Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

urri1 (orobat hurri g.er.) 1 izond behar edo egoki den edo eskatzen den neurrira edo kopurura heltzen ez dena. ik bakan; eskas. anton ugari.

Udako Sabbathetan oso talde urria biltzen zen, baita auzitegiak ordaintzen zien agure batzuk kontuan hartuta ere.  Koro Navarro   «Zortzi kontakizun» - Isaac B. Singer, 2002 - 151. orr.

Buru-orratz batez itxita eramaten zuen beti bere diru urria gordetzen zuen zorroa.  Bego Montorio   «Napomuceno da Silva Araujo jaunaren testamentua» - Germano Almeida, 2003 - 91. orr.

Begiak berehala ohitu zitzaizkidan oholezko hormaren zirrikitu meharretatik sartzen zen argi urrira.  Anjel Lertxundi   «Ihes betea», 2006 - 82. orr.

Hiru bezerok ia guztiz betetzen zuten mostradore aurreko espazio urria.  Josu Landa   «Odolbildua», 2002 - 64. orr.

Neure hiztegi urriaren biktima naiz.  Joxe Austin Arrieta   «Homo Faber» - Max Frisch, 2001 - 271. orr.

Etekin urria atera ahal izango zaio urreari.     «Legeen espirituaz II» - Montesquieu, 1999 - 63. orr.

Tenplurik ez duten herriek atxikimendu urria dute erlijioaren alderako.     «Legeen espirituaz II» - Montesquieu, 1999 - 143. orr.

Lehen esan dut punteneko bertsolariek joera urria dutela bertso-paperetarako.  Andoni Egaña   «Hogeita bina», 2004 - 58. orr.

Maastricht-en ezarri zen politika deflazionistak hazkunde urria ekarri zion Europari.  Iñaki Heras   «Txanponaren bi aldeak», 2003 - 194. orr.

Hoberik ezean, zaldiak bazka urri horrekin etsi behar.  Karlos Zabala   «Mikel Strogoff» - Jules Verne, 2002 - 346. orr.

Alabaina, maiz gertatzen zen salda urri haren axalean zikinkeri eta zimentu errautsak pausatzea.  Eneko Bidegain   «Anbroxio», 2002 - 127. orr.

Ilargi urri baten argitasunak ukitua.  Jon Alonso   «Lisboako Setioaren Historia» - José Saramago, 2000 - 356. orr.

Halako batean arrosa-koloreko odol isurketa labur eta urria izan nuen.  Joseba Urteaga   «Gertakizuna» - Annie Ernaux, 2003 - 16. orr.

Lats urri batek atariaren aurretik bere zurrumurru etenkorra entzunarazi nahian.  Txillardegi   «Putzu», 1999 - 336. orr.

Horrelako ideia batek adimen urri batena izan behar du.  Berria - Kirola   2004-09-18

Ihes egin du literatur lilura urriko lerro lexikografikoetatik.  Anjel Lertxundi   «Konpainia noblean», 2004 - 9. orr.

Trantsizio-garaian, birgaitzeak sustatuz, kualifikazio urriko enpleguari diruz laguntzea.  Koro Navarro   «Ekonomiaren globalizazioa» - Jacques Adda, 2004 - 183. orr.

Baliabide ekonomiko urriko jendearentzat.  Santiago Iruretagoiena   «Arkitekturaz hamar liburuak» - Vitruvio, 2000 - 1450. orr.

Merkantzia horiek prezio urrikoak badira.     «Legeen espirituaz II» - Montesquieu, 1999 - 66. orr.

Lanean ordu asko egunero eta irabazi urria.  Gotzon Garate   «India harrigarria», 2001 - 121. orr.

Bazkari urria egin zuten biek.  Karlos Zabala   «Mikel Strogoff» - Jules Verne, 2002 - 126. orr.

Ibex-35 indizeak %0,09 urri bat baino ez zuen irabazi.  Berria - Ekonomia   2006-03-18

· Buba Nina neska koskor adimenez urri hark bezala.  Anjel Lertxundi   «Konpainia noblean», 2004 - 241. orr.

2 (kontagaiekin, pluralean)

Altzari urri eta eskasak.  Iban Zaldua   «Gezurrak, gezurrak, gezurrak», 2001 - 127. orr.

Elkar ezagutu zutenetik batera bizi izandako une, ordu eta egun urrietan.  Anjel Lertxundi   «Azkenaz beste», 2005 - 190. orr.

Esku batekin ahoa itxi zuen estu, eta, segundo urri batzuetan, malkoz gainezka zituen begiak.  Oskar Arana   «Brooklyngo erokeriak» - Paul Auster, 2006 - 168. orr.

Bere sabeleko ile urri eta guztiz kizkurrak ikusi nituen.  Aitor Arana   «Onan», 2000 - 116. orr.

Informaziorik eza, azpiegitura urriak, higiene eskasa, osasun txarra, tristezia existentziala, bizirik irauteko delinkuentzia.  Edorta Agirre   «Baietz okerreko bidea aukeratu! », 2006 - 24. orr.

Izendapen urri izan dira pentsamenduaren historian zehar anbiguitate gutxiagokoak.  Piarres Xarriton   «Etika» - Spinoza, 1997 - 7. orr.

Oso bakanetan hitz egiten zuten aita-alabek, eta egokiera urri haietan sartaldeko gari-sail beroak, hegoaldeko lautadak eta basamortu mugarik gabeetako eguzkia zituzten solasgai.  Anjel Lertxundi   «Azkenaz beste», 2005 - 75. orr.

Inguruan zeuden bidaiari zibil urriei galdetu nien ea prest al zeuden prezio bikoitza ordaintzeko.  Juan Kruz Igerabide   «Nire aitaren fusila» - Hiner Saleem, 2004 - 101. orr.

Martxoan eta apirilan arrasto gutxi eta notizi on urri.  Berria - Kirola   2004-06-18

3 (predikatu gisa)

Kanpoan ere urri dira taxiak.  Anjel Lertxundi   «Italia, bizitza hizpide», 2004 - 9. orr.

Apaizak ez dira urri gure artean.  Txillardegi   «Putzu», 1999 - 211. orr.

Senitartea ugaria bada, ondare-zatia ere handiagoa emango zaio; urria bada, txikiagoa.  Elizen arteko biblia   Zen 26,54

Esker ona urri eta erantzukizuna handia.  Andoni Egaña   «Hogeita bina», 2004 - 144. orr.

Dirua urri da Frantzian, eta ugari Holandan.     «Legeen espirituaz II» - Montesquieu, 1999 - 76. orr.

Esan ohi da dirua arrunta dela Frantzian, eta urria Holandan.     «Legeen espirituaz II» - Montesquieu, 1999 - 75. orr.

Ilea urria eta grisa zuen.  Irene Aldasoro   «Dublindarrak» - James Joyce, 1999 - 72. orr.

Egunotan gaixoak ugari baitira eta sendagileak urri.  Josu Zabaleta   «Anne Franken egunkaria» - Anne Frank, 2004 - 232. orr.

Hauxe da araua: urre asko izaten da zilarra urri denean, eta urrea urri izaten da zilar asko denean.     «Legeen espirituaz II» - Montesquieu, 1999 - 74. orr.

Oso urriak izango dira.  Gotzon Garate   «India harrigarria», 2001 - 25. orr.

Nahiko urriak ziren zure ondasunak ni etorri aurretik.  Elizen arteko biblia   Has 30,30

Hain dira urriak nire egunak!  Elizen arteko biblia   Jb 10,20

Txikia eta baliabideetan urria izanagatik, ohiko beste edozein eskolaren itxura zeukan.  Joxerra Garzia   «Kurrin-kurrun vitae», 2004 - 168. orr.

Itxuraz urri eta trakets diren hizkuntzek lehengaia eskaintzen dute kultura landu eta konplexu baterako.  Bernardo Atxaga   «Lekuak», 2005 - 49. orr.

Horixe baita urri dugun gaietako bat.  Agustin Otsoa   «Eraztunen Jauna III» - J.R.R. Tolkien, 2004 - 338. orr.

Izeia edo izei hispaniarra urria den lekuetan, altzifrea, makala, zumarra edo pinua erabiliko dira.  Santiago Iruretagoiena   «Arkitekturaz hamar liburuak» - Vitruvio, 2000 - 570. orr.

Anglonormandiarra arautua zen, hotza, patxadatsua, mugimenduetan zein hitzetan urria.  Karlos Zabala   «Mikel Strogoff» - Jules Verne, 2002 - 30. orr.

Urria keinuz eta hitzez, bazekien geldi-geldirik irauten, soldadua nagusiaren aurrean bezala.  Karlos Zabala   «Mikel Strogoff» - Jules Verne, 2002 - 54. orr.

Ohartzen ziren langile klaseak klase ertainaren oparotasunean zuen partea harrigarriro urria zela.  Iñaki Mendiguren   «Historiaren azterketa II» - A.J. Toynbee, 2000 - 355. orr.

Europar kulturak Espainian zuen eragina egiaz urria zen.  Josu Zabaleta   «Jakintzaren arbola» - Pio Baroja, 2006 - 31. orr.

4 (adizlagun gisa)

Nadia ere luzaro, mutu ez, baina bai hitz alferretan urri agertu zen guztiz.  Karlos Zabala   «Mikel Strogoff» - Jules Verne, 2002 - 282. orr.

Herri eta garai urrunak eta neska lirain urri jantziak.  Aingeru Epaltza   «Rock'n'roll», 2000 - 83. orr.

Izan kontuan urri ereiten duenak urri biltzen duela.  Elizen arteko biblia   2 Ko 9,6

Janariz urri zebiltzan, eta adorez motz.  Aingeru Epaltza   «Mailuaren odola», 2006 - 45. orr.

Urri jan ezan, argal iraun behar dun eta.  Joxan Elosegi   «Durduzaz eta dardaraz» - Amélie Nothomb, 2003 - 87. orr.

Askotan nagusiek jaten ere urri ematen dietela arranguratzen dira.  Gotzon Garate   «India harrigarria», 2001 - 206. orr.

Urri dabiltza, ordea, eta eskean ibili behar dute.  Jose Morales   «Arima hilak» - Nikolai Gogol, 1998 - 513. orr.

Makurturik geundelako, isilpean gindoazela zirudien, baina isiletik eskas eta urri genbiltzan inguru hartan.  Joan Mari Irigoien   «Lur bat haratago», 2000 - 177. orr.

5 (hitz elkartuetan bigarren osagai gisa)

Estatuari hirurehun jopu zintzo, edan-urri eta langile aurkezten badizkiot, [...].  Jose Morales   «Arima hilak» - Nikolai Gogol, 1998 - 378. orr.

Hitz-urria da, izaera itxia dauka eta gazteen artean ez dute askorik maite.  Urtzi Urrutikoetxea   «Zoririk ez» - Imre Kertész, 2003 - 53. orr.

Hantxe gelditzen zen, hitz urri, zergatik etorri zen inoiz ere azaldu gabe.  Karlos Zabala   «Parisen sabela» - Emile Zola, 2004 - 196. orr.

6 urri-urri

Izututa daude mendebaldarrak Ekialdera etortzeko, areago Iranera; horren isla, aspaldi honetan topatu ditudan atzerritar urri-urriak.  Jon Arretxe   «Ekialdeko mamuak», 2003 - 145. orr.

Azido urikoa, gizonaren eta ugaztunen jariakinetan urri-urria, txorien iraizkinen ehuneko 50 dela, eta narrastien iraizkinen ehuneko 90.  Juan Garzia   «Sistema periodikoa» - Primo Levi, 1998 - 238. orr.

Lehenik Iranen urri-urriak diren zibertokietako batera eraman nau.  Jon Arretxe   «Ekialdeko mamuak», 2003 - 106. orr.

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus