren aurkezpena; alarma-seinaleen identifikazioa eta protokoloa krisi-egoera desberdinetan nola aplikatu. Halaber, jokabide suizidaren prebentziorako unibertsitatean eskuragarri dauden baliabideak ere azalduko dira. Saioen ardura izango dute Jon García, psikiatra eta Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasleak eta Alex Muela eta Monika Salgueiro, Psikologia Fakultateko irakasleek.

Saioen helburu da lehen laguntza eskaini ahal izateko alarma-seinaleak identifikatzen ikastea eta laguntza behar duten pertsonei baliabide espezializatuetarako sarbidea erraztea. “Unibertsitate osasungarriago, eta sentsibilizatuago baterantz aurrera egitea da asmoa; sufrimendu psikologikoko egoerak antzemateko eta laguntzeko prestatuagoa egongo dena”, ondorioztatu du EHUko Pertsonen Ongizaterako eta Zaintza Zerbitzu Integralerako zuzendariak.

EHUko Suizidio-Jokabidearen Prebentzio Protokoloak