Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

papo1 1 iz paparra, bularraren goialdea; bularra.

Papoan behera, titi buruak zipriztinduz, isuri zuria ketan hedatzen sumatu zuenean, Txokok nagusiaren aterpe sekretutik ihes egin zuen.  Itxaro Borda   «Hiruko», 2003 - 40. orr.

Behatzak gorri saminez tindatuak, papoa frango zabalik, galtza koloretsu batzuk gerrian tinki-tinki ezarriak.  Janbattitt Dirassar   «Bihotzeko mina», 1997 - 46. orr.

La Sarrietteren fularra askatu zen guztiz; papoa agerian zuen, bizia eta maitagarria, ahoa heze, sudur zuloak arrosa.  Karlos Zabala   «Parisen sabela» - Emile Zola, 2004 - 401. orr.

Soa emaztearen papoan iltzatua zebilkidan baina nigan, herioaren hurbilak desira oro ezabatzen zuen.  Itxaro Borda   «Entre les loups cruels», 2001 - 178. orr.

Gehienak erdi biluziak, ixterrak eta papoa dena ageritan.  Janbattitt Dirassar   «Bihotzeko mina», 1997 - 101. orr.

Ene baitan egin nuen, neska hori, burua gora eta papoa harro, ez zela trufa eta espantu baizik!  Janbattitt Dirassar   «Bihotzeko mina», 1997 - 39. orr.

Lehenik burua ongi busti nuen, gero hiruzpalau aldiz itzulikatu nintzen ur irakituaren azpian, bizkarra, papoa, hots gorputzaren xoko-moko guztiak behar bezala zipatuz.  Daniel Landart   «Anaiaren azken hitza», 1999 - 48. orr.

Papoa hanpaturik eskatu nion tabakoa Txatori.  Koldo Izagirre   «Sua nahi, Mr. Churchil?», 2005 - 165. orr.

Zeldara sartu nintzenean, bihotza alegera nuen, punpaka ari ene papoan.  Filipe Bidart   «Bakartasunaz bi hitz», 2004 - 84. orr.

Adineko zenbait ikusi ditut medaila papoan.  Piarres Aintziart   «Azken apeza», 2005 - 64. orr.

Euskara dakiten erizain eta medikuek papoan dakarte hitzño hau: "Nerekin euskaraz mintza zaitezke".  Herria   2002-12-26

Adinean hara joandako Louiseren anaia, besoak papoan gurutze, ezkaratzeko bortan azaldu zen.  Itxaro Borda   «Zeruetako erresuma», 2005 - 225. orr.

Alderdietako buruzagien erdian, auzapezek xingola trikolorea zeramaten papoan zehar.  Itxaro Borda   «Hiruko», 2003 - 59. orr.

Behin lamin bat joan zen Kiteriainera eta galdu zuen papoko orratza.  Angel Aintziburu / Jean Baptiste Etxarren   «Luzaiden gaindi», 2002 - 164. orr.

2 (hegaztietan-eta) ik papar 4.

Txantxangorrien irudi-arduradunak ukatu egin du, guztiz ukatu ere, txantxangorriek papoan daramaten odol arrastoak txepetxen hilketekin zerikusirik duelakoa.  Joxerra Garzia   «Egonean doazen geziak», 2000 - 76. orr.

Sator kolorezko hogeita hiru uso xumeek burua papo eta hegalaren beroan gordea dute.  Aurelia Arkotxa   «Septentrio», 2001 - 127. orr.

Zimenduzko teilatu grisean arra, papoa hanpatuz, emearen inguruan urrumaka badabila.  Aurelia Arkotxa   «Septentrio», 2001 - 125. orr.

3 (hitz elkartuetan lehen osagai gisa, elkarketak izenondo balioa duela)

Kaian, emazte larri, papo-handi batzuk arrain-saltzale zeuden, dena oihu eta irri, solasa nasai bezain gizen! ahate beltz papo argiak zirristaka ur gainetik.  Janbattitt Dirassar   «Bihotzeko mina», 1997 - 57. orr.

Hasiera batean uso emeei segika dabilzkien uso ar papo puztuez oroitu nintzen.  Patxi Zubizarreta   «Pospolo kaxa bat bezala», 2005 - 156. orr.

4 paparoa.

Kamar Al-Saman, izularriturik, txoriaren gorpuzkietara inguratu, eta haren papo barnean zerbaiten dirdai berezia ikusi zuen.  Patxi Zubizarreta   «Mila gau eta bat gehiago» - Anonimoa, 2002 - 147. orr.

Papoa labanaz zabaldu dio eta, han zer topatuko, eta Budurren kateorratzeko harribitxi gorria!  Patxi Zubizarreta   «Mila gau eta bat gehiago» - Anonimoa, 2002 - 147. orr.

5 masaila.

Gure galdera eta adar-jotze lotsagabeekin haserretzen genuenean, begizta estutzen zuen urduri, eta aurpegi berez zuri hartan, papoek anpolaiak ematen zuten.  Anjel Lertxundi   «Ihes betea», 2006 - 66. orr.

Negarrez hasteko zorian zegoela ematen zuen, papoak gorri-gorri zeuzkan.  Anjel Lertxundi   «Ihes betea», 2006 - 71. orr.

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus