Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

Hasiera:

txerto (orobat xerto g.er. eta txertu g.er.) 1 iz pertsona edo animalia bati gorputzean sartzen zaizkion mikroorganismo ahulduak, horiek sortzen dituzten eritasunetik babesten dutenak.

Duela gutxi arte, birusen aurkako txertoak birus ahulduekin egiten zituzten eta gorputzak abantaila guztiak zituen haien kontrako gerran. Pako Aristi   «Urregilearen orduak» - 344. orr.

Mediku batek txertoa jarriko badu, ekarri egin behar diote aurrena. Bernardo Atxaga   «Soinujolearen semea» - 139. orr.

Hobe zuen bere garaian txertoa eman balio. Bernardo Atxaga   «Soinujolearen semea» - 139. orr.

Artaxonan ez bainuen tetanosaren txertorik jartzeko astirik izan. Ramon Saizarbitoria   «Gorde nazazu lurpean» - 398. orr.

Pasteur ardiei lupuaren baziloaren aurkako txertoa jartzen hasi zenean, [...]. Juan Garzia   «Sagua, eulia, eta gizakia» - François Jacob - 193. orr.

Txertoa egiteko OMEren baimena eskatu dute. Berria - Gaiak   2006-01-19

Patarroyok Hego Amerikan probatu zuen bere txertoa eta nahikoa eraginkorra zela ikusi ahal izan zen. Berria - Gaiak   2004-06-26

Txertoa hiru dositan hartzekoa da, eta aho bidez hartzen da. Berria - Gaiak   2004-10-16

BCG txertoa 1921. urtean merkaturatu zuten. Berria - Gaiak   2004-10-26

Txerto bidez eragin daiteke immunitate artifiziala. Irene Aldasoro   «Giza gorputza lanean» - John Lenihan - 162. orr.

Haurdun ez gelditzeko txertoa ezarri nahi diete nerabeei Erresuma Batuan. Berria - Gaiak   2004-11-17

Mikrobizidak eta txertoak hiesaren kontra egiteko esperantza berriak direla esan dute Bangkokeko bileran. Berria - Gaiak   2004-07-16

2 (izenondo eta izenlagunekin)

Duela gutxi arte, birusen aurkako txertoak birus ahulduekin egiten zituzten eta gorputzak abantaila guztiak zituen haien kontrako gerran. Pako Aristi   «Urregilearen orduak» - 344. orr.

1999an gobernu eta enpresa pribatuek 300 milioi dolar inguru gastatu zuten txerto berrien ikerkuntzan. Pello Salaburu   «XX. mendearen argi-itzalak» - 144. orr.

Polioaren aurkako borrokan, 1950eko urteetan, txerto hil bat garatu zuen Jonas Salk doktoreak, baina A.B. Sabin doktorearen txerto biziak hartu zion lekua. Irene Aldasoro   «Giza gorputza lanean» - John Lenihan - 163. orr.

Txerto eraginkorra eta segurua dela sinestuta gaude. Berria - Gaiak   2004-10-16

Txerto sintetikoak, Patarroyoren eskutik. Pello Salaburu   «XX. mendearen argi-itzalak» - 88. orr.

Batzuetan, nahikoa izaten da "hildako" txerto bat -bakterio edo birus hilak- injektatzea. Irene Aldasoro   «Giza gorputza lanean» - John Lenihan - 162. orr.

3 (hitz elkartuetan)

Lau milioi txerto dosi prest dituzte agintariek. Berria - Gaiak   2006-03-16

Ez dago txerto industriarik. · Eritasun birulentoak; birus-txertoak; errabiaren profilaxia. Juan Garzia   «Sagua, eulia, eta gizakia» - François Jacob - 181. orr.

Lasaigailu txertoak egiten zizkioten orduetan bereziki memoria inarrosaldiak pairatzen zituen eta beti itxura berdinak zetozkion buru-zokoaren lardaskatzera. Itxaro Borda   «Zeruetako erresuma» - 127. orr.

4 irud/hed

Sara da maitasunaren aurkako nire txertoa, birus hila dagoeneko nire bihotzean: gaixotasuna gogorarazten dit, baina hilik dago, eta ez nau gehiago gaixotzen. Pako Aristi   «Urregilearen orduak» - 345. orr.

Asperduraren kontrako txertoa zela look berria. Karlos Linazasoro   «Ez balego beste mundurik» - 62. orr.

Caracazoak kontzientzia berri bat ekarri zuen ejerzitoaren baitara, txerto baten eragina izan zuen, eta txerto horrek militarrengan sartu zuen mezua hau da: ez dezagun gehiago jende zibila erail, ez gaitezen gehiago krudelkerian erori. Pako Aristi   «Venezuela, iraultza isilaren hitzak» - 108. orr.

Hilik bizitze horren kontrako txertoa litzake kultura, deus izatekotan: izpiritu plazer bilatzailea erne zaintzea. Patziku Perurena   «Trapuan pupua» - 310. orr.

Esperientziak erakutsi digu masa-hedabideek duten efektu narkotizatzailea benetan sendoa dela, batik bat, hartzaileak txerto egokirik jarrita ez badauka. Txema Ramirez de la Piscina   «Ikus gaitzazuen» - 116. orr.

5 injekzioa.

Shipmanek heroina txertoa emanez hiltzen zituen. Berria - Gaiak   2004-01-14

6 landare baten enborrean edo adar batean txertatzen den beste landare baten adarra. ik mentu.

Txertoa ez da mentu onean itsatsi, eta ez du fruiturik ekarri geurean. Pello Zabala   «Naturaren mintzoa» - 308. orr.

7 irud/hed

Eskola militanteak sortu ziren eta, euskara zela medio, sekula ezer errebindikatu ez zuen euskaltzaleen mugimenduari abertzaletasunaren txertoa egin zitzaion. Itxaro Borda   «Hiruko» - 27. orr.

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus