Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

Hasiera:

xahutu (orobat xahatu g.er.), xahu(tu), xahutzen 1 du ad ondasunez eta kidekoez mintzatuz, ahitu, gastatu.

Greba bat gertatuz gero, aurreztutako dirua azkar xahutu ohi da langilearen etxean. Xabier Mendiguren Elizegi   «Arbelaren gainean» - 86. orr.

Unibertsitateak, aurrekontuaren zati handiena langileei ordaintzen xahutzen du; %58,8 erabiltzen da egiteko horretarako. Berria - Euskal Herria   2004-12-29

Gero, Errusiako ohiturei jarraiki, oinordeko argalek berehala xahutzen dituzte berriro aitaren ondasun guztiak. Jose Morales   «Arima hilak» - Nikolai Gogol - 31. orr.

Egunetan aritzen zen jokoan, etengabe, dirutza irabazi arte, eta gero dena xahutzen zuen. Pello Lizarralde   «Denak hasperenka» - Gianni Celati - 208. orr.

Ez zela komeni dirua aurreztu edo gordetzea, eta komeniago zela xahutzea, ibiltzea eta erostea. Iñaki Segurola   «Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo» - 187. orr.

AP-1en 48 milioi euro xahutzea leporatu dio EAk Arabako Diputazioari. Berria - Euskal Herria   2004-02-07

Ehun mila libera xahutu omen zituen Zainab anderea lortzearren. Patxi Zubizarreta   «Mirarien kalezuloa» - Nagib Mahfuz - 48. orr.

Dirutza ederrak xahutzen ditu traste arraroen bila. Alberto Ladron Arana   «Eguzki beltzaren sekretua» - 109. orr.

Horretan xahutuko du bildutako dirutzaren erdia. Jose Morales   «Arima hilak» - Nikolai Gogol - 288. orr.

Aitak konturik atera gabe xahutzen zuen dirua. Juan Kruz Igerabide   «Txoria» - Oh Jung-hi - 23. orr.

Azken sosak galtza eta atorra berriak erosten xahutuak zituen. Aingeru Epaltza   «Mailuaren odola» - 57. orr.

Fagorrek miliunak xahutuko ditu adibidez Aviron Bayonnais-ko errubilarien“ sponsor” edo babesle gisa. Herria   2005-11-24

Dena haren ahaideek beren ondasun guztiak xahutu zituzten oturuntza, dantza-bilera eta Paris-aldi sarritan. Juan Garzia   «Sistema periodikoa» - Primo Levi - 34. orr.

Eskoziako whiskitan xahutu, ala? Mirentxu Larrañaga   «Hona hemen gu biok» - Dorothy Parker - 158. orr.

Ezin zuen jasan berrogeita hamar mila libera lau hilabetean xahutu zitzakeela pentsatzea. Karlos Zabala   «Parisen sabela» - Emile Zola - 368. orr.

Azkenean, salatu zidan bere barneko mina: arrats hartan ez zekiela non lo eginen zuen, sos guti zuela, zuen poxia ez nolanahika xahutu nahi. Janbattitt Dirassar   «Bihotzeko mina» - 80. orr.

Lucy eta biok erosketak egitera atera ginen, dirua parrastaka xahutzera. Oskar Arana   «Brooklyngo erokeriak» - Paul Auster - 161. orr.

Batak irabazitakoa partsimoniaz gordetzen duelako eta esku-beteka xahutzen duelako beste batek Iparrak biztanleriaren %25 izanik, bitarteko naturalen %80 xahutu eta hondakinen %75 ekoizten du. Esteban Antxustegi   «Herritarra» - Thomas Hobbes - 173. orr.

Ezein substantziak, nolanahikoa delarik ere, ezin du substantziaren eragile den ongia agortu substantzia bera xahutu gabe. Imanol Unzurrunzaga   «Hainbat idazlan» - San Agustin - 340. orr.

12 direla komuneko ur ponpari sakatzen diogun aldiro honek xahutzen dituen litroak. Iñigo Aranbarri   «Hizlandia» - 202. orr.

Muskuluek zilegi dute birikek eta odol-zirkulazioak banatu dezaketen baino bizkorrago xahutzea oxigenoa. Irene Aldasoro   «Giza gorputza lanean» - John Lenihan - 55. orr.

· Ustelkeriak milaka milioi dolar xahutzen zizkion herriari. Pako Aristi   «Venezuela, iraultza isilaren hitzak» - 85. orr.

2 irud/hed

Hautsontzian xahututa zegoen zigarroa itzali zuen erabat. Bernardo Atxaga   «Soinujolearen semea» - 195. orr.

Dohainak badituzu, baina alferrik xahutzen dituzu. Koro Navarro   «Zortzi kontakizun» - Isaac B. Singer - 112. orr.

Tom Waitsen ahotsa balu, zaude ziur, Truman Capotek ez zukeen bere denbora idazten xahutuko. Harkaitz Cano   «Piano gainean gosaltzen» - 55. orr.

Ahalegin guztiak xahutu zituen neskari eskatuz, arren eta Jainkoaren izenean, isil eta bare zedila. Mirentxu Larrañaga   «Hona hemen gu biok» - Dorothy Parker - 45. orr.

Ametsetan xahutzen zuen bere kemen gehiena. Karlos Zabala   «Parisen sabela» - Emile Zola - 202. orr.

Husainik ez zuen denbora gehiago lausenguetan xahutu nahi izan. Patxi Zubizarreta   «Mirarien kalezuloa» - Nagib Mahfuz - 128. orr.

Ergela nintzela eta ez nuela ezer ulertzen, eta, beraz, alferrikakoa zela arnasa xahutzea niri oihu egiteko. Pello Lizarralde   «Denak hasperenka» - Gianni Celati - 92. orr.

Imajinazioaren eta ekintzaren arteko borroka bat bizi dut, imajinatzen xahutzen dudan indarra gero ekintzan faltako balitzait bezala. Pako Aristi   «Note book» - 129. orr.

Halako abenturetan xahutu eta agortu ditut ene urteak. Juan Garzia   «Ipuin hautatuak» - Jorge Luis Borges - 65. orr.

Giza enda, bada, alferrik eta hutsalki saiatzen da beti eta huskerietan xahutzen du bizitza. Xabier Amuriza   «Gauzen izaeraz» - Lukrezio - 387. orr.

Era miserable horretan galdu eta xahutu zuen bizitza ia bere hogeita bosgarren urtera arte. Askoren artean   «Asisko Frantzizko, Asisko Klara» - 182. orr.

3 garbitu.

Zutitu zen, baxerak eta janari hondarrak bildu eta, mahaia xahutu zuen, trapu busti batez igurtzi, eta zura oihal idor batez dirdirarazi. Elena Touyarou   «Hautsi da katea» - Toti Mtz. de Lecea - 39. orr.

Hondakinak suaren arragoan xahutu eta garbituz gero beste zerbait dira, errauts dira, "bizigai" dira berriro. Joseba Zulaika   «ETAren hautsa» - 146. orr.

Hilabetero desmuntatu eta garbitzen diat [Astra] atalez atal, baita kotoiz xahutu ere ipurdi zilarkara. Aingeru Epaltza   «Rock'n'roll» - 11. orr.

Garbiturik sentitzen zuen bere gogoa, xahuturik. Anton Garikano   «Farorantz» - Virginia Woolf - 119. orr.

Kristinak, ohiz kanpoko gaupasak larruazalean utzitako orban kirastua xahutzeko gonbita luzatu zuelarik, [...]. Aingeru Epaltza   «Rock'n'roll» - 367. orr.

Jakaren mahukaz xahutu zituen begietan behera zetozkion bi malko. Inazio Mujika Iraola   «Gerezi Denbora» - 54. orr.

Etengabeko zartada eta keinada bat-batekoak egiten zituen eskuez, bere sorbalda xahutu eta esterilizatu gaberantz, ukitzeraino iritsi gabe. Xabier Olarra   «Antropologo bat Marten» - Oliver Sacks - 107. orr.

4 hondatu, suntsitu.

Neurri batean, bi aldiz, bizia salbatu didate, apirilean eta ekainean, patarra igan behar nuelarik, brontxitak eta beheitikoak xahutua nengoenean. Marzel Etxehandi   «Alemaniara deportatua» - Grégoire Joannateguy - 77. orr.

Idorra zegoen dena: zimeldua dena: xahutua dena. Anton Garikano   «Farorantz» - Virginia Woolf - 149. orr.

5 (era burutua izenondo gisa)

Oinarri itzelaren kontrahorma formagabe eta xahutuak lautadaren gainetik hiru bat mila oineraino goratzen ziren. Agustin Otsoa   «Eraztunen Jauna III» - J.R.R. Tolkien - 270. orr.

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus