Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

Hasiera:

sai 1 iz hegazti harraparia, handia, mokoa kakoduna eta burua eta lepoa soilak dituena, batez ere abere hilak jaten dituena (Gyps fulvus). ik putre; buzoka.

Zuhaitz iharrak tankaz inarrosaraziz hegaldatzen ziren hogei bat sai, zeru gris hotzean jostatzen miretsi zituen Agatak. Itxaro Borda   «Zeruetako erresuma» - 226. orr.

Saia ez da ehiztaria; ez dauka horretarako atzapar, moko, hegada egokirik. Jon Alonso   «Erretzaileen eremua» - 127. orr.

Mina hasi zitzaion, pixkanaka, gorputzaren atalez atal sai talde bat haragiari tiraka hasi balitzaio bezala. Pako Aristi   «Urregilearen orduak» - 339. orr.

Sai baten begia zuen: begi urdin argi bat, ganduak lausotua. Koro Navarro   «Kontakizunak» - Edgar Allan Poe - 87. orr.

Saiek habia nola egiten duten, eta txita nola jaiotzen den ikusi ahal izanen dugu hemendik aurrera. Berria - Euskal Herria   2004-12-29

Saien harrapakin izango da, badaki ilunpea duela bere zoria. Elizen arteko biblia   Jb 15,23

Gero artadian utzi zuten zakur bat bezala hilik, putre eta saien bazka. Felipe Juaristi   «Itzarri nahi ez zuen printzesa» - 191. orr.

Gero, saien hegaldi biribila izanen da zeruan hauteman ahalko den bakarra. Xabier Montoia   «Elektrika» - 88. orr.

Mirua eta mota guztietako saiak.   - 0. orr.

2 (izenondoekin)

Euskal Herrian gaindi aurki ditaizken bost abere mota nahi izan dauzkigu aurkeztu: pottokak, saiak (sai arrea, ugatza, sai zuria), manex buru beltzak, urtxoak eta betizuak. Herria   2003-07-24

Erakusketa huntan, bost xori harrapari zaizkigu nagusiki erakutsiak: ugatza, sai-arrea, sai xuria, miru gorria eta erroia. Herria   2004-03-11

Buruz dakit, esaterako, etxe atzeko amildegiko zirrikituetan sai zuriak habia egiten duela. Jon Alonso   «Erretzaileen eremua» - 119. orr.

Bedatsean, sai xuria agertzean, behiak larratzeko bidea erakusten omen duelakotz. Patziku Perurena   «Harrizko pareta erdiurratuak» - 87. orr.

Ordutik hona, sai arrea pasatu zen desagertzeko zorian zegoen espeziea izatetik hazten ari zen dezenteko populazio egonkorra izatera. Jon Alonso   «Erretzaileen eremua» - 131. orr.

Idatzederrek eskuetan zuen luma ez zen antzara batena... bai ordea, sai gorri batena! Berria - Kultura   2004-07-27

Begi zorrotzeko sai beltza sarraskitan irten da. Sonia Gonzalez   «Ugerra eta kedarra» - 19. orr.

Ulises eta bere lagunak, berriz, haien atzetik kolpeka zebiltzan, sai erpe-okerrak harrapakinarekin bezala. Juan Kruz Igerabide   «Ulises» - Homero - 170. orr.

Herbertek ezin jasan zezakeena zopiloteak ziren; bizirik gauden bitartean ezer egiten ez badigute ere: kiratsa darie, besterik ere ezin espero sai sarraskijale batzuengandik. Joxe Austin Arrieta   «Homo Faber» - Max Frisch - 72. orr.

3 irud/hed

Futbolaren inguruan dauden sai begiluze asko Osasunari begira egongo dira. Ama Benita ondoan zeukala eta konponduko zirela biak sai haiei guztiei bizkar emateko. Berria - Kirola   2006-03-21

Gero, nola ez, holako lanak estimatzeko dauden erakunde ofizialak dauzkagu: kultur saiak, udal beleak, [...]. Patziku Perurena   «Trapuan pupua» - 21. orr.

4 (hitz elkartuetan lehen osagai gisa)

Saiak dauden herrialde guztietan haren eretzeko sinesteak izan dira, nabarmenenak Egiptokoak, Faraonak bere burukoan, sai burua zekarrelako. Patziku Perurena   «Harrizko pareta erdiurratuak» - 90. orr.

Sugea edo azkazala edo sustraia edo sai-atzaparra, ez du axola handirik. Monika Etxebarria   «Goragalea» - Jean Paul Sartre - 213. orr.

Harik eta, azkenean, izpi mehe bakar bat, armiarma baten haria bezalakoxea, irekiduratik atera eta sai begia bete-betean jo zuen arte. Koro Navarro   «Kontakizunak» - Edgar Allan Poe - 90. orr.

Sai hezürrezko txürülak. Herria   2001-04-05

5 (hitz elkartuetan bigarren osagai gisa)

Hango ikusteko ederrenak hango kanpo zabalak ziren, zernahi ardi ikusi ditugu bazter orotan, eta ere Huanaco basa zernahi, eta mortu-sai iduriak ere frango polliki, desertuko xoriak arras haundiak. Herria   2005-07-28

hitz multzoen maiztasunak (gutxienez 3 aldiz agertzen direnak)

sai arrea (4)

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus