Eduki publikatzailea

Eskizofrenia tratatzeko indartzaile kognitibo bat aurkitu dute

Lehenengo argitaratze data: 2016/12/27

Irudia

Bartzelonako Parc Científicen egoitza duen Iproteos bioteknologia enpresak, Euskal Herriko Unibertsitateko eta Osasun Mentaleko Sareko Ikerketa Biomedikoen Zentroko (CIBERSAM) kide den Neuropsikofarmakologia Taldeak eta The Barcelona Institute of Science and Technology (BIST) institutuko Ikerketa Biomedikoko Institutuak (IRB Bartzelona) artikulu bat argitaratu dute European Neuropsychopharmacology aldizkarian. Bertan, sendagai prokognitibo berri baten eraginkortasuna egiaztatu dute.

IPR19 izeneko konposatuak eskizofreniari loturiko defizit kognitiboari buelta emateko duen bere gaitasuna egiaztatu du. Horretarako, bide berri baten modulazioa gauzatu du. Mekanismo hori ez da gaur arte ikertua izan gaixotasun honi dagokionean eta, ondorioz, lanaren berritasuna nabaria da. Eta, gainera, molekula egonkor, ez kaltegarria eta burmuinean sartzeko gai da, bertan egiten baitu bere lana. Balizko sendagai gehienek ez dute Nerbio-sistema Zentrala babesten duen mintza gurutzatzeko gaitasunik, beren ekintza terapeutikoa galaraziz. IPR19 konposatuak, ordea, hesi mugatzaile hori gurutzatzeko gaitasuna dauka.

"Ezaugarri horietako konposatu batek eskizofreniari loturiko defizit kognitiboaren tratamenduan erabilia izateko potentziala duela frogatzen den lehen aldia da. Egun tratamendurik ez duen sintomatologia honetarako terapia berriak sortzeko abiapuntua da IRP19a", adierazi du European Neuropsychopharmacology aldizkarian argitaratutako artikuluaren egile Roger Pradesek.

Eraginkortasuna frogatzeko probak gaixotasuna duten animaliekin egin dira. Zehazki, sendagaiaren eraginkortasuna funtzio kognitiboaren defizita duten hiru sagu mota ezberdinetan probatu da. Aipatu probak Euskal Herriko Unibertsitateko eta CIBERSAMeko kide den Neuropsikofarmakologia Taldearen laguntzarekin egin dira. Animalien laneko memoria eta memoria espaziala aztertzen duen proba-segida baten bidez, IPR19 sendagaia emateak defizit kognitiboari buelta eman eta maila basaletara iristea ahalbidetzen duela frogatu da.

"Artikulu hori mugarri oso garrantzitsua da Iproteosentzat, neuropsikofarmakologiaren arloko nazioarteko adituek eskizofreniaren inguruan gauzatu dugun proiektua balioztatu dutela esan nahi baitu", esan du Iproteoseko zuzendari exekutibo Teresa Tarragok. "Euskal Herriko Unibertsitateko eta CIBERSAMeko Javier Meana irakaslearen taldearekin gauzatu dugun lankidetza ezinbestekoa izan da sendagaiaren eraginkortasuna frogatzeko. Lankidetza publiko-pribatua, egokiro gauzatuz gero, Espainiako ikerketa ekosistemarentzat oso onuragarria izan daitekeela probatu du artikuluak, beste behin".

Eskizofreniari loturiko defizit kognitiboa tratatzeko bere hautagaiaren fase aurrekliniko erregulatzailea garatzen ari da Iproteos egun. Enpresak Caixa Capital Risc erakundea buru duen finantzazio-hitzarmen bat sinatu zuen orain dela gutxi aipatu probak egin ahal izateko. 2018an sendagaia gizakietan frogatzea espero da.

European Neuropsychopharmacology Europako Neuropsikofarmakologia Elkargoaren (European College of Neuropsychopharmacology - ECNP) aldizkari ofiziala da. Aldizkariaren helburu nagusietako bat da neurozientziaren arloko oinarrizko aurkikuntzen eta beren translazio klinikoaren arteko jauzia minimizatzea. Bere artikuluek gizakion burmuinaren portaerari zein tratamendu berrien aurkikuntzari loturiko aurkikuntza zientifikoak zabaltzen dituzte.

Eskizofrenia mundu osoan 45 milioi gaixo dituen gaixotasun heterogeneo bat da. Bere zeinu klinikoak hiru sintoma taldetan sailkatzen dira: positiboak (mintzamena, pentsamendua eta portaeraren aldaketak, aluzinazioak, eldarnioak), negatiboak (apatia, gozatzeko gaitasun eza) eta kognitiboak (arreta selektiboa mantentzeko gaitasun urria, informazio soziala eta emozionala prozesatzeko zailtasunak, laneko memoriaren hutsuneak). Lehen bi sintoma taldetarako tratamenduak badaude ere, defizit kognitiboa konponbide medikurik ez duen alderdi bat da. Horrek, gaixoen egunerokotasuna izugarri zailtzen du (langabeak % 90 dira eskizofrenia duten gaixoen artean). Munduko Osasun Erakundearen (MOE) arabera, eskizofrenia gehien ezgaitzen duen gaixotasunetako bat da.

Sendagai prokognitiboen beharra ikusita, Iproteosen aurkikuntzak arlo honetako ikerketa eza bete nahi duen bide berri bat irekitzea suposatuko du.

 

Argazkia: UPV/EHU

Erreferentzia bibliografikoa