Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

NON DAGO BASQUES’ HARBOUR ETA BESTE MADARIKAZIO BATZUK (1997)

Koldo Izagirre
Asier Barandiaran

Ez da galdera bat, ez du erantzunik behar, ez dabil portu bila… halaxe diosku egileak “Non dago Basques’ Harbour” izenburuko galdera dela-eta. Azken poeman argitzen digu hori. Ordura arte, liburuaren izenburua baino ez dugu eskuartean. Euskal itsas portu baten inguruan arituko dela iragartzen zaigu… beste hizkuntza bat ere ageri da, ingelesa, egilearen beraren txikitako Pasaiako portuan gertatzen zen moduan: hamaika herrialdetako marinelak eta langileak aritzen ziren han, batera eta bestera, bakoitzak bere istorioak, bere hizkuntza eta bere kultura aldean zeramatzala. “Basques’ habour”, bestalde, munduan zehar ezaguna den formula da, euskal arrantzale eta marinelek testigantza ugari utzi baitzuten han-hor-hemen, munduko hainbat bazter eta portutan. “Rue des Basques” delako asko ere ba omen dira munduan:

Inoiz porturen bat jotzen baduzu

Beti zabalduko zaizu

Munduko edozein portutan aurkituko duzu

Rue des Basques bat

Ahatz ez dezazun ez zarela

Ziega hartan sartu zinen lehena […] (Izagirre 1997: 120).

Koldo Izagirrek Pasaia bezalako portu handi eta aspaldi industrializatutako bat gune poetiko ere izan daitekeela erakusten digu. Egilearen sormen poetikorako txinparta, behintzat, badela bistan da; Gabriel Arestiren miresle izateak zer edo zer aportatu dio.

Esanguratsuak dira, baita ere, Izagirrek poemetarako aukeratu dituen izenburuak: “Umea zegoen eta” eta “Ume goiztua”, kasurako. Ume baten begirada berreskuratu nahi  duela iragartzen zaigu, eta poemak irakurtzerakoan frogatu egiten da. Hirugarren titulua: “Hodeipeko oroimena” da. Izan ere, garai bateko hainbat bizipen, esperientzia eta deskubrimentu desereso ekartzen ditu gogora egileak, modu estilizatuan. Zenbaitek eraiki nahi omen zuten edo duten euskal nortasunarendako, adibidez, badira errealitate deserosoak:

Bonantzako eliza zaharrean zeuden gordeak

Gure traineruak Donostian irabazitako piperpoto guztiak

Onenak ginen itsas harroan eta herrian genuen

Francok eskua maizena emana zion patroia (Izagirre 1997: 17)

Baina baita orduko “ordena” zaindu nahi zutenendako ere, gauza bera baziren errealitate deseroso edo ixildu beharrekoak:

— Bafore gorria heldu duk!.

Umeak ez daki zergatik daukan

Izen espainola ontzi errusiarrak

Eta José Díazen akordurik dutenek

Ahapetik egiten dute hitz

División Azulen bolondres ibilitakoa da amanterua (Izagirre 1997: 19)

Izan ere, “Komunismoaren berri” (beste izenburu bat) izatea bera nahiko deserosoa ei zen Koldo Izagirreren umezaroan.

“Portukoplak” delako izenburuak, berriz, liburu honen beste ezaugarri formal baten berri iragartzen digu: koplarekiko, bertsolaritzaren neurri berezi horrekiko, Koldo Izagirrek duen jaidura. Neurriak, errimak eta erritmoak oraindik garrantzia duten olerkigintza ez dauka saltzeko. Puntu biko eta hiruko koplak liburuan zehar estrategikoki agertzen dira. Portua baldin bada mundurako atea, lehengo adierazpide eta tradizioarekiko babeslekua ere bada, eta tradizio horren tresna batez baliaturik (koplaz baliaturik, alegia), “aberriaren” berri ematen digu:

Zazpi bandera  zazpi mintzaje

Nire aberri bakarra

Zazpi bandera zazpi mintzaje

Nire aberri nabarra

Portuak beti digu amore

Kaian urtzen da aparra. (Izagirre 1997: 25)

Poemok, beraz, poesiaren jatorrizko izaerarantz jotzen dute, non hitzen esanahiak eta hitzen sonoritateak bat egiten duten. Errezitatzeko edo ozen esateko guraria sortzen da poemok irakurtzerakoan: “Gaiak eta sentimenduak alde batera utziz, betidanik hunkitu nauena Izagirreren poesian, bere musikalitatea da. Askotan pentsatu izan dut, Izagirreren poemak irakurtzeko baino entzuteko direla” (Fernández 1997).

Poemek ez ezik, liburu honetako atalek ere badute izenburu bana. Lehenengo atalaren izenburua “Portuan ume” dugu, 9 poemek osatzen dutena. Bigarren atalak “Liburuak leiho” dauka izenburu. Portuari lotutako istorioak, gehienak liburu “debekatuetan” irakurriak, mundurako leihoak bezala antzemanten zaizkigu atal honetako poemetan, batez ere, Gerra Zibileko garaietara garamatzatenak, nahiz eta poetaren garaikideak ziren umeentzat piraten istorioak bezain urrutiko eta exotikoak ziren (Seven Seas Spray ontzi pirata bateni zena/ iduritzen ziao umeari et ahala izaten ahal zen […]). Hirugarren atalak, berriz, “Ontzia metafora” du izenburutzat. Umezaroko oroitzapenak ez ezik, itsasoari lotutako istorio eta gertaerak dira, batzuk oso aspaldikoak… gure “nortasunaren” edo gure joeren metafora eurak ere. “Geltoki ondoko etxea” delako atalean lehorreko istorioak iradokitzen dira, itsas-bazterreko herri batekoak betiere, bizitzaren alegoria bailiran. “Günterren malura” delakoan itsasoarekin XX. mendean zehar izandako gerren kontuak aipu dira, tartean II. Munduko Gerra. “Günter” pertsonaia bera, berriro ere deserosoa da: Nazional Sozialismoaren kultur politikaren alde lan egin zuen, nahiz eta, berak aitortu zuenez, bizimodua ziurtatzeko baino ez, eta inola ere ez bere ideologia zuztatzeko. Gerraren ostean, berriz, nazismoak usteldutako hizkuntza “berreskuratzen”, “garbitzen” eta “berreraikitzen” ahalegindu zen, mundu hartatik irteera halako bat eratuz poesiaren bidez, Gruppe 47 izeneko poeta eta idazleen taldeko kide bilakatuz.

“Moniqueren aroa” izenburudun ataleko hamar poemek –aurreko atalekoek bezala– ez dute izenbururik: zenbaturik baino ez daude. Emakume izena dugu Monique. Maitasun, amodio eta amorearen mugetan ari dira olerkiok, istorio kriptikoak dira, Europako zenbait hiriburu eta itsasoko hainbat elementu sinboliko ageri dituztenak. Agian (batez ere), atal honi erreparatu dio Felipe Juaristik hauxe dionean: “Poema liburu hau bi zatitan banatuko nuke.[…] Bigarrenean, istorioak kontatu beharrean, sentimentuak deklaratzen dizkigu poetak” (Juaristi, 1997). Baina sentimentuok portuko alkitranak kutsatuta ageri zaizkigu (“Nire maitasuna/ ez da inoiz garbia izan/ Nire maitasuna sasikoa da […]), urpekontzi hondoratuek eragindakoa agian, eta orduan poetaren kantu tristea bere biluztasuna agerian utziko duen bengala gorri bat izango da lanbroan.

“Itsasoa ez da neutrala” dugu hurrengo atala, eta bertan mugarririk aurkituko ez dugun arren, mugak eta aberria bezalako kontzeptuak agertuko zaizkigu. Itsasoa ez da neutrala, eta horregatik poesia hartzen du bere alegoriazko altzoan:

Poesia arriskutsua da

Orratzaren zuhurtzia baino bortitzagoa  da

Esangurak ongi estibatu gabe ontziratzen gaitu

Eta galernak badaki (Izagirre 1997: 99).

Inperioak, gerlaontziak, konkistak eta bestelakoak ageri dira, izenburuak gaztigatzen duen bezala. Horregatik, itxaropenaren ordez, ironia eta zinismoa ditugu nagusi:

Ez ezazuela ezetz esan

Oraindik badago mundu honetan zapaldu gabeko uharte bat

Inor ez da handik itzuli hori da froga

Gure zain zabal etzana

Urrun (Izagirre 1997: 98).

Azken atalaren izenburuak ere azpiko esanahi bat ematen digu aditzera. “Umearen heriotza” delakoak heriotza metaforiko bat jakinarazten digu: umezaroko mundu utopiko eta itxaropentsua atzean uzten du egileak, madarikazio batek eraginda, “Basques’ Barbour” delakoaren atzetik betirako bilaketara kondenatua dago, klabe politikoan ere ulertzen ahal den pausaleku baten bila dabil akaso (Rojo 1997).

Garai batean portua izan zen poetaren “aberri bakarra”. Gerora “aberri guztiez biluzik” aritzeko gonbitea sentitu zuen. Azkenik, bere barreneko “umearen heriotzaren” ondoren, aberri hori gabe ere gelditu da (“Hemen ez nau inork maite”) eta badoa, abiatu egin behar baitu munduan zehar, itsasoan barrena edo lehorrean oinak pausatuta, madarikazio batek zirikaturik, baina betiere “itsasketa hau jarraituta”.

Haurtzaro eta nerabezaroan ikusi eta ikasitakoa poesiaren galbahetik pasatzen ahalegintzen da egilea, bai eta lortu ere. Inflexio puntua dugu liburu hau Izagirreren ibilbide poetikoan, zenbaiten ustez. Izan ere, aurreko poesia-liburua idatzi zuenetik zortzi urte paseak ziren (Fernández, 1997) eta garai edo tematika bati akabera ematen dio. Bizitzaren misterioetan, Frankismoaren garaietan ixildutako pertsonaien aipamenetan (José Díaz, Yuri Gagarin…), ahots anitzetako giroan aurkitzen du Koldo Izagirrek gertuko eta urrutiko munduak ulertzeko edo ulertzen hasteko gakoa.

BIBLIOGRAFIA

ALDEKOA, Iñaki (2004):  Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia.

FERNÁNDEZ, José Javier (1997): “Faro segak” in Euskaldunon Egunkaria. 1997-05-31.

IZAGIRRE, Koldo (1997): Non dago Basques’ Harbour eta beste madarikazio batzuk. Susa. Zarautz.

JUARISTI, Felipe (1997): “Urpekariarena” in El Diario Vasco. 1997-05-17.

ROJO, Javier (1997): “Pausaleku bila” in El Correo. 1997-08-28.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus